«Haur literaturan sartu behar da azukrea eta gatza, biak neurrian»

«Haur literaturan sartu behar da azukrea eta gatza, biak neurrian»

4 min.

«Haur literaturan sartu behar da azukrea eta gatza, biak neurrian»

Hemen ere entzun dezakezu

25 urteko ibilbide oparoa egin du literaturan. Izulpenak, teatro lanak, narrazioak, dozenatik gora nobela idatzi ditu. Sari asko lortu ditu, askotarikoak, eta ez edonolakoak. Azken biak jarraian etorri dira. 2023an lehen aldiz jaso du Espainiako Sari Nazionala eta bosgarrenez, Euskadi Saria. Euskal literaturak horrenbestetan ahaztu dituen eta horrenbeste behar dituen gazteei zuzendutako lan batek, Zerriarekin. Bi Lizardi Sari ere baditu, Augustin Zubikarai, Mikel Zarate, Ala Delta, Donostia Hiria eta beste hainbat. Eta lehiaketak soilik ez, Mundua lo dagoen bitartean moduko eleberriekin, eta bereziki, Eztia eta ozpina long seller arrakastatsuarekin irakurleak irabazi ditu beretzat eta euskarazko literaturarentzat. Errealismoa abandonatu gabe, Joan moduko nobela magikoak egin ditu, era guztietako artistekin elkarlanean aritu da; erabili ditu musika, ilustrazioak, bideo-lanak eta argazkiak liburu eder, harrigarri, eta transmediak egiteko. Ez da errenditu, bere sentiberatasun artistiko aristokratikoari uko egin gabe, profesionaltasunez, artisauaren etika langilearekin tematu da euskal irakurleak behin eta berriz seduzitzen, konkistatzen eta irabazten. Eta behin eta berriz seduzitu, konkistatu eta irabazi ditu. Bere liburuetan Afrika hurbildu digu, gauaren misterioak konbokatu ditu, Ekialdeko lurrinak ekarri dizkigu, gure artean ezohikoak diren dohaiekin: sentiberatasuna, sentsualitatea, karisma. Idazten duena irakurtzea bezain plazer handia da literaturaz, bere ofizioaz eta bere bizitzaz hitz egiten duenean entzutea. Gaztetan, ia erabat galdutako euskara berreskuratzea erabaki zuenean, Patxi Zubizarretak ziurrenik ez zuen imajinatzen, baina denborarekin bere arbasoen hizkuntza zaharrean idatziko zituen euskal literatura garaikidearen orrialderik ederrenetako batzuk.

 

Entzun gure podcasta eta egin haren harpidedun Apple Podcastsen, Google Podcastsen, Spotifyn edo gogokoena duzun podcast-plataforman. Kapituluaren transkripzioa aurkituko duzu post honetan, irakurgarri izan dakizun editatua.

 

IRATI JIMENEZ (LABORAL Kutxa). Patxi Zubizarreta 1964an jaio zen, orduko Villafranca de Orian, geroko Villafranca de Ordizian, oraingo eta betiko Ordizian, baina berak gogoratu duen moduan, italiar batek, Nicolao Landucchiok, euskarazko lehen hiztegia argitaratu zuen hirian bizi da. Azaroko goiz gris honetan, oraindik gauaren iluntasuna eta goizaldeko  behelainoa astintzeko energiarik izan ez duen hirian, Gasteizen. Bertan topatu zuen beste giro bat, beste Euskal Herri bat eta beste askatasun batzuk. Bertan bukatu zuen euskal filologia eta bertan ikasi zuen idazten. Bere belaunaldikide guztiek bezala ikasi zuen literatura egiten, irakurriz, klasikoak estudiatuz, bere kabuz. 

 

PATXI ZUBIZARRETA. Lluratuta nengoen, nolabait ere orgasmo estetikoak nituen hizkuntzarekin. Aitonari entzuten nionean zerbait edo Sunbillara joaten nintzenean euskara ikastera. Eta hori oso ondo dago baina euskarari ezin zaizkio muxuak eman. Eta hori da nire pena, mistikoegia edo idealistegia izan naizela nire gaztaroan.

