«Ez dut aukeratu nahi Kai Nakai eta Anariren artean»
2023-10-20
«Ez dut aukeratu nahi Kai Nakai eta Anariren artean»
Ines Osinaga (Arrasate, 1982) musikaria da. Gose taldean hainbat urtetan izan ondoren, orain bakarkako ibilbidea hasi du.
Luzaroan, talde bat eta bakarra izan zuen, Gose. Talde ezohiko, gogoangarri bat, euskal rockera folka eta musika elektronikoa nahasten zituen nortasun handiko estilo propioa ekarri zuena. Berak, trikiarekin, bota zuriekin, presentzia eszeniko ahaztezina zeukan, eta oso boteretsua, zentzurik interesgarrienean. Goseko garaiak ostera joan ziren eta orain musikarekiko gosea asebetetzeko era askotako proiektu eta kolaborazioak egiten ditu. Azkena, bakarlari bezala sinatu duen lehenbiziko diskoa. Edo diskoak, hobeto esanda. Itsasoa da bide bakarra hiru disko dira, eta beste gauza asko, erresidentzia artistiko bat Kuban, nazioarteko bi kontzertu 2023ko irailean, bata Euskal Herrian eta bestea, Habanan; eta Atlantikoaren bi ertzetako estiloak, ahotsak, tradizioak eta emakumeak bildu dituen abentura musikal eder bat, Joseba Sarrionandia idazleak Kuban, erbestean, idatzitako testuak sorterrira eraman dituena, Kuban, deserrian izan dezaten aberri bat, aberri musikal vascoamerikano bat. Bere Arrasateko lantokian hartu gaitu itsasoaz, musikaz, sorkuntzaz eta poligamiaz pasioz, pozez, eta gosez hitz egiteko Ines Osinaga musikari, trikilari, abeslari, sortzaile, eta ekintzaileak.
Entzun gure podcasta eta egin haren harpidedun Apple Podcastsen, Google Podcastsen, Spotifyn edo gogokoena duzun podcast-plataforman. Kapituluaren transkripzioa aurkituko duzu post honetan, irakurgarri izan dakizun editatua.
INES OSINAGA. Sentitzen naiz aldi berean bakarka, inoiz baino gehiago, baina inoiz baino akonpañatuago. Oso gauza gutxi ari naiz egiten bakarrik. Hori dago guai. Eta gero beste gauza bat egiten ari naizela oraingo fase honetan gozatzen da poligamia artistikoarekin. Izugarri, izugarri, izugarri, bai. Duela gutxi gure etxeko handienak galdetu zidan, “ama, zu musikaria zara?” Eta esan nion “bai”, eta esan zidan, “ziur zaude? Esan nahi duzu hori dela zure lana?”. Eta, “bai, zer ba” “Es que ez du ematen, ematen du ordenagalularia zarela”. Eta arrazoia dauka. Musikaria naiz. Kultur ekintzailea esango nuke. Sortzailea. Gauzak inbentatzea gustatzen zait. Eta gauzak kontatzea. Eta kontatzeko daukadan hori aurrera eramateko, izan pertsonak, izan ekipoa, izan dirua, izan agenda, izan dena delakoa, nola egin. Nire lana da okurritzen zaizkidan ideia horiek aurrera eramatea. Asko gustatzen zait gauzak martxan jartzea. Gero mantentzea ez da nire fuertea. Nire amak esaten du etxafuero bat naizela.
IRATI JIMENEZ (LABORAL Kutxa). Hasierako adrenalina hori…
INES. Hasierako adrenalina hori edo gauzak, ideia zoro horiek martxan jartzea. Hori gustatzen zait asko. Eta bai, ba nire amets erromantizatu hortan ez zegoen hori. Gero egia da nire Ametsak deseraiki behar izan nituela eta eskerrak. Mesedez, eskerrak. Gero deskubritu nuen musikari izateko modu asko daudela.
IRATI (LK). Ines Gosinaga Arrasaten 1982an jaio zen, Biokimika ikasi zuen gero eta irakasle izan da luzaroan. Baina musika izan da nerabezarotik abandonatu ez duen pasioa, lehenik Ekon eta Bad F-Line taldeetara eraman zuena eta 2005-2014 artean Goseko taldekide eta abeslari izatera. Duela urte bete inguru, klaseak emateari utzi zion, eta orain goizero joaten da bulegora musika egitera. Ez da talde batekin errepidean dabilen rockeroaren bizitza. Ez da behar ere. Musika maite zuen nerabeak imajinatzen zuen bizitza deseraiki egin behar izan du maite duen bizitza izateko.
INES. Nire hamabost urteko Ines horrek ikusten zituen erreferenteekin musikari izateko modu bat zegoen baita ere. Lehenengo gizona izan behar zinen, gitarra jo behar zenuen. Arrasatekoa izanda rock radikala interesatu behar zitzaizun, “policía no, policía no”, eta horiek gauza guztiak eta jada hori izan zen lehenengo cracka. Nik esaten nuela, bueno, baina…
IRATI (LK). Hori ez zenuen egin.
INES. Hori ez nuen egin, ez. Eta gero trikitrixa jotzen nuen. Hasi nintzen musika eskolan, gero trikitrixa deskubritu nuen, hori ere izan zen niretzat musika akademiko eta formal horretatik ihes egiteko modu bat. Ze, trikitrixa ikasten genuen partiturarik gabe edo aurrez aurre edo belarriz, eta horrela eta niretzat hori izan zen oso askatzailea. Baina niri ez zitzaidan gustatzen Laja eta Landakanda edo Tapia eta Leturia. Neuzkan erreferenteak trikitrilari bezala ez zidaten balio. Eta trikitrilari izan gabe, musikari bezala neuzkan erreferenteak ere ez zidaten balio. Orduan bazen pixka bat tararen bat daukat nonbaiten. Eta gero konturatu nintzen ezetz, agian sistemak zeukala tara, edo agian neuzkan erreferenteek ez zidatela balio. Horregatik iruditzen zait erreferenteak oso garrantzitsuak direla. Guztiak desberdinak eta anitzak. Ez dut aukeratu nahi Kai Nakai eta Anariren artean, nahi ditut guztiak. Ibil Bedi ala J Martina? Biak mesedez, biak, eta bai, nik amesten nuen, ez dakit amesten nuen baina betidanik gustatu izan zait musika egitea, kantatzea, baina orain nire lana, ba, ez da horrenbeste kantatzea, baina sortzea. Ekintzaile bezala definituko nintzateke gaur, hemen eta orain, e? Igual hemendik denbora batera.
IRATI (LK). Dena aldatzen da.
INES. Dena aldatzen da, bai.
IRATI (LK). Dena aldatzen da, deitzen da, hain zuzen, bakarka egin duen lehen laneko abestietako bat, eta dena aldatzen bada, galdetzen du bertan, zergatik ez naiz neu ere aldatuko. Taldea utzi, irakasle lana utzi, umeak ekarri. Hori guztia egin du berak azken urteotan. Zergatik ez. Garena izateko aldatu egin behar izaten gara, behin baino gehiagotan, eta horretarako inportanteak dira berak askotan aipatzen dituenak, erreferenteak.
INES. Badauzkat bi erreferente horrela krak egin zidatenak. Bata zen Sorkun Kashbad egiten Arrasateko gaztetxean, eta gogoratzen naiz ikusi nuela eta esan nuela, ostia, posible da. Ordurarte Arrasateko gaztetxean ikusten nituen talde guztiak gustatzen zitzaizkidan gustatu behar zitzaizkidalako edo ez dakit ondo zergatik edo performatzen nuelako artalde horren parte izatea, baina nik Sorkun ikusi nuenean Arrasateko gaztetxean sentitu nuen zerbait…
IRATI (LK). Zeurea, ez?
INES. Bai, eta ukitzen ninduela. Eta halako, wow. Begira, ba orduan bai izan nahi dut musikari. Ze hau baldin bada musikari izatea, hau bai nahi dut. Edo ez dakit Shirley Manson ikusi nuenean Gargabe-ko abeslaria ikusi nuen lehenbizikoz abeslari emakume izaten baina ez ordurarte ikusi nituen emakume abeslariak bezala jokatzen, esan nuen, ostia, ba, igual bai, ez?
IRATI (LK). Duela 20 urte euskal rocka ia erabat zen gizonezkoena eta 2005ean Goseren lehen lerroan agertu zenean gure gonbidatua ezinbestean bilakatu zen, berak erabili duen hitza erabiltzearren, erreferente. Emakume bat abeslari, gizonezkoen talde batean, rock musika elektronikoa egiten, euskaraz, eta trikiarekin, bai folklorea eta bai musika elektronikoa erabat baztertzen zituen euskal rockaren panorama hiper maskulinoan. 2014rarte 7 disko, ehunka kontzertu eta milaka kilometro egin zituen erreferentziazko emakume fenomenal hori, faltan botatzen duen galdetu diogu oraingo emakume fenomenalari.
INES. Goseko Ines harekin pasatu ditut doluaren fase guztiak. Egon naiz haserre, bota dut faltan, egon naiz jeloskor, egon naiz triste, guzti hori, eta orain besarkatzen dut iragan hori. Hori ere banaiz, hori ere izan naiz. Eta bestalde pixkatxo bat begiratzen dut Ines hori konpasio puntu horrekin, eta pentsatzen dut “joder, txikita, ba, kristona izan zen”. Ze bota ditut faltan bota txuri horiek, bota txuri horiek jantzita sentitzen nuena, edo bota dut faltan eskenatoki handia, edo ikusgarritasun hori, edo rock and rollaren bizitzaren erritmo turbio tormentoso hori, inkluso, eta orain begiratzen dut atzera eta ez dut hori nahi, e? Baina aitortzen dizut momentu batzuetan nostalgiaz ere begiratzen diodala iraganari.
IRATI (LK). Aitorpenak egiten hasita, aitortu behar dugu Goseko Ines Osinaga asko miresten genuenok pozten garela entzuten dugunean jada Gosekoa ez den Ines Osinagak konpartitzen duela gurekin sentimendu hori.
INES. Bai, miresten dut asko. Terapia ordu askoren ostean, lortu dut besarkatzea. Baina bai sentitu izan naiz baita ere traidore berarekin edo bera traidore nirekin. Ze bera bazen ni baina ni ez nintzen hori bakarrik, edo ez nintzen hori guztia edo beti ez nintzen guzti hori. Ines hark performatzen zituen gauza batzuk gero Inesek bere bizitza intimoan ez nintzenak gai defenditzeko eta beti ez nintzen Ines hura, eskerrak, bestela petarda insoportable bat izango nintzen. Gertatzen zait jendea ezagutu eta jendeak esaten zidan “jode, tipa maja bat zara”, jo, ba, ze uste zenuen nintzela, ba! Baina era berean begiratzen dudanean atzera, orain ikusten dut beste eszena bat. Baina benetan duela 20 urte, kultur eszena Euskal Herrian, askoz askoz, askoz basago bezala gogoratzen dut. Nik kontzertu gehienetan ia beti ez esatearren, emakume bakarra nintzen. Beti. Ni Miren Narbaizaren belaunaldi berekoa naiz eta inoiz ez dugu elkarrekin jo. Tokatu zaigu askori, bertsolariek esaten duten bezala, kontzertuko emakume musikaria izatea, kupo hori betetzea, puntu exotiko hori izatea, aldi berean, kamerinoko biolentzia guztien foko izatea, ez dakit, jarrera super matxisten…
IRATI (LK). Objektu, testigu…
INES. Dena. Hori da. Objektu, testigu… hori da. Guztia, ez? Euki gabe nik orain daukadan perspektiba feminista euki gabe, orain daukadan señora honek ematen didan autoridade hau eduki gabe…
IRATI (LK). Tresna gutxiagorekin…
INES. Tresna gutxiagorekin. Eta orain begiratzen dut atzera eta esaten dut, joder, musikalki baita ere, duela 20 urte momentu batean non musika elektronikoa zen “hau ez da gure eszena”, “hau ez gure musika”, anti guzti hori, trikitrixa batekin, kantatzen letra batzuk noizean behin nire burua sujetu erotiko bezala performatzen nuena, ez objetu desiragarri, baizik eta sujetu desiradun, eta horrek aldatzen ditu gauza guztiak. Eta momentu horretan ez nintzen konturatzen nola, segun eta zer kantatzen nuen, horrek zer eragiten zuen. Edo nola, ze gauza entzuten nituen, hori kantatzeak beste norbaiti ematen ziolako uste zuelako ematen zuena zilegitasuna ematen ziola ni objektu bezala tratatzeko edo dena delakoa. Baina atzera begira baino ez ditut ulertzen gauzak, Anarik esaten duen bezala. Momentu horretan ez nintzen gai kokatzeko… begiratzen dut atzera eta esaten dut “joder, titi”. Ole tu coño, benetan.
IRATI (LK). Euskaldunok berezkoa dugu antimodernidaderako joera. Musikaren arloan egon gara akordeoiaren kontra, rock and rollaren kontra, musika elektronikoaren kontra, regettoiaren kontra. Ia dena arbuiatu dugu hasieran aski euskalduna ez zelako eta, gero, ia dena egin dugu euskaldun baino euskaldunago. Gosek ere entzun behar izan zuen bere estiloa ez zela gure estiloa. Baina ezin uka estiloa zeukatela, oso beraiena, oso potentea, eta kanpotik begiratuta oso autentikoa zirudiena. Muga batzuren baitan, behintzat.
INES. Gauza asko egin genituen eszena edo industriak markatzen zituen marko horietan sartzeko, sartu ahal izateko, sartzeko desira eta gogoarekin. Orain, adibidez, ez naiz sentitzen prest, ez ditut nahi egin gauza batzuk ez ditudanak egin nahi. Baina Goserekin egin ditut gauza asko, ez zirenak agian nik desiratuko nituzkeenak egitea, baina bai erabaki genituenak nahi genuelako zirkuito horren parte izan eta performance guzti horren parte izan. Orduan aldi berean oso autentikoa eta aldi berean… zeintzuk dira jolasaren arauak? Hauek, ez? Ba, gure ere prest gaude arau hauekin jokatzeko.
IRATI (LK). 2014an, Gosek Gosariak argitaratu ondoren taldea desegin egin zen, eta Osinagak beste etapa bat hasi zuen. Maila pertsonalean, ama izan da azken urteotan, besteak beste, eta musikari bezala, ba, era askotako proiektuak egin ditu, beste musikari, artista, idazleekin. Gose bukatu zen, baina goseak bizirik dirau. Eta talde bakarrarekin beharrean, talde askorekin asebete du gose hori.
INES. Niretzat azkeneko urte hau izan da sorkuntza kolektiboa, lehenengo ere bai, desromantizatzeko urte bat. Ze herri honetan badaukagu sorkuntza kolektiboa erromantizatuta. Ze kolektiboak badirudi denon artean egingo dugula. Baina kolektiboak badauzka bestelako arantza batzuk, erabakiak hartze hori, batzutan hartu behar dira erabakiak, baina asko gustatzen ari zait beste sortzaile batzuekin sortezea, beste diziplina batzuetako artistekin lan egitea. Arte eszenikoekin lanean gaude orain. Katxarro bat, urte bukaerako sortuko dugun opera post romantiko bat egiten, oso izen arraro bat sortzen, eta asko gustatzen ari zait beste diziplina batzuetako kodigo kreatiboetan mugitzea, eta beste alde batetik ere gustatzen ari zait nire konfort eremutik ateratzea. Hori gustatzen zait.
IRATI (LK). Lan kolektiboa gustatzen zaiola dio gure gonbidatuak eta zer esango dugu guk. LABORAL Kutxan badakigu modu kooperatiboan lan egiten denean ez dela inoiz egiten batek nahi duen buztia baina batek egin dezakeena baino askoz gehiago lor daitekeela. Lan kolektiboaz gain, Osinagak dio gustatzen zaiola inprobisazioa. Gustatzen zaiola pasioz maite duena egitea. Eta gustatzen zaiola arriskua. Sorkuntzak ofizioa ezagutzea eskatzen duelako baina baita ere egiten ez dakiguna egiten jakitea.
INES. Sorkuntza prezipizioa da eta egon behar zara prest botatzeko eta gero beti dago sorkuntza prozesuetan… beti dago momentu bat noraez hori, esaten duzuna, “joe, ze ostia egiten ari naiz”. Eta gero badago zerbait, hori ere kostatzen zait, e? Gero eta gutxiago, baina egiteak, zerbait egiteak badauka zure buruan dagoen fantasia perfektu hori ez dela perfektua izango asumitzea. Ze nire fantasietan dagoena beti da hobea egiten dudana baino. Eta gero nire barruan badago perfekzionista insoportable bat etortzen dena ni saboteatzera astean hirutan. Eta esan behar diot, lehen esaten nuen fuera hemendik, eta orain esaten diot, aulkitxo bat daukazu hor eta ez molestatu gehiegi.
IRATI (LK). Ze egingo banizu kasu beti, ez nuke ezer egingo.
INES. Hori da. Klaro, klaro. Asko kostatzen zait bukatzea gauzak. Baita libretak bukatzea ere. Azken orrietan… ibiltzen naiz… libreta berria hasteak, ez dakit, ez dakit, bukatzen dudanean maiteko ez nauzuen beldurra den. Edo zer gertatzen zaidan baina… egitea… prezipizioa… a, bai. Eta gero sorkuntza prozesuek daukatela momentu bat, non ez dakizun ondo zabiltzan ala ez. Eta ondo dago horrela, e? Baina noraez hori nabigatu behar da.
IRATI (LK). Bere azken lanaren tituluak arrazoi badu, Itsasoa bada bide bakarra, sortzaileak behar du behar nabigatu. Bakarkako lehen abenturan, bera Ameriketara joan da aintzinako esploratzaileak bezala. 2022an, Joseba Jaka bekari esker hilabeteko erresidentzia artistikoa egin zuen Kuban, eta kantariak bilatu zituen han, Joseba Sarrionandia idazleak erbestean, idatzitako testuak kantatuko zituzten emakume abeslariak.
INES OSINAGA. Nire hipotesi kreatiboa zen, nola adierazi kantu hauek hain zuriak ez baldin balira. Kantuak sortu ziren leku hortako ahotsek kontatuko baldin balituzte istorio hauek. Orduan hortik hasi nintzen abiatzen eta hilabete egon ginen Kuban, hango musikarien inguruko ikerketa bat egin nuen. Niri interesatzen zitzaizkidan emakume musikariak. Nire lan arkeologiko horretan etengabe egiten nuen putz. Eta bale, honek ez dit balio, honek ez dit balio, bale, honek bai. Eta gero bat ezagutzeak eramaten zintuen beste batera, beste batera, pititin patatan. Eta bueltatu nintzen disko gogor bat beteta grabazioekin, eta orduan bekak ematen zidan estudioko orduekin egin nuena zen hortik abiatu, nik produktora lanak hartu eta nik disko bat ontzea. Eta lehenbiziko aldia izan zen nire buruari produktora, ekoizle titulua jartzen niola. Konturatu nintzen ez zela lehenengo aldia lan hori egiten nuela, baina inoiz ez niola aitortu nire buruari eta publikoki, igual nire buruari noizean behin bai, baina publikoki ez, kantu horiek produzitzen ari nintzela. Señora apropiazio bat, orain señora bat naizela, ze errazago egiten dut orain orain berrogehi urte pasata, traiektoria bat dudala, orain ahoa zabaltzen dudala eta agian entzuten nautela, eta ez didatela esaten zuk ez daukazu ideiarik ere ez, hogei urteko Inesi esaten zioten bezala. Orduan señora izate honek badauzka beste pribilejio batzuk gazte izateak ez dauzkanak eta hortik uste dut lortu nuela egitea nituen baliabideekin nahi nuenari asko gerturatzen zitzaion zerbait.
IRATI (LK). Bada zerbait.
INES. Bai, bada zerbait.
IRATI (LK). Zerbait berritzailea, berezia, ezohikoa. Zerbait handia. Anbizio artistikoagatik, produkzioaren neurriagatik, eta sortu duen edertasunagatik. Bere bakarkako lehen lanarekin Ines Osinaga iritsi da nahi zuen lekura, eta gustura dago azken emaitzarekin. Baina are gusturago dago, azkenean ikasi duelako azken emaitza horri garrantzia kentzen.
INES. Bai. Nora helduko naiz? Ba, ez dakit. Agian inora ez, e? Eta gero benetan, benetan, orain arte igual pixka bat demagogia iruditzen zitzaidan baina orain hain sentitzen dut benetan sortzen ari naizenean interesatzen zaidala gehiago bidean nire buruari egiten dizkiodan galderak eta zalantzan jartzen dudan hori eta zalantzan jartzen ditudan dinamikak, zalantzan jartzen ditudan botere harremanak edo dena delakoa bukaerako produktua baino. Tira, hau da… pixka bat kontraesankorra da, ze gero merkatua, industria, eta eskaparateak, produktua, salgarria izan behar da, ez? Baina ez dakit gustatzen zait sortzea hain salgarriak ez diren produktuak.
IRATI (LK). Bere produktuak saldu, bere artea saldu gabe. Egokitu bere produkzioa merkatuaren arabera baina produzitzeko orduan bere buruari obeditu. Lan egin beti publikoa gogoan hartuta eta publikoa erabat ahaztuz. Halakoak dira edozein sortzailek bere lanean topatzen dituen kontraesanak, zailtasunak. Eta gero badira beste batzuk sortzaile hori emakumea denean agertzen direnak. Amatasuna aipatzen da askotan musikari izateko oztopo bezala baina Gose utzi ondoren ama izan zen gure gonbidatua ez dago horrekin guztiz ados.
INES. Iruditzen zait tranpa bat dela esatea amatasuna dela kanpoan uzten gaituena. Argi dago amatasuna dela zeharkatzen gaituen bariable bat. Eta argi dago emakume, ama eta edozer gauza izatea zaila dela.
IRATI (LK). Izatea, ez izatea…
INES. Bai baina pertsona zaurgarri bat zaintzeak sistema honetan jartzen zaitu produktibo izatetik beste leku batean. Orduan izatetik idazle edo pertsona zaurgarriago baten zaintzaren kargu zaila da, zaila ez dagoelako baloratuta. Orduan emakume, ama… izatea zaila da. Baina tranpa da esatea amak garelako ez garela musikari eszenan. Amatasuna ez da eszenatik aldentzen gaituena. Ez da ama garelako. Izan daiteke amatasunarekin lotuta mundua begiratzeko, edo mundua habitatzeko, edo munduan irakurria izateko moduagatik. Baina ni ez nau aldendu amatasunak. Aldendu nau jartzea muga batzuk… abiadura handiko tren horrek konturatu nintzen ez ninduela itxaroten. Eta esan nuen, ostia, nik uste nuen niri ez zitzaidala gertatuko, e? Nik ere uste nuen niri ez zitzaidala gertatuko. Niri ezetz. Baina espazio publikoak, eta jardute publikoak, ez arteak, ze sortzen jaraitu genezake, jarraitu genezake baldin eta ipurdia garbitzeak denbora uzten baldin badigu, gauza guztiak, ez? labadora jarrita daudenean, eta gure etxeko aingeru hori hiltzen badugu, baina sisteman molestak gara bestelako… jada ez garenean hain gazte eder eta promesa. Orduan nik bai sentitzen dut behar hori apropiatzeko señora musikari izatearena. Nik nahi dut izan… ama musikari izan nahi dut. Ama nahi dut izan. Zahar musikari, ez?
IRATI (LK). Señora musikari dio, Arrasateko bere lantokian batu garen egunean “izan señora” dioen kamiseta zuria daramalako eta bere adinean, kamisetak egiten duen aldarri umoretsu hori oso modu intimoan defendatzen duelako. Eta konbikzio handiz.
INES OSINAGA. Señora izatea. Hor badago beste zerbait. Ni konturatzen naiz nik eszenan baneukan zerbait erakargarria, eszena hegemonikoan esan nahi dut. Molestatzen nuela baina baita ere erakargarria nintzela, ederra, gaztea eta argala nintzen artean. Promesa zaren artean. Gaztea zaren artean. Baina gero jada emakumeak… ebidentzia zientifikoa badago. Badaude bi arrakala musikaren generoaren inguruan. Bata da intimotik publikora, alegia, pasatzen garenean entsegu lokalean edo eskolan edo dena delakotik, plaza publikoan musika egitera, hor badago genero arrakala bat eta askoz gehiago dira gizonak emakumeak baino. Eta gero badago beste bat, señora adin batean. Badago langa bat pasatzen duguna, baldin eta gazte promesa eta erakargarri bagara, baina jada baldin bagara señorak, kontestonak, no hay derecho esaten dugunak… ez hain argalak, eta ez hain konplazienteak garenean.
IRATI (LK). Beste modu batera esanda: gizarte honetan gizon askok ez dute entzun ere egiten emakume gazteek esaten dutena. Eta emakumeak hain gazteak ez direnean, entzuten dutena… ez zaie gustatzen. Neska gazteak ez dira serioak. Señorak, berriz, serioegiak dira. Gauzak horrela edo ez dago irtenbiderik emakumeentzat edo emakumeentzat irtenbide bakarra dagoz, gure gonbidatuak proposatzen duena: gizon horien begiradatik askatu eta elkarri hobeto begiratzea.
INES. Erreferentzia eman elkarri. Baita ere. Iriuditzen zait elkarri eman beharko geniokeela ematen dioguna baina askoz gehiago autoridadea eta ikusgarritasuna. Ze autoridadea eta ikusgarritasuna begirada maskulinoak eman behar badigu, jai daukagu. Hori alde batetik eta beste alde batetik beti egongo gara begirada maskulino horren aprobazioaren zai. Eta ez. Agian nahiko daukagu elkarri ematearekin autoridade hori, ezta? Gero norbere buruari emateko gai izateko baita ere, ez?
IRATI (LK). Badira elkarrizketatu batzuk bereziki eskuzabalak direnak haien lanaz, haien sorkuntzarako prozesu intimoaz eta bizitzaz hitz egiten dutenean. Gutxi bere etxetik pisu bat beherago daukan lantokian hartu gaituen azken gonbidatua bezain beste. Goxotasunez, zintzotasunez, hitz egin digu bere oraingo eta iraganeko lanari buruz, eta esker oneko sentiarazten gaituen eta asko eskertzen diogun eskuzabaltasunez etengabe aldatzen ari den iraganeko eta oraingo Ines Osinagari buruz. Beregana, eta berarekin, sorkuntza egarriz eta sormen gosez, bere baitako itsasoan nabigatzen ari den Ines Osinagari buruz.
Zein da zure erreakzioa?