Elkarrizketa-merkataritza: arreta pertsonalizatua eskaintzen duen onlineko salmenta

Elkarrizketa-merkataritza: arreta pertsonalizatua eskaintzen duen onlineko salmenta

3 min.

Elkarrizketa-merkataritza: arreta pertsonalizatua eskaintzen duen onlineko salmenta

Ahots bidezko laguntzaileak astiro zabaldu dira gure bizitzetan sartu zirenetik, etenik gabe ordea: azken urteetan, elkarrizketa-interfazeek gero eta zehaztasun handiagoa lortu dute, eta, horri esker, modu arin eta batez ere erosoagoan elkarreragin dezakegu horiekin.

Logikoa den moduan, erosotasun eta zehaztasun horiek ez dira oharkabean igaro retail sektorearentzat, eta dagoeneko indar handiz ezarri du c-commerce deitzen hasi dena, hau da, elkarrizketa-merkataritza.

Kontzeptu horrek marka baten eta bezeroaren artean denbora errealean gertatzen den mezularitza-aplikazio bidezko transakzio-mota oro adierazten du, zeinean elkarreragina izaten baita chatbot deiturikoekin, adimen artifizialarekin eta baita benetako pertsonekin ere. Formula hori oso konbinazio interesgarria da online salmentarako, elkarrekin nahasten baititu iradokizun pertsonalizatuak eta onlineko erosketaren erraztasuna eta berehalakotasuna. Horrela, bezeroek behar dutena aurki dezakete, denborarik galdu gabe saltoki elektroniko edo webgune batean produktu bati buruzko informazio espezifikoa bilatuz. Aipatutako c-commerce horrek bezero potentzialekin jarduten du laguntza eta gomendio pertsonalizatuak eskaintzeko, epe luzera bezeroarekin duen harremana sendotuz.

Elkarrizketa-merkataritzaren garrantzia

Merkataritza-mota hori oso garrantzitsua da; izan ere, giza interakzioak eskaintzen duen goxotasunarekin konpentsatzen du ohiko onlineko saltokien hoztasuna. Nola? Elkarrizketaren bidez, elkarrizketa erabiltzen baitu enpresaren eta bezeroen arteko harremanaren ardatz gisa, teknologiaren eta adimen artifizialaren laguntzarekin. Horrela, enpresek beren bezeroekin elkarreragin dezakete mezularitza-plataformen bidez, eta erabateko erosketa eskain diezaiekete, sinplea eta intuitiboa.

Nola funtzionatzen du

Oso erraza da. Gehienetan, enpresek beren marketin-kanalak edo web-orriak erabiltzen dituzte ekintzarako botoi bat txertatzeko. Botoi horren gainean sakatzean, bat-bateko mezularitza-kanal bat irekitzen dugu, markarekin hitz egiteko. Normalean, chatbot bat izaten da, eta nola lagun diezagukeen galdetzen digu.

Horren ondoren, laguntzaile birtual batekin (Siri edo Alexa bezalako bat) hitz egiten arituko bagina bezala, bilatzen dugunari buruzko ahozko argibide batzuk bakarrik eman beharko dizkiogu. Adimen artifizialari esker, chatbotak gure lehentasunak identifikatuko ditu, bere datu-basean dituen produktuen katalogoan bilatuko du eta bilatzen dugun horretara gehien hurbiltzen den erosketa-proposamena eskainiko digu. Emaitza gure gailuaren pantailan dugula, «erosi» gainean sakatu behar dugu, besterik gabe.

Elkarrizketa-merkataritzaren abantailak

Ikus dezakezun moduan, merkataritza-mota horrek abantaila asko ditu zure enpresarentzat, honako hauek, adibidez:

  • Erosketa-prozesu azkarragoak eta eraginkorragoak lortzen ditu. Sistema horren bidez, erosketa bat egiteko beharrezkoak diren urratsak sinplifikatzen dira, ekintza guztiak plataforman zentralizatuta geratzen baitira: kontsultetatik ordainbideraino.
  • Automatizazioa eta eskalagarritasuna eskaintzen ditu. Chatbotak 24/7 irtenbideak dira, eta gero eta eraginkorragoak dira horrelako transakzioei erantzuteko. Elkarrizketa bidezko robot horiek bezeroen arreta erakarri eta salmenta-prozesuan modu arinagoan gidatzen laguntzen dute. Gainera, software-modalitate horri esker aldi berean erantzun dakieke hainbat pertsonari, eta beraz, salmenta-prozesuak ere ugaritu egin daitezke.
  • Informazio baliotsua lortzeko aukera ematen du. Teknologia hori salmenta-prozesuan txertatzean, informazio oso baliotsua lortzen dugu gure bezeroei eta haien gustuei eta beharrei buruz, besteak beste. Horrela, enpresek are gehiago pertsonaliza dezakete etorkizuneko arreta.
  • Erosketa-esperientzia goxoagoa eskaintzen du. Gaur egungo elkarrizketa-teknologiak gero eta erantzun gizatiarragoak, arinagoak eta pertsonalizatuagoak eskain ditzake, online saltoki klasikoen hoztasuna konpentsatzeko.
  • Inbertsioaren itzulera eraginkorra. Horrelako irtenbideetan enpresek nolabaiteko inbertsioa egin behar dute, baina inbertsioaren itzulera eraginkorra da epe labur eta ertainera. iAdvize aholkularitza-enpresak emandako datuen arabera, merkataritza tradizionalaren kasuan % 40koa da konbertsio-tasa, eta online merkataritzaren kasuan, berriz, tasa hori nabarmen jaisten da, % 3ra arte. Eta bi datu horien aurrean, elkarrizketa-merkataritzaren batez besteko konbertsio-tasa % 20koa da.

Mundu osoko adibideak

Hainbat eta hainbat enpresak txertatu dute elkarrizketa-merkataritza beren salmenta-estrategietara. Horietako bat Usaflex da, Brasilgo oinetako-fabrikatzaile bat. Usaflex bideoak eta QR kodeak erabiltzen hasi zen bere marketin-kanpainetan, eta horiek hurbilen zegoen dendaren WhatsApp kanalera bideratzen zuten bezeroa. Bere c-commerce estrategia martxan jarri zuenetik, astebetetik beherako epean, 40.000 pertsona hasi ziren tresna hori erabiltzen.

Horrelako beste adibide bat Freeport arropa-markak garatutakoa da. Enpresa horrek Sara izeneko laguntzaile birtuala jarri zuen martxan, eta Sarak adimen artifiziala erabiltzen du kontsultei berehala erantzuteko eta bere online dendako produktu jakin bat aurkitzeko.

Adibide horiek argi eta garbi islatzen dute elkarrizketa-merkataritzak gero eta balio handiagoa duela salmenta-tresna gisa, enpresa askoren kanal-aniztasunaren aldeko apustuaren baitan.


Zein da zure erreakzioa?