 

Euskara gure belaunaldiko askok bezala galdu egin genuen. Nire Ataungo aitonak ez zekien gaztelaniaz eta momentu batean nik ez nekien euskaraz. Paga handitzen euskaraz egiten baldin banuen. Beraz, zeozer afektiboa izan zen. Eta literatura bai, baina bai, nik nire egunerokoak idazten nituen. Diarioak eta. Eta ez dakit, Ordizian jaio nintzelako, ba, han, ez dakit nola esan, han gatazka oso pil-pilean zegoen. Trenbidearen parean bizi nintzen, beraz, barrikadak. Errepide nagusiaren parean bizi nintzen, beraz, barrikadak. Kuartela, Guardia Zibilarena, giro hura, deskubrimendu bat izan zen niretzat. Analfabetoa sentitzen nintzen, historiaren aldetik. Dentistarengana joaterakoan Hendaiara deskubritu nuen hura ere Euskal Herria zela. Eskolan justo kontrakoa esaten ziguten, Gipuzkoa zela Espainiako probintziarik txikiena. Orduan deskubrimendu bat izan zen. Eta nire ustez nire baitara itzultzeko bidea izan zen.

 

Unibertsitatean jada hemen, Gasteizen nengoela, hemen, atera nuen lehendabiziko nobela. Nobela txarra baino txarragoa. Baina… uf. Hain zuzen ere horregatik. Mozkorraldi horretatik nekez ateratzen delako zeozer txukuna. Baina bi gauza esan ditzaket. Bat, orduan egin nuela Afrikako deskubrimendua, nolabait esateko. Marokora autobus batean, litera autobus batean joan nintzelako, bakar-bakarrik.

 

IRATI (LK). Horrela izan zen…

 

PATXI. Bai, orduan asko markatu ninduen bidai horrek, asko. Eta gero, ba, nobela txarra zen, ze erakutsi nahi nuen, zenbat nekien, zenbat sinonimo, aitonari entzundakoak, irakurritakoak idazle, hiztegi, nobela jasanezina zen. Saiatzen naiz lapurtzen orain ere.

 

IRATI (LK). 1989an argitaratu zuen lan hori ez dugu irakurri eta ez dakigu bere lehen nobela frakasatua izan ote zen, baina lehena izan bazen, hura izan zen azkena. Eztia eta ozpina, Atlas Sentimentala, Joan, 50, Hiru gutun Iruñetik, Mundua lo dagoen bitartean. Eleberri ederrak, eta sarri memorableak idatzi ditu. 1948ko Uda izeneko batek aldatu zion bizitza. Duela 30 urte. 1993an, lan horrekin Bapore saria irabazi zuen eta milioi bat pezetako sariak animatuta, Kanbon ematen zituen klaseak utzi zituen eta irakasle izatetik idazle izatera pasatu zen. Modu ez guztiz kontzientean egin zuen Patxi Zubizarretak idaztetik bizitzeko hautu erabakigarria. Ez da damutu, eta emaitza oparoa izan da literarioki, baina zintzotasunez aitortzen du bidea ez dela erraza izan.

 

PATXI. Oso momentu txarrak pasatu ditut eta etxean beti esaten didate oraindik ere hor daude delegazioko zerrendak eskolara itzultzeko, edo hizkuntza eskoletara. Baina jada nire bizitzako altuera honetan, ba, aukeran nahi nuke jarraitu eta ez dakit jubilatu edo. Baina bai momentu batzuk oso txarrak. Alberdania itxi zutenean adibidez, Eztia eta ozpina hor argitaratuta dago. Zorionez, berriro ekin zion bere parentesi hura itxi zuen baina gaizki, gaizki. Ehuneko hamarrarekin, krisi ekonomikoarekin, batez ere. Bolada onak bizi izan nituen, eta gero, ba, planteatzeko moduko momentuak izan ditut. Jornada erdi bat edo halako zerbait. Eta hala ere eutsi izan diot, orain arte. Egia da eutsi diodala prostituituz. Egia esanda. Lan kaskar asko eginda, lan on asko eginda baina oso gutxi ordainduta, artikulu bat 35 euro, ken IRPFA da eta hola. Eta niretzat pengarria da, 60 urte betetzeko naizen honetan, ba, beketara eta halakoetara aurkeztu behar izatea. Hori da niretzat umiliagarria baina baita ere apaltasun ikasgai bat da eta horrela tokatu zait eta pozik nago era berean. Pribilejiatua naiz, hala eta guztiz ere.

 

IRATI (LK). Literaturaren basa herria osatzen duen jendartearentzat, irakurleen nazio librearentzat ere pribilejio bat da Zubizarreta moduko idazle bat irakurtzea. Beti istoria interesgarriak kontatzen dituena, profesionala, sentibera, humanoa. Idazle oso irakurria eta oso saritua. Birritan jaso du Lizardi saria, 1991n lehen aldiz, eta 30 urte geroago bigarrenez, sariketaren 40. urteurrenean. Ohe desegiñak teatro lanarekin Donostia Hiria lortu zuen 2008an, eta duela bi urte Augustin Zubikarai beka eman zioten Loak ezkutatzen duena nobela idazteko. Eta helduentzako liburuekin sari garrantzitsuak lortu baditu, zeresanik ez haur eta gazteentzako egin dituenekin. Bapore, Ala Delta, Labaien, eta Mikel Zarate sariketak irabazi ditu, bost Euskadi Sari eman dizkiote eta Espainiako Narratiba Sari Nazionala.

 

PATXI. Eta hala ere, zuk esan duzun bezala, ematen du sari asko irabazi ditudala baina askoz gehiago dira irabazi ez ditudanak. Adibidez, Espainiako nazionalean zenbaitetan egon naiz finalista, eta gogoratzen naiz, behin batean, oso hurbil geratu nintzela eta Elvira Lindok irabazi zuen Manolito Gafotasekin. Hori zaila da baloratzen. Manolito Gafotas edo Atlas Sentimentala, kasu hartan. Epaimahaia hor dago. Sensibilidadeak, karanbolak dira askotan. Askotan..

 

IRATI (LK). Sariak onak dira argitaletxearentzat, liburuak ezagutarazten laguntzeko dutelako. Onak dira liburuentzat, erreskatatu egin ditzaketelako ahanzturatik. Eta onak idazlearentzat, jakina, diru-sariak eta bekak fundamentalak izan daitezke idazten segitzeko. Baina literaturaren balioa epaitzeko orduan erlatibizatu egiten ditu Zubizarretak. Liburuak onak direnean nekez esan daiteke hau da onena, gero hau, gero beste hau… Zaldi lasterketa batean bezala. Nahiz eta, tira, aurten jaso dituen sariekin bera apur bat horrela sentitu den, zaldi lasterketa batean bezala.

 

PATXI. Orduan hori ere erlatibizatu behar da. Uste dut lagundu behar digutela lasaiago ibiltzen, desubikatu naute pixka bat. Batzuetan, sentitzen nintzen Grand Nationaleko…

 

IRATI (LK). Zaldia bezala

 

PATXI. Zaldia bezala. Ze, behin, tiro jo zuten, jockey bat zebilen denen aurretik, denen buruan eta begiratu zuen eta hasi zen abantaila hartzen eta irabazten eta ez zen konturatu bertan behera geratu zela, ze zaldi bat ez zen atera.

 

IRATI (LK). Eta berak uste zuen irabazten ari zela.

 

PATXI. Berak uste zuen irabazten ari zela. Gainera, jada bere zaldia ez zegoen lasterketa berriz egiteko ze jota bukatu zuen, ezta? Ba, hori da nire ustez sariek izan dezaketen arriskua

 

IRATI (LK). Idazleek askotan izaten dituzte maniak, ohiturak, idazteko erritualen bat. Zubizarretak badu berea. Eskuz idazten du, kaligrafia liluragarriarekin. Etxetik kanpo, beti. Ahal dela, liburutegi batean. Azkenaldian, Ignacio Aldecoa kultur etxekoan. Liburuz inguratuta, eta jendez, bereziki, jendez inguratuta idaztea gustatzen zaio.

 

PATXI. Edozein tokitan idatz dezaket. Ez baldin badago regueton edo Bisbal edo musika. Eta, batez ere, makina tragaperrasik ez badago, ze deskonzentratu egiten naute. Gainera idazten ari naizela begiratzen dut, kafetegi batean, aitona bat, nola hasten den ligatzen kamarerakin, ze grafiti dauden komunean…. Erlatibizatzen dut idazketaren momentua, behar dut nire txokoa. Eta gainera askotan ordu bete, ordu bete eta erdi baino ez dut idazten. Gehiago pasatzen dut irakurtzen, itzultzen, pelikulak ikusten, antzerkira joaten… Hori, bai, behar dut papera eta behar dut luma. Mont Blanc luma txiki bat daukat, politikariek erabiltzen dituztenen oso desberdina, ze haiek oso lodiak, oso garestiak.

 

IRATI (LK). Oso lodiak, bai.

 

PATXI. Nireak balio ditu 200, 300 euro. Garestia da. Nire ametsa zen. Ze beti erosten nituen txar-txarrak. Eta tintontzia daukat. Injekzio bat bezala, enbolo baten bitartez kargatzen dut. Eta orduan, paperean, paper onean idazten ari naizenean entzun egiten dut, kras, kras, kras.

 

IRATI (LK). Eta oso gutxi egiten duzu atzera, oker ez banago.

 

PATXI. Bai, bai. Normalean gaur idazten dudana, orrialde bat, bi aldeetatik, idazten dudana zuzenduko dut bihar arkatzez. Eta idatziko dut beste orrialde bat.

 

IRATI (LK). Orrialdez-orrialde, egin du Patxi Zubizarretak literatura eder bat, bizitzaren plazerak, bere eztiak sarritan ospatzen dituena, bere doloreak, bere ozpina behin ere ahaztu gabe. Begirada poetikoa dauka, plazer handiz irakurtzen den estilo sofistikatua eta euskararen ezagutza estonagarria. Bere liburuetan gauzak kontatzen dira, ez dira erakustaldi formalak, hizkuntzak harritu egin gaitzake, liluratu, horditu baina ez du trabarik egiten, gustu ona dauka   barroismoak saihesteko, sentiberatasun handia, belarri fina eta belarrirako idazteko gaitasun handia. Ekialdeko literaturaren miresle errenditua, saiatzen da irakurleen belarrirako idazten, zentzumen guztiekin eta zentzumen guztientzat.

 

PATXI. Sherezaderen beste dohaietako bat ahozkotasuna da. Nire testuak askotan irakurtzekoak dira. Ahots hori entzutekoa da, ezta? Uste dut oso inportantea dela. Irakurleak ahots bat dauka. Lagun batek esaten zidan bere alabak esan ziola institutura iristerakoan, “aita, orain ez dut entzuten ahotsik liburuak irakurtzerakoan”. Lehen, txikitan entzuten zuen ahots bat, etengabe. Eta institutuan hasi zenean irakurtzen metafora, egiturak, utzi zuen, ez zeukan xarmarik. Nire ustez ahots hori oso inportantea da. Niri Ekialdeko literaturak eta Sherezadek erakutsi didate Mendebaldeko literatura, orohar, gauza ederrak daude, baina oso arrazionala dela. Oso kartesianoa. Pentsatzen dut, beraz, banaiz. Gure liburuetan akotazioak dira, erantzun zion, argudiatu zuen, konkluitu zuen, segitu zuen, eta esan Naguib Mahfuz irakurtzen duzu eta esaten du “zatoz hona, desiozko begirada batekin”. Begiek hitz egiten dute. Hau da, gehiago da, sentsazioak. Sentitzen dut, beraz banaiz. Haserretzen naiz, beraz, banaiz. Izerditzen dut, beraz banaiz. Eta koloreak. Sarrik ere esaten zuen luzaroan euskal literatura zuri beltzean izan zela. Orduan Patziku Perurenaren Koloreak euskal usadioan, koloreak nola landu, nola… oso sensualidadea… gaietan ere bai gustatzen zait. Ez dakit. Literatura arabiarra zentzu horretan. Fatima Mernissi, Naguib Mahfuz, Abdellah Taïa…

 

IRATI (LK). Usainak…

 

PATXI. Usainak, bai. Idealizatu gabe. Ze, zenbait gauza ez ditut gogoko. Ze han ere joaten naizenean, joan izan naizenean zenbait gauza espantagarriak zaizkit, hemen bezala. Marokon bertan daukaten sistema politikoa, adibidez. Baina gero nire esperientzia oso ona izan da. Aire hori ekarri nahi nuke gurera.

 

IRATI (LK). Azken 50 urteetan, mundu guztiko tradizioekin aberastu da euskal literatura, Sarrionandiak Camelot eraman zuen Durangora, Atxagak Hanburgo eman zion Obabari, Joan Mari Irigoienek Gipuzkoan sortu zuen Babilonia. Patxi Zubizarretarekin Afrikako iparraldera joan da euskal literatura, Asia aurkitu du, Ekialdea sortu zaio, zokoa zor diogu, sultanaren jauregia, eta bere emazteen harena. Eta beste zerbait, oso inportantea, gehiegitan ahaztu dugun publiko batekin akordatzea eta haientzat idaztea. Patxi Zubizarretari irakurle gazteak zor dizkiogu.

 

PATXI. Geroko irakurleak dira. Orduan, nik uste dut oso gauza ederrak egin ditugula. Mariasun Landarengandik hasita, Anjel Lertxundi, Jose Antonio Ormazabal… eta gero segida bat eman diogu horri, baina ez dakigu nola asmatu DBHra pasatzen direnean. Zer idatzi hor. Nola engantxatu.

 

IRATI (LK). Ez da erraza.

 

PATXI. Ez da erraza. Nola entzun arazi ahots hori. Orduan hor irakaslearen konplizitatea dago. Sistema nahiko biziatuta dago. Haur txikientzako albumak, liburuak oso politak. Papera, ilustrazioak. Jada nerabeentzat zuri beltzean jartzen dituzte. Jada ez dago marrazkirik. Beti dago komikia baina uste dut hanka motz daudela, bai orijinalen aldetik, bai proposamen desberdinen aldetik. Argitaletxeak ohituta daude karaktere kopuru batekin eta bildumaren ezaugarriekin… Adibidez. Porcus gazte literatura da. Eta gehiago ere bai, baina horrela konsideratua dago. Antton Olariagaren ilustrazioak ditu, nahiz eta gazteentzat ez den ilustraziorik egoten. Eta gaztelaniaz aterako da Edelvives-en ilustraziorik gabe, bildumak hala eskatzen duelako. Eskatu nien eta erregutu nien behintzat azala Anttonek egitea. Baina oraindik ez dut erantzunik jaso. Beraz, oso inportantea da. Haurra zetazko papera bezalakoa da eta edozerk usten du marka. Uste dut oso inportantea dela ze marka, ze bidetan laguntzen diogun. Eta, hala ere, uste dut literatura harago doala. Lehen Sherezaderen garaian eta Joxe Arratibel edo Maddi Aristiaren garaian ipuinak kontatzen zirenean publikoa bat zen eta hor sartzen ziren guztiak. Bakoitzak ulertuko zuen bere erara, ezta? Beraz, esaten dute eta horrekin bat nator haur literatura da haurrek ere irakur dezaketena. Hau da, nik uste guraso askok ikusten dutela aiba, ze gauza ederrak,

 

IRATI (LK). Eurak ere liluratuta geratzen direla, ezta? Bai, zalantzarik gabe.

 

PATXI. Gauza txapuzeroak ere bai. Walt Disneykeriak. Azukrea… nik uste haur literaturatik sartu behar dela azukrea eta gatza. Biak neurrian.

 

IRATI (LK). Lehen ere esan dugu, bere eleberririk arrakastatsuenaren titulua esanguratsua dela, bere ustez, bizitzak bezala literaturak ozpina eta eztia behar dituela. Dena eztia bada, kontatzen duguna ez da egia, ez da benetakoa, ez da bizitza. Eta ez du balio bizitzarako prestakuntza bezala. Eta haur literatura hori da Patxi Zubizarretaren ustez, bizitzarako prestaketa bat, edo hori izan behar luke, behintzat.

 

PATXI. Bai, prestaketa bat da. Nire ustez literatura prestaketa bat da, bizitzarako prestaketa bat. Literatura bera da sostengu txiki bat, argi txiki bat. Uste dut banalizatzen ari dela pixka bat haurrentzako literatura. Hau da, oro har, literatura bezala. Planeta adibide gorena da. Baina, bai, istorio eskasak, ilustrazio askorekin baina arrastorik uzten ez dutenak. Zetazko papera izan arren. Irakurri eta ahaztu egingo dutenak. Hor ere irakurle finak behar ditugu irakasle eta konplize finak.

 

IRATI (LK). Gazteentzako idaztea ez da erraza. Helduentzako literatura egiten duenean, idazlea bere adinaren bueltako jendeari zuzentzen zaio. Eta irakurle horiekin gauza asko konpartitzen ditu, kezkak, ardurak, ohiturak, esperientziak, iragana. Badaki bere irakurleak nolakoak diren. Baina gazteak nolakoak dira, zer egiten dute, zer interesatzen zaie, nola hitz egiten dute, eta nola hitz egin behar zaie. Zubizarretak askotan esan izan du bi eratako hitzak daudela, gauekoak eta egunekoak, eta gazteentzako literatura egiteko, euskal literaturari gehien falta zaizkionak behar dira, gauekoak.

 

PATXI. Funtsean, uste dut literaturak, Gustavo Martin Garzok esaten zuen bezala, bi hitz mota baldin badaude, eguneko hitzak eta gaueko hitzak badaude, eta egunekoak badira Gazarenak, ogiaren prezioarenak, eta Ukraniakoak, gobernu berriarenak, eta gauekoak dira obsesioenak, ametsenak, amesgaiztoenak, eta heldu edo zahar, edo gazte antzera sentitzen dugu. Beldurra, min bat sentitzen dugunean gorputzean, ze izango da. Inguruan norbait oso gaixorik ikusten dugunean. Oso interesgarria da benetan ibilbide existentzialean literaturak…

 

IRATI (LK). Nola sentitzen dugun literatura.

 

PATXI. Bai, umorez baita ere. Horregatik esango nuke nire liburuak oihartzunez beteak daudela. Fatima Mernissi dago, Ana Gavalda dago, baina liburu batzuk, ez idazlea bera idealizatuta. Sueños en el umbral, adibidez, Fatima Mernissirena. Haren batean bizi zen emakumean kontaketa. Ez dakit, zazpi emazte aitak, eta dena itxita. Ze, mundu arabiarrean ere kanpotik errealitatea itsusia da, baina barrutik sekulako jauregiak eta palazioak daude.

 

IRATI (LK). Gizakiok bezala.

 

PATXI. Hori da, baina bilatu egin behar da.

 

IRATI (LK). Eta literaturak bi gauzak egin ditzake. Izan daiteke tresna bat kanpoko errealitate itsusia ikusi dezagun, egin diezaiogun aurre, edo sortu ditzake jauregiak geure baitan eta palazioak ariman, edertasun horretan babestu gaitezen, eta bizitza salbatu dezagun Sherezadek bezala. Hori guztia egin dezake eta gure gonbidatuaren ustez hori guztia egin behar du. Ze mundutan bizi garen kontatu eta mundu horretan bizitzen lagundu. Berak hobeto kontatzen du, istorio zoragarri baten bidez, literatura erabilita.

 

PATXI. Zweig edo, filosofo eslobeniarrak esaten zuen. Berak txiste moduan kontatzen zuen. Preso bat Siberiara bidali zuten eta lagunei, agurtzeko orduan, esan zien lagunei “ni saiatuko naiz gutunak idazten”. Nik oso maite ditut gutunak, genero epistolarra. Eta orduan Siberiara, oso egoera txarrean, kartzela oso gogorra. Eta esan zien “bueno, tinta urdina erabiliko dut egia esateko”. Badakit zentsura egongo dela, kartzela guztietan bezala. Beraz, tinta gorrian badaude gutunak ez sinestu ezer. Eta handik gutxira jaso zuten lagunek tinta urdinarekin gutun bat: “Ez da hain kartzela txarra. Astean behin ematen digute haragia, astean behin arraina, pelikula ikusi dezakegu, astean behin herriko neskak etortzen dira dantzatzera. Pena bakarra da tinta gorririk ez dagoela”. Beraz, dena gezurra da, berriro. Baina literaturak behar du irauli pixka bat egoera. Ze, benetan panorama hain da… orduan ez dakigu oso ondo ze tinta mota erabili, hain zuzen ere, hitzak oso gastatuta daudelako.

 

IRATI (LK).  2010ean, Joan, Hartzak, erlojuak eta beste piztia batzuk eleberria argitaratu zuen Patxi Zubizarretak, DVD batekin, barruan Joserra Senperenak idatzitako 5 fado, Maddie Oienarten ahotsean, eta musika horrek inspiratutako 5 bideo, Thomas Canet argazkilariak nobelaren eszenatokietan, Granadan, Lisboan, eta Zuberoan egindako argazkiekin. Nobelari bukaera ematen zion ipuina ere entzun zitekeen, Martin Tejeria lokutorearen ahots zirraragarrian. Zubizarreta askotan saiatu da halako gauzak egiten, literatura beste arteekin harremanetan jartzen eta beste diziplina askotako artistekin kolaboratzen. Irakurleei beste zerbait eskeintzeko baina ez horregatik bakarrik.

 

PATXI. Batez ere izan da oso hautu egoista. Akordatzen naiz Durangoko azokatik bueltan Joserra Senperenaren Mandarin Dotorea diskoa entzuten etorri nintzela, liluratuta geratu nintzen. Eta kolaboratzeko deituko nion, eta halaxe. Zure ondoan piano bat entzutea, dardara hanketatik nola sartzen zaizun… izugarria da hotzikara hori, ezta? Eta beharbada uste dut bizioa etorri zitzaidala haur literaturatik. Ze, hor lan egin nuen ilustradoreekin, Elena Odriozola, Jokin Mitxelena…

 

IRATI (LK). Ilustradore fenomenalak…

 

PATXI. Oso onak. Komikilariak… Eta gainera komikilariak askoz alaiagoak dira idazleak baino.

 

IRATI (LK). Bai… bai.

 

PATXI. Idazleak zurrunagoak gara, tristeagoak. Oso ondo pasatzen nuen haiekin. Parranda zen kreatiboa eta beti ateratzen zen hurrengo liburu bat egiteko gogoa. Orduan, hori, izan da berez-berez etorri zaidan bizio bat.

 

IRATI (LK). Bizio pozgarri bat esan beharko dugu, bizi poza ematen duen bizio bat.

 

PATXI. Aspaldi honetan nire inguruan dagoen hitz bat da, Gaza eta Ukrainia baino gehiago da jubilazioa, Eta ni aspertuta nago. Orduan, Antton Olariaga eta Antton Valverde dira, jo, ez dakit bizitzeko gogoa ematen didatenak. Nik ez dut jubilatu nahi, ez dut jubilatu nahi. Ez dakit. Kontuz, ez nuke Delibesek bezala esan nahiko, jo, denbora gehiegi pasa dut nire bizitzan idazten. Ilobak eta zituenean esaten zuen, jo, denbora gehiegi pasatu dut liburu artean, gehiago bizi behar nuen, ezta? Baina hori ekarri didate.

 

IRATI (LK). Denbora gehiegi ez, gutxiegi izatekotan, baina ia ordu bete daramagu literaturari buruz hitz egiten eta orain arte Patxi Zubizarreta idazlearekin baina badago beste Patxi Zubizarreta bat ere, Marilar Aleixandre, Abdellah Taïa, Naguib Mahfuz eta beste hainbaten itzultzaile bikaina, Printze txikiaren eta Urrezko giltzaren itzulpenei esker, Gazte Literaturaren Nazioarteko Erakundearen ohorezko zerrendan agertzen dena. Mila eta bat gauen gauak, Malenkonia arabiar bat, eta hain maite dituen beste testu asko itzultzen asko ikasi duela dio. Mundu osoko testuak, eta hain testu maiteak, euskarara ekartzeko izatea opari bat iruditzen zaio.

 

PATXI. Eta bestearekiko interesa erakusten du, azkenean. Eta gero dago beste alde bat, eta da nola gure obrak ere itzuli diren beste hizkuntza batzuetara. Triesten egon berria naiz, eta Polonian Gdańsk hirian. Orduan, gure liburuak irakurtzea Eslobenian, edo Hego Korean, edo Londresen, gure liburuak euskaraz eta ingelesez, eta Frankfurten, euskaraz eta alemanez… pribilejio bat da.

 

IRATI (LK). Askotan errepikatu du elkarrizketan zehar gehiegitan ahaztu egiten zaiguna, zailtasunak zailtasun gu guztiok pribilejiatuak garela.

 

PATXI. Zentzumenekin lotzen dut nire lana, nire lan propioa, baina uste dut ikasgai bat izan nuen, eta horrek ere asko markatu ninduen. Oso gaztea nintzenean ezagutu nuen Amaraberri eskolan neskatila bat, itsua zena. Orduan nire liburua braile alfabetoan irakurri zuen. Eta pentsatu nuen, ze pertzepzio desberdina, ez? Eta marrazki bat oparitu zidan neska hark. Neska itsu hark. Marrazki bat, bakarra. Berak ez zuen enararik ikusi sekula, nire liburuko protagonistak marraztu zizkidan tipula paperean, bolígrafo zahar batekin, tintarik gabe sakatuta, orduan itsu batek irakurriko du hori ondoena, eta hara non, denboraren poderioz, neska horrekin harremanetan jarri nintzen berriz, Malenekin. Orduan, uste dut askotan itsuak gu garela. Ez ditugula ikusten gauzak, pribilejiatuak garela, orohar, Europa zahar honetan, Euskal Herri honetan. Eta ez ditugula preziatzen dauzkagun gauzak, lortu ditugun aurrerapenak. Uste dut idazlea oro har negarti xamarra dela eta Niko Etxartek ere esaten zuen, rokero zaharrak, esaten zuen ez daukagula eskubiderik kexatzeko. Gero kexatuko gara baina jende aurrean behintzat ez. Izan gaitezen kortesak, galaiak. Eta, beste hitz bat niretzat oso inportantea, da kortesia. Ez dezagun aspertu. Ahalegina egin baldin badu norbaitek guregana etortzeko, eta gu ikusle garenean, eta entzule garenean baita be, gauza bera.

 

IRATI (LK). Ordubetetik gora pasa da Gasteizeko Dato Kaleko LABORAL Kutxaren bulegoaren aurrean topatu garenetik, barrura sartu eta bulegoaren areto nagusiko sabaia okupatzen duen beirate ikusgarriarekin harrituta geratu garenetik. Kristalezko hormak dituen bilera-gela txiki batean egon gara ordutik, eraikinaren atzeko aldera ematen du, norberak pentsatuko lukeena baino askoz patio handiago batera. Erdian, harrizko eserleku bat, hori ere oso handia, bi beso, zirkunferentzia bat egiten. Leku ederra da edertasunaren bilaketan behin ere errenditu ez den idazle batekin egoteko, eta laburra egin zaigun hizketaldi luze bat izateko. Kortesa ezezik, azaroko goiz honetan Patxi Zubizarreta profesionala, adeitsua, eskuzabala izan da, betiko moduan. Zintzotasunez erantzun ditu gure galderak, goxotasunez hitz egin digu, anekdota ederrak kontatu dizkigu, apur bat ipuinak bailiran, narratzaile trebek beti daukaten magia ukitu horrekin. Bulegotik atera garenean, zerua zabalduta, kaleak distiratsu, behelainorik gabe, apur bat ederragoa iruditu zaigu hiria eta apur bat amableagoa mundua. Etxerako bidean pentsatu dugu ze inportanteak diren idazle onak, eta ze onak diren liburu onak, ze gauza handia den ondo hitz egiten digun jendea topatzea eta ze on handia egiten digun, ze ondo sentitzen garen. 


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Elkarrizketak