Automatizazio adimenduna. Zer da eta nola atera diezaiokegu etekinik handiena?

Automatizazio adimenduna. Zer da eta nola atera diezaiokegu etekinik handiena?

3 min.

Automatizazio adimenduna. Zer da eta nola atera diezaiokegu etekinik handiena?

Enpresa batek, eraldaketa digitalerako prozesuari ekiten dionean, aldaketa ugari egin behar ditu gestio-sisteman eta lan egiteko moduan. Automatizazio adimenduna deritzon prozesuak ahalbidetuko ditu aldaketa horiek. Berez ez da prozesu bat, zenbait teknologiaren batuketa baizik. Teknologia horiei esker, enpresak aurrera egingo du errealitate digitalerako bidean.

Zer da eta zer teknologia erabiltzen ditu?

Orduan, zer da automatizazio adimenduna? Enpresa-prozesu guztien gestio automatizatua da: ekipamenduak interkonektatuta daude eta elkarren artean komunikatzen dira lana optimizatu eta efizientzia areagotzeko. Helburua enpresa bateko departamentu guztiak digitalki interkonektatzea da, gestio administratibotik produkziora, eta, horretarako, funtsean lau teknologia erabiltzen ditu: BPM, RPA, Adimen artifiziala eta Sistemen integrazioa.

  • Business Process Management (BPM). BPM delakoa enpresa-softwarea da, eta zenbait prozesu automatizatzeko aukera ematen du, besteak beste, giza baliabideak eta kalitate-kontrola. Beste tresna batzuekin integra daiteke, hala nola enpresa-baliabideen plangintza-sistemekin (ERP) eta bezeroekiko harremanak gestionatzeko sistemekin.
  • Robotic Process Automation (RPA). Prozesuen Automatizazio Robotikoa deritzon gestio-programak balio gutxi eransten duten eginkizun errepikakorrak egin ditzake, baita administraziokoak ere, eta, hala, eskulana kualifikazio handiagoko beste lan batzuetara bideratu daiteke. Bot horiek zeregin zehatzak egin ditzakete, datu jakin batzuk eta jardunbideak finkatuta. Halaber, adimen artifizialeko tresnen bidez teknologia kognitiboak ikas ditzakete, eta egoera batzuetan modu autonomoan erantzuteko erabili. RPA teknologiak giza akatsak gutxitu eta efizientzia areagotzen laguntzen du.
  • Adimen artifiziala. Adimen artifiziala automatizazio adimendunaren paradigma da. Tresna horren bidez, makinak ikasi eta giza adimena ordezkatu egin dezake enpresa- edo industria-lan jakin batzuk egiten eta erabakiak hartzen. Adimen artifiziala gai da ikasteko, datuak masiboki atzituz eta algoritmoak konfiguratuz; horiek interpretatzeko entrenatu egiten da eta, horrela, zeregin zehatz bat eraginkortasunez bete dezake. Beraz, Adimen Artifizialeko sistemak funtzionamendu-patroietan dauden salbuespenak antzemateko gai dira.
  • Sistemen integrazioa. Teknologia guztiak, departamentuak eta lantaldeak prozedura bakar batean biltzen dituen ingeniaritza-prozesua da. Produktibitatea handitzea eta enpresa-helburuak lortzea ahalbidetzen du.

Gakoak

Baina, nola atera diezaiokegu etekinik handiena automatizazio adimendunari? Lehenik eta behin, enpresa batek prozesu horri heltzen dionean kontuan izan behar du ez duela teknologia-inbertsio huts bat egingo, gestio-eredua goitik behera aldatu baizik. Horregatik, prest egon behar du oinarrizko eredu operatiboak zalantzan jarri eta gestio-modu berriei ateak irekitzeko. Prozesuak arrakasta izan dezan, ikuspegi estrategikoa eta lidergorako gaitasuna duen pertsona batek bideratu beharko du. Pertsona horrek gai izan behar du sistema berriaren abantailak plantillari ulertarazteko. Horrelako prozesuetan, parte-hartzea izaten da arrakastaren gakoetako bat. Horregatik, ahalik eta pertsona gehienen inplikazioa behar da, batez ere egokitzeko gaitasun handiena duten horiena. Era berean, murgiltze-estrategia horrek erresilientzia-gaitasun nabarmena eskatzen du, plantillaren teknologia-trebetasunen gabezia arintze aldera, eta, horretarako, pertsonek modu sortzailean eta porrot egiteko beldurrik gabe jardun behar dute. Emaitzak oso azkar izango dira agerikoak.

Automatizazio adimendunaren abantailak eta erronkak

Gaur egun, eraldaketa digitala nahitaezkoa da efizientzia eta produktibitatea hobetu nahi duten enpresa-erakundeentzat. Hala ere, gehienetan, prozesua ezin da modu integralean aurrera eraman, eta zatika ekin behar izaten zaio, enpresentzat egingarria izan dadin bai ikuspegi ekonomikotik eta bai gestioaren aldetik. Automatizazio adimendunak abantaila ugari dakartza lehiakortasunari, kontrolari, eraginkortasunari eta gestioari begira. Horien artean daude:

  • Sistemen integrazioari esker, eragiketen errendimendua handitu egiten da.
  • Datu eta informazio garrantzitsua denbora errealean eskuratzen da, eta horrek arindu egiten du erabakiak hartzea.
  • Operazio-kostuak murriztu eta errentagarritasuna handitu egiten ditu.
  • Produktibitatea handitu egiten du.
  • Lan-jarduerarik eza gutxitu egiten du.
  • Mantentze-lanak eta arazoen ebazpena bizkortu egiten ditu.
  • Etorkizunean teknologia berriak integratzea errazten du.

Nolanahi ere, prozesuak erronka batzuei aurre egin beharra ere badakar:

  • Enpresaren funtzionamendu-paradigma aldatu behar da.
  • Zereginak berrantolatu egin behar dira.
  • Langileak berrantolatu, prozesuan inplikatu eta trebatu egin behar dira.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Segurtasun informatikoa