2013rako elementu positiboak

2013rako elementu positiboak

2 min.

2013rako elementu positiboak

Hasi dugun urtea ziurgabetasunez beterik dago. Jakina, etorkizunari datxekion zerbait da ez jakitea, eta, hain zuzen, “ez jakite” horretatik sortzen dira itxaropenak. Horiek ez dira gure desioekin nahastu behar.  Gainera, zoritxarrez bost urte krisian murgilduta daramagunez, urduritasunak dena kutsatzen du eta "itxaropenak" elementu negatibo pila bilakatzen dira, non zerbait positiboa bilatzea ia ezinezkoa den. Horregatik, urteko lehen artikulu honetan, positibotzat jo ditzakegun alderdiak izango ditugu mintzagai, hau da, hasi berri dugun urterako itxaropen positiboak.

Ikuspegi orokorretik begiratuta, azpimarratzekoa da bi zonatan argi-izpi batzuk ikusten direla: AEBn eta suspertzen ari diren herrialdeetan.

Amerikako erraldoiarekin hasiko gara. Lehenik, azpimarratzekoa da amildegi fiskala –gure aurreko postean komentaturikoa– nolabaiteko arrakastaz saihestea lortu dela, nahiz eta oraindik alderdi batzuk zehaztu gabe geratu diren eta urteko lehen hiruhilekoan zehar politikari amerikarren agendetan izango den. Hori esan ostean, bigarrenik, hazkundea % 2koa ingurukoa izatea espero da aurtengo urtean. Suziriak botatzeko moduko zifra ez den arren, hazkundearen profilari loturiko elementu batzuek baikor izatera eramaten gaituzte. Zehazki, zerga-politikan espero da hazkundeak lehentasuna izatea zorroztasunaren aurrean, eta ez joera hedapena delako, baizik eta defizit fiskalaren doikuntza behar bezain motela izatea espero dugulako. Gainera, moneta-politikak biguna izaten jarraitzen du, eragile ekonomikoen portaeran negatiboki ez eragiteko beharrezko lasaitasun-testuingurua eskaintzeko. Hazkunde-ereduari dagokionez, espero dugu barne-eskarian oinarritzea. Bizitegien inbertsioak protagonismo berezia izango du, higiezinen sektorearen doikuntza amaitu baita.  Kontsumoak ere protagonismoa berreskuratu du, % 2,5 inguruko tasarekin, besteak beste, sektore higiezinaren hobekuntzari loturiko aberastasun-efektuak eraginda. Beharbada, inbertsioaren hazkundea atzeratu egingo da, zuzenketa fiskalari loturiko zalantzak argitzen diren arte. Dena den, ziurrenik enplegu-sorkuntzaren erritmoa hazi egingo da joan zen ekitaldikoarekin alderatuta, eta, batez beste, 200.000 enplegu sortuko dira hilean.

Suspertzen ari diren herrialdeei dagokienez, joan zen urtean zehar sortu ziren zalantzak desagertuz joan dira, eta egun, 2012ko hazkunde-tasen antzekoak edo handiagoak espero dira. Esterako, Txinak % 8,5eko hazkunde-tasa izango du, aurreko ekitaldiko erregistroak baino lau hamarren gehiago. Hori guztia barne-eskaintzara bideraturiko hazkunde ekonomikoak sorturiko orekari esker, kontsumo pribatuak gero eta eginkizun garrantzitsuagoa baitu.

Europari dagokionez, ez dago ezer berririk. Gainera, post honetan alderdi positiboak baino ez ditugunez jorratu nahi, 2013 zoriontsua opatuz amaituko dugu.

Azterketa hau Euskadiko Kutxaren Ikerketa Departamentuak egin du. Hilean behin, gaurkotasuneko hainbat gai ekonomikori buruz zer ikuspuntu duen ikusiko dugu.


Zein da zure erreakzioa?