Aztertzeke dauden gaiak

Aztertzeke dauden gaiak

2 min.

Aztertzeke dauden gaiak

Urtarrila bizi dugun krisi konplexuaren adibiderik onena izan da. Merkatuek ezohiko baikortasunarekin hasi dute hilabetea eta ondoren errealitatera itzuli gara. Burtsan zuzenketa garrantzitsuak izan dira eta arrisku primak gora egin du. Egia esan, dualtasun hori zaila da ulertzeko. Izan ere, ondo begiratuz gero, 2012 amaieratik oinarriak ez dira askorik aldatu. Egia da Espainian arrisku politikoak handitu egin direla, baina uste dugu azken hilabeteetan merkatuen portaera hobetzea lortu duen gertaera nabarmen bakarra hau izan dela: zorra erosteko programa azaltzerakoan EBZk erakutsitako erabakitasuna.

Gure aurreko postari jarraituz –hazkundearen gaia izan genuen aztergai–, elementu batzuk aztertzen dihardugu, elementu horien bilakaerak aurtengo ekitaldiaren portaeraren berri emango baitigu.  Oraingoan hiru gai aztertuko ditugu: moneta-politika, inflazioa eta Euroguneko krisia.

Moneta-politikari dagokionez, espero dugu biguna izaten jarraitzea. Halere, egia da, egungo egoeran, hori lortzeko imajinazio handia beharko dela. Lehenik, garaturiko herrialdeetan tasak zerotik gertu daudelako eta, bigarrenik, Euroguneko finantza-zatiketa gehitu behar diogulako. Horren ondorioz, banku zentralak ezohiko moneta-politikak aplikatzen ahaleginduko dira. Gainera, epe laburrera banku zentral nagusien lehendakaritzetan aldaketak izango dira, eta merkatuek zorrotz begiratuko diete.

Inflazioari dagokionez, uste dugu 2013an ez dela tentsiorik egongo. Bi dira horrela pentsatzera eramaten gaituzten arrazoiak: herrialde nagusiek beren ahalmenaren azpitik ekoizten dihardute eta lehengaien eskaintzan ez da arazorik espero. Baina, espero den moneta-politika moldakorreko ingurunean, etorkizuneko inflazioari buruz galdetzea egoki deritzogu, batik bat, zorpeturiko gobernuek zorraren benetako balioa murrizteko inflazio-ingurune bat bilatzeko interesa izan baitezakete. Zentzu horretan, adierazi nahi dugu, momentuz, egoera egonkorra dela. Halere, gai horri arretaz begiratu behar diogu. Laburtuz, ez dirudi moneta-politika eta inflazioa oztopo izango direnik 2013an.

Europaren arazoa amaierarako utzi dugu. Esparru horretan ez gara hain baikorrak. Aurrerapen garrantzitsuak egon direla aitortu behar dugu, baina oraindik gai dezente daude aztertzeke. Italiaren eta Greziaren zor handiaren arazoari Espainiaren eta Irlandaren defizit handia gehitu behar zaio. Egia esan egoera hori arrakastaz birbideratzea zaila dirudi, herrialde horien sinesgarritasuna lortzeko urratsak ematen ez badira. Horretarako, zorra hein batean mutualizatu egin beharko litzateke ziurrenik. Horrela hazteko beharrezko pizgarriak martxan jarriko genituzke.

Azterketa hau Euskadiko Kutxaren Ikerketa Departamentuak egin du. Hilean behin, gaurkotasuneko hainbat gai ekonomikori buruz zer ikuspuntu duen ikusiko dugu.


Zein da zure erreakzioa?