BBF Fintech: finantza-sektoreak berrikuntza irekiari ekin dio
2020-12-07
BBF Fintech: finantza-sektoreak berrikuntza irekiari ekin dio
BBF Fintechek talde bat osatu du, startup disruptiboetako, finantza-sektoreko (LABORAL Kutxa eta Kutxabank) eta alor teknologikoko (Dominion) zenbait partaiderekin batera, bere Berrikuntza Irekiko Programaren inguruan. Finantza-sektoreko teknologia berriek dakartzaten erronkei aurre egiteko lankidetza sustatzen du programak.
Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta Mondragon Unibertsitateak sortu dute ekimena, eta martxan da dagoeneko. Urrian hasi ziren aztertzen zer erronkari egin behar dieten aurre finantza-erakundeek, konponbide berritzaileak bilatzeko asmoz.
Ekimenaren xehetasun gehiago izateko, Mirari Tejero eta Oscar Muguerza —LABORAL Kutxako Enpresen Negozioaren Garapenaren arduradunak eta programa horretako finantza-sektoreko ordezkariak— elkarrizketatu ditugu.
Berrikuntza Irekiko programaren moduluak
ENPRESETARAKO BANKA: Bizpahiruna eguneko sei modulu ditu Berrikuntza Irekiko programak, eta hau du helburua: erronkak zehaztea, eta konponbideak proposatzea eta baliozkotzea. Orain arte zertan jardun zareten labur azalduko diguzu, mesedez?Lehen urratsa (Kick Offa): harremanetan jartzen
Mirari Tejero: «Lau lan-saio egin ditugu jada. Programan «Kick Off» deritzona izan zen lehenbizikoa, eta hau zuen helburu: testuingurua eta metodologia zehaztea, eta partaideen eginkizunak banatzea. Lehen harremana izan zen. Guztira, ia 20 laguneko taldea osatu genuen, eta profil oso desberdinetako jendea elkartu: exekutiboak eta juniorrak, askotariko negozio-eremuetakoak, gainera. Lehenbiziko egunean, elkar ezagutu eta elkarri azaldu genion zer espero genuen ekartzea programak, zer helburu genituen eta zer ekarpen egin ziezaiokeen taldeari gutako bakoitzak».Finantza-sektorearen erronkak (Challengeak)
M.T.: «Bigarren saioa, berriz, finantza-sektorearen joerak, ekimenak eta erronkak partekatzeko izan zen. Horretarako, programaren bi ikuspegiak jorratu genituen. Alde batetik, finantza-erakundeon ikuspuntua: Xele Olaizola, Kutxabankekoa, eta Oscar Muguerza jardun ziren horretan. Bestetik, programan dauden eta fintechen mundu honetan hainbat negozio-eremutan esku hartzen duten startupen ikuspegia aztertu zen. Helburua: begiak zabalik edukitzea, ikuspegi zabalago baten bidez aukerak detektatzeko; iritziak bi ikuspegietatik jasotzea, alegia. Balio-proposamena prestatzen hasteko lagungarri izan zitzaigun saioa, eta merkatua guk detekta genitzakeen ase gabeko beharren inguruan eratzeko. Saioa amaitzeko, sortu ziren ideiei lehentasuna ematen ahalegindu ginen, merkatuan izan zezaketen garrantziaren eta detektatu genituen beharrak asetzeko zeukaten balioaren arabera».Burua zabalik (Open Mind): teknologia eta negozio-eredu berriak
M.T.: «Hirugarren saioan, finantzei aplikatutako teknologia berritzaileak izan genituen hizpide. Bigarren jardunaldian sortutako ideiei eta aukerei teknologia horiek nola aplikatu hasi ginen pentsatzen, berrikuntza disruptiboa lortzeko ekinean aurrera egiteko. Besteak beste, teknologia hauek aztertu genituen: Blockchain, adimen artifiziala, Business Data Analytics eta robotika».Erronkaren definizioa: ekonomiaren suspertzea tokian tokiko dendetan eta enpresa txikietan
B.E.: Hitz egingo al diguzu zehaztu duzuen erronkaz?M.T.: «Azken saioan, landu beharreko erronka adosten eta zehazten saiatu ginen, eta tokian tokiko denda eta enpresa txikietan ekonomiaren susperraldiak izan dezakeen eraginerantz bideratu genuen». Asmoa erronka horri ekitea da, baina ez —bakarrik— Covid-19ak eta oraingo krisiak gogor astindu dituen sektoreak direlako, baizik eta etorkizuneko ikuspegi batetik begiratu behar ditugulako. Negozio-eredu horietan zerbait aldatu egin da, eta geure ekarpena egin nahi dugu. Lankidetza-prozesu bat da eta, programaren amaieran, erronkari zer konponbide aurkezten dizkioten azalduko dute startupek. Ikusiko dugu nork eta nola garatzen dituen soluzioak».
Oscar Muguerza: «Mirarik jada aipatu duenez, bezeroen premiak eta finantza-sektorearen merkatua aztertu ditugu. Finantza-erakundeon beharrak izan ditugu aztergai, barrutik begiratuta: eraginkortasun-kontuak, arriskuak neurtzea eta abar. Baina, batez ere, kanpora begira jardun gara: bezeroen esperientzia, kontratazioa… Merkataritzaren erronkak badu alde on bat: gai askori eragiten die (bezeroaren arreta, erabiltzaile-esperientzia, eta ordainketak zein adimen artifiziala, eskaintza oso pertsonalizatuak egiteko). Eta erronka horren abantaila nagusietako bat zera da, programan dauden startup ia guztiek izango dutela beren ezagutzaren parte baten ekarpena egiteko aukera. Alor askotako profesionalak daude: ordainketak, ondarearen kudeaketa, robo advisorra eta blockchaina».
«Lankidetzakoa da programaren espiritua, guztiz gardena. Badaude, bai, elkarrekin lehiatzen diren zenbait startup; hor gaude, bestalde, Kutxanbank eta gu, lehiakide erabatekoak. Baina elkarlan-giroan dihardugu, denon artean konponbideak bilatu nahian. Funtsezkoa da, gaur egun, proposatzen dugun erronka; izan ere, badakigu zer egoera ari den jasaten merkataritzaren sektorea, zeinak pandemiaren aurretik ere arazoa larriak baitzeuzkan (merkataritza elektronikoa eta plataforma handiak, esate baterako).
Mondragon Team Academy metodologia
B.E.: Mondragon Team Academy delakoaren metodologia du oinarri programak. Nola aplikatzen da metodologia hori?M.T.: «Ezaugarri jakin batzuk ditu lan egiteko gure moduak: talde-lana, parte-hartzaileen arteko lankidetza sustatzea, ekosistema berriak sustatuko dituzten loturak sortzea gure artean, ekintzaile izateko gaitasunak, sormena eta berrikuntza-prozesua, adostasuna eta ikaskuntza».
BBF Fintecheko aholkulari (coach) diren “Maitane Martínen eta Asier Quesadaren eginkizuna garrantzitsua da oso. Lanera bultzatzen gaituzte, parte hartzen dugun ekimenetan buru-belarri murgiltzera. Hau da jarrera horren helburua: guztiok parte hartzea (behin, gutxienez) hasierako faseetako talde-dinamikaren batean, taldeko gainerako partaideekin batera».
Aurreko faseetan hartu ditugun erabakiak berriro azterrarazten dizkigute, haietaz seguru egon eta eroso senti gaitezen. Batez ere taldearen engaiamendua lortzen saiatzen dira. Izan ere, garbi asko diote: erabaki den hori partekatzeko eta horretan sinesteko, denok egon behar dugu ados erabaki horietara iristeko moduan, eta argi eduki ados gaudela».
«Oso dinamikoak izan dira jardunaldiak, eta denok hartu dugu parte, gogo biziz gainera. Chek in edo erregistroa deritzona egiten dugu, beti, jardunaldien hasieran, zertara etorri garen gogoratzeko, eta ekitaldirako eginkizunak eta helburuak zehazteko. Eta chek out (egiaztapen) saiotxo bat ere egiten dugu, ekitaldia bistaratu, laburtu eta hartaz gogoeta egiteko eta zer sentsaziorekin amaitzen dugun jakiteko. Taldeko giroa eta dinamika sortzeko metodologia bat da, berrikuntza- eta adostasun-prozesua sustatzeko modu bat».
Hautatutako zazpi startupak
B.E.: Hitz batzuk programaren laguntzaile diren startupei buruz…O.M.: «Askotarikoak dira, eta bakoitza une jakin batean dago. Desberdinak dira proposatzen dituzten soluzioak, desberdinak ibilbide profesionalak eta pertsonalak. Bakoitzak bere eginkizuna du, eta oso ondo hautatuta daude. Gainera, gogoz ekin diote lanari, eta dagokienetik harago ere jo dute. Bazuen arrisku bat programak: startupetako batek konponbide zehatz bat proposatzea baina taldearen dinamikak beste alde baterantz egitea, nolabaiteko jaregite bat egotea. Baina alderantziz ari da gertatzen: izugarri laguntzen dute denek eta, honenbestez, erraza ari da izaten lankidetza. Nire ustez, nabari da Mondragon Team Academy metodologiaren eragina; izan ere, oso ona da elkarlana sustatzeko eta ideia berriak plazaratzeko».
Programaren amaiera: erronkaren konponbide orokorra eta lankidetzaren onurak
B.E.: 2021eko urtarrilean amaituko da programa, eta orduan aurkeztuko dira proposamenak. Mirari Tejerok eta zuk zeuk ere hartuko duzue parte kontzeptu-proba gisa zer ideia garatu behar den aukeratzeko erabakian.O.M.: «Denon artean zehaztu dugu zertan datzan erronka, eta konponbide bat baino gehiago aterako da hortik. Soluzio orokor bat egongo da, zenbait gai atxikirik dituela. Merkataritza-alorrean, adibidez, hau da konponbideetako bat: produktu pertsonalizatuak eskaintzea bezeroei; beste bat, berriz, ordaintzeko sistema errazak eta «minik» apenas egiten dutenak jartzea (ordaintzea beti egiten du min, izan ere). Eta guztien artean, konponbide sendo bat eratuko dute. Gero, ikusiko dugu startup guztietatik zeinek duen ibilbiderik luzeena. Baina, azkenean, lankidetza-giroan jarduten dugu: ez dugu inor epaitzen; partaide soilak gara. Corporatearen edo bankuaren papera egiten dugu, dagokiguna».
B.E.: Zer ekarpen egiten dio LABORAL Kutxari ekimen horretan parte hartzeak?
M.T.: «Guri ere aukera ugari eskaintzen dizkigu: konexioak ezar ditzakegu, ezagutza berria sortu, jakintza-alor askotako taldeetan parte hartu, ekintzaile izateko gaitasunak sustatzen ikasi, sortzaileagoak eta berritzaileagoak izan, eta talde-lanean jardun. Mondragon Team Academy metodologiak berekin dakar hori guztia».
«Gainera, erakundearen barruan mugarik gabe jarduteko aukera ematen du: eskuragarri daude talentua eta ideia disruptiboak, eta ohiko ingurunearen mugetatik atera gaitezke. Lan-arlo ugaritako ezagutza oso espezializatuak dituen jendearekin batera berritzaile izateko eta soluzioak elkarrekin aurkitzeko beste modu bat da, partaidetza handiagokoa. Guretzat aukera bikaina da, eta hasi behar dugu jorratzen berrikuntza-bide hori, beste partaide batzuekin elkarlanean».
Zein da zure erreakzioa?