Arriskua kalifikatzen duten agentziak, krisi globalaren protagonista ezezagunak

Arriskua kalifikatzen duten agentziak, krisi globalaren protagonista ezezagunak

3 min.

Arriskua kalifikatzen duten agentziak, krisi globalaren protagonista ezezagunak

Jende askok krisiaren negu hotzak astindu gaituenean ezagutu ditu arriskua kalifikatzen duten agentziak edo rating-agentziak. Komunikabideek haien oharrak egunero jakinarazten dizkigute, eta era guztietako enpresa, gobernu eta erakundeak dardarka egoten dira zer erabakitzen duten jakiteko. Baina jende askorentzat krisiaren protagonista “ezezagunak” dira. Jarraian, zergatiak azaltzen saiatuko gara, erraz ulertzeko moduan.

“Kalifikazio-agentziek” finantza-produktu jakin baten (altxorraren letren, bonuen, akzioen…) igorlearen ustezko kaudimena eta ez ordaintzeko arriskua balioesten dituzte. Aipatutako datuek, adibidez, inbertsio bat arriskutsua den adierazten digute, inbertsiogileak produktuaren mugaegunean interesak kobratzeko eta dirua berreskuratzeko dituen aukerak aztertu ondoren. Horretarako, eredu ekonometrikoak erabiliz eta hainbat aldagai neurtuz, aztertutako subjektuaren ahalmen ekonomikoa balioesten dute: metatutako zorra, itzultzeko azkartasuna...

Zenbaitetan, gobernu edo enpresek, dirua behar dutenean, zorra jaulkitzea erabakitzen dute, eta, beraz, epe jakin batean interes jakin batzuk ordaintzeko konpromisoa hartzen dute. Dena den, zorra jaulki aurretik, balioespena egiteko eskatzen diote agentzia bati. Horrelako balioespenetan oinarrituz, inbertsiogile eta mailegu-emaileek non komeni zaien inbertitzea ikusten dute.

Sistema erraza, zentzuzkoa eta erabilgarria da, itxuraz. Demagun dirua inbertitu nahi dugula eta enpresa bat oso erakargarria iruditzen zaigula. Gure dirua sartu aurretik, enpresa horren arriskua kalifikatu duen agentziaren txostena ezagutzea izango da onena, balioespena positiboa dela egiaztatzeko eta seguruago inbertitzeko.

Esanak esan, zalantzak ere sor daitezke, ENRON enpresari buruz (porrot egin baino 4 egun lehenago) eta Lehman Brothersi buruz (egungo krisiaren hastapenetan) zer balioespen egin zituzten kontuan hartuta. Bi kasuetan, agentziak ez ziren heltzear zegoen krisia aurreikusteko gai izan.

Negozio eredua

Arriskua kalifikatzen duten agentzia gehienak bi negozio eredutan oinarritzen dira:

  • Agentzia txikiek harpidetzari erreparatzen diote. Hau da, kalifikazioak harpidedunentzat egiten dituzte, informazioaren truke ordaintzen dietelako.
  • Agentzia handi eta ertain gehienei, berriz, kreditu-jaulkitzaileek ordaintzen diete. Guztietan ezagunenak  Standard & Poor's, Moody's eta Fitch Ratings dira.

Jaulkitzaileek ordaindutako kalifikazioak, oro har, doakoak izaten dira eta edonork ezagutu ditzake. Baina aditu askori galdera berbera bururatzen zaie: Kalifikazioen truke ordaintzen dutenei buruzko txosten negatiborik egiten al da? Demagun Whopitelcox enpresaren jabeak garela eta, likidezia behar dugunez, zorra jaulkitzea erabaki dugula. Aldez aurretik, horrelako agentzia bati gure enpresari buruzko txostena egiteko eskatu (eta ordaindu) diogu. Txostena positiboa edo negatiboa izango da? Errealitatearekin bat etorriko da ala gure interesei erantzungo die?

Ezin dugu ahaztu arriskuaren kalifikazioak ez direla kontu-ikuskaritzak. Hizpide ditugun agentziak, izan ere, kazetaritza-agentziatzat hartzen dira erregistroetan, eta, legearen arabera, informazioa ematera mugatzen dira, besterik gabe. Ondorioz, ez dituzte kontu-ikuskatzaileen erantzukizun berberak, enpresa horien txostenen berezitasuna erabateko gardentasuna baita; bestela, irregulartasunik egonez gero, euren ondarearekin ere erantzun behar izaten dute.

Elitea

Berez, arriskua kalifikatzen duten 80 bat agentzia daude munduan, baina Estatu Batuetako hiru konpainia dira jaun eta jabe, merkatuaren ia % 90 kontrolatzen baitute. Elitea dira. Hiruren izenak etengabe entzuten ditugu komunikabideetan: Standard & Poor's, Moody's eta Fitch. Azken hori Erresuma Batuan ere finkatu da.

Gaur egun, krisiak euroaren gain oso eragin zuzena duela, Europako gobernuek arriskua kalifikatzeko agentzia europar bat sortzeko beharra aldarrikatu dute, aipatutako hiru enpresen nagusitasuna ahal den neurrian murrizteko, “euren opilari ikatza” ematen eta dolarra (eta bigarren mailan, libera esterlina) indartzen saiatzen omen direlako, munduan erreferentziazko moneta izan dadin, euroaren ordez.

Etorkizuna

Ez da batere erraza etorkizunean zer gertatuko den jakitea, krisiak berak egunez egun agerian uzten digunez.

Estatuek agentzien independentziarik ezaren erronkari nahitaez heldu beharko diote, ezaugarri horren ondorioak bete-betean ari baitira jasaten. Nola egin den jakiterik ez dagoen txosten batek herrialde baten ekonomia kinka larrian jartzea, txostenaren egileek ondorioen gain inolako erantzukizunik ez izatea, 3 agentzia estatubatuarrek munduko ekonomian neurriz kanpoko boterea izatea… Hori guztia arautzea ezinbestekoa da, baina nork ezarriko dio joarea katuari?

Europar Batasunak, kalteturik handienak, ezin ditu Estatu Batuetako enpresen jarduerak arautu. Gainera, txostenak orain arte bezala egiten jarraitzea “komeni” zaien herrialdeek inola ere ez dute onartuko agentziak arautzeko organoa sortzerik, organo horretan partaidetza garrantzitsua ez badute behintzat. Bestalde, agentziak kontrolatzeko erakundearen botereak agian horien independentzia mugatu egingo luke, txostenei lotutako jardunbideetan.

Gaiari buruzko mundu-akordioa lortzea funtsezkoa da, baina bide bihurgunetsua  eta mantsoa ere bai. Jakin bagenekien, ordea, ez zela zeregin erraza.


Zein da zure erreakzioa?