Laura Ruiz, Women Lab Bilbaoren sortzailea: “Zuk zer gertatzea nahi, hura gertatzea da arrakasta”

Laura Ruiz, Women Lab Bilbaoren sortzailea: “Zuk zer gertatzea nahi, hura gertatzea da arrakasta”

Laura Ruiz, Women Lab Bilbaoren sortzailea: “Zuk zer gertatzea nahi, hura gertatzea da arrakasta”

Laura Ruiz Women Lab Bilbao proiektuaren sortzailea da. Bere burua pertsonen zale amorratu gisa definitzen du. Madrilen ia 20 urte eman ondoren, Bilbora itzuli zen, proiektu pertsonalak eta profesionalak hazteko gogor lan egiten duten euskal enpresa-sareko emakumeak balioesteko eta konektatzeko. Bertatik bertara ezagutuko dugu gizarte-mugimendu handi hori.

LK Enpresa: 20 urte Madrilen egon eta Bilbora itzultzean, Women Lab Bilbaorekin ausartu zinen. Esaguzu, nola bururatu zitzaizun gizarte-mugimendu hori abian jartzea?

Laura Ruiz: Poliki-poliki izan zen. Izan ere, Madrilen ia 20 urte egon ondoren, Bilbora itzuli nintzen, eta lan bila nenbilela, oposizioa egiten, eta, aldi berean, lan egiten hasi nintzen, eta proiekturen bat ere nire kabuz kudeatzen nuen. Bitxiena zen, lagunekin edo ezagunekin kafe bat hartzen ari nintzenean, ohartzen hasi nintzela guztiei, esperientzia duten eta proiektuak martxan dituzten emakume senior izanda, gauza bera gertatzen zitzaiela: helburuak argi zituzten, baina inoiz ez zituzten lortzen, egunerokotasunak denbora asko hartzen zielako edo ez zekitelako zer urrats egin edo zer ate jo. 

Niri dagokidanez, aurretik izandako esperientzia profesionalagatik, oso erraza egiten zitzaidan konexio horiek egitea. Orduan pentsatu nuen baliagarria izango zela Women Lab Bilbao bezalako proiektu bat; zeren, hain zuzen ere, horixe da kontua, baliagarria izatea eta kontaktu-sare bat sortzea emakume-profil zehatz horretarako, nik argi bainuen elkarri sostengua eta laguntza bikaina eman ziezaioketela beren helburuak lortzeko.

LK Enpresa: Zer lortu nahi du Women Lab Bilbaok? Zer lortuko dute emakumeek?

Laura Ruiz: Lehen esan dudan bezala, niretzat garrantzitsuena erabilgarria izatea da. Aurkezpenaren egunean, arrakastari buruz dudan kontzeptua partekatu nuen han zeuden emakume guztiekin. Egia esan, ez da nirea, Sol Aguirrerena da, baina niri asko gustatu zitzaidan entzun nuenean, eta ikur goren gisa daramat: “zuk zer gertatzea nahi, hura gertatzea da arrakasta”. Horrela, gutariko bakoitzak bere arrakasta du, eta hori alda daiteke gauden unearen arabera.

Horrela, nire helburua da Women Lab Bilbao izatea emakumeek beren helburuak lortzeko behar dutena aurkitzeko ingurunea, helburu horiek edozein direla ere.

LK Enpresa: Eta dagoeneko Women Lab Bilbaoko kide diren edo etorkizunean parte izan nahi duten emakume guztiez gain, esan liteke markek ere lekua dutela proiektu honetan?

Laura Ruiz: Bai, jakina. 400 enpresatik gorako 500 emakume baino gehiago ditugu, Euskadiko enpresa-sareko garrantzitsuenak. Izan ere, proiektu hau emakumeengan pentsatuz abiarazi zen, baina horietako bakoitza partnerra da, ekimen asko sortuko baitira eta sortzen ari baitira. Baