Nola eman alta online autonomoen erregimenean
2014-11-21
Nola eman alta online autonomoen erregimenean
Paperak, baimenak, altak edo bajak izapidetzea, itxaron gabe eta ilaran jarri gabe. Aukera bikaina dirudiena gero eta eskuragarriago dugu Administrazioak eskaintzen dituen online baliabideei esker. Izan ere, dagoeneko, hainbat izapide bulego fisiko batera joan beharrik gabe burutu ditzakegu, langile autonomo gisa alta ematea, esaterako. Pausoz pauso azalduko dugu hori nola egiten den, prozesuak konplexutasun teknikoak baititu, gure laneko egunerokoa erraztea xede badu ere.
Aldez aurreko betekizunak
Administrazioko edozein izapide online egin ahal izateko ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa eduki beharko dugu.
Ziurtagiri digitala:
- Zer den: Fitxategi bat da, eta ordenagailuan instalatuz gero, geure burua identifikatzeko, Administrazio Publikoaren orrialdeetan zehar modu seguruan nabigatzeko eta, batez ere, elektronikoki sinatzeko balio du. Sinadura elektronikoa nahitaezkoa da autonomoen erregimenean alta online emateko.
- Nola eskuratu: Ziurtagiria Espainiako Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrikak (Fábrica Nacional de Moneda y Timbre - FMNT) ematen du hainbat euskarritan (usb diskoan gordetzeko fitxategia, txartela, Android aplikazioa, etab.). Erakundearen webean azaltzen diren jarraibideekin online eska dezakegun arren, bulego fisiko batera joan beharko gara geure nortasuna egiazta dezaten. Geure burua bulegoan identifikatu eta bi ordu inguru igaro ondoren, etxera itzuli eta ziurtagiria behera kargatzen has gaitezke, online inprimaki baten bidez. Segurtasun-arrazoiak medio horrela egin beharra dago, izan ere, artxibo hori NAN digitalaren parekoa baita.
- Nola instalatu: Ziurtagiria lortu eta gero nabigatzailean instalatu behar dugu. Sistema eragile guztietan erabilgarria dela badiote ere, egia esan, Windowsetik kanpora arazo asko eman ohi ditu. Horregatik, Explorer nabigatzailea eta Windows sistema eragilea erabiltzea gomendatzen dugu. FNMTren webgunean ziurtagiria behera kargatzeari eta instalatzeari buruzko zalantzen eta ohiko galderen zerrenda osatua aurkituko dugu. Tamalez, webgune honetan askotan gertatzen den bezala, gaztelaniaz soilik.
- Zer den: Gaur egun ematen diren NAN guztiek txipa dute eta horri esker izapide elektronikoetan erabil daitezke. Alta ematea eta gakoa jartzea nahikoa izango da erabiltzen hasteko.
- Nola egiten den: Polizia-etxean egiten dute, baina ez da aldez aurreko hitzordurik eskatu behar horretarako, NANa berritzeko edo berria eskatzeko egiten den moduan. Izapide hori makina-bidez burutzen da. NANa bertan sartu, hatz-marka hartu eta zuzenean gakoa aukeratu behar da (garrantzitsua da pasahitza segurua izatea -ez dadila inork erraz asmatzeko modukoa izan- eta guk ondo gogoratzea, ahazten badugu berriro ere polizia-etxera joan beharko garelako berritzera).
- Nola erabili: NANe eskuetan dugula eta gakoa jakinda, NAN irakurgailua beharko dugu ordenagailura lotzeko. Edozein informatika-dendatan edo saltoki handietan eros daiteke, 20 € inguruko prezioan.
- Ohar garrantzitsua Mac ordenagailuen erabiltzaileentzat: NAN irakurgailuek Windows sistema eragilean eta Macen funtzionatzen dute, baina sinadura elektronikoa eskatzen duten Administrazioko orrialde askok ez dute Appleren gailuekin funtzionatzen; beraz, litekeena da Windows sistema eragilea duen ordenagailuren bat bilatu behar izatea. Izan ere, Administrazioaren orrialdeak nahiko zaharrak direnez, sistema eragile berriegia ez duen ordenagailua erabiltzea da onena (Windows 7), baita antzeko nabigatzailea (Explorer 9) eta Java bertsioa (Java 6) ere.
Autonomoen erregimenean online alta ematea
Elektronikoki geure burua identifikatzeko moduan gaudenean, autonomo gisa alta emateko izapideari ekingo diogu. Beste batzuetan esan dugunez, izapide hori ez da bakarra, bi dira, egia esan.
- Alta Zerga Agentzian – AEAT (037 edo 036 eredua)
- Alta Gizarte Segurantzan – RETA (TA.0521/1 eredua)
Zerga Agentzian alta emateko eta 037 eredua betetzeko (erraztua), honako helbide honetara joko dugu. Barruan gaudela, NANe irakurgailua ordenagailura konektatuko dugu eta klik egingo dugu 037 inprimakia telematikoki bete eta aurkezteko aukeran, aurkezpenen zerrendan. NANe egoki instalatuta badago eta badabilela egiaztatu badugu, orrialdean datozen jarraibideak bete besterik ez dugu egin behar.
- Segurtasun-oharra: Ohikoa da AEATren web-orrialdean oharrak azaltzea, erabiltzen ari garen konexioa ez dela segurua diotenak. Bitxia badirudi ere, ohar horiek guztiak alde batera utzi eta aurrera egin behar da.
Izapide hori beste era batekoa da. PDF batzuk behera kargatu eta bete egin beharko ditugu, gero Gizarte Segurantzaren webgunearen bidez bidaltzeko. Honako hauek dira PDFetarako eta altari ekiteko sarbide zuzenak:
- Eskaera PDFn (eredu erraztua).
- Eskaera betetzeko jarraibide orokorrak.
- Nekazaritzako langileentzako edo bestelako ezohiko erregimenetakoentzako eskaerak.
- RETAn online alta emateari ekitea. Orrialde horretara sartu ondoren «Zerbitzurako sarbidea» klikatu behar da, «Deskribapena»ren gainean dagoen esteka (NANe aurretik konektatuta egon behar da, bestela, estekak ez du funtzionatuko), eta pdf-ak prest izan behar ditugu, beteta, prozesuan zehar horiek eransteko eskatuko baitigute.
Laburbilduz, autonomo gisa alta online emateak ideia bikaina dirudi, Ogasunera eta Gizarte Segurantzara joan beharrik ez dugulako, baina komeni da lehenengo egiaztatzea izapideok burutzeko beharrezkoak diren baldintza teknikoak eskura ote ditugun, benetan denbora eta lana aurreztuko dugun jakiteko.
Zein da zure erreakzioa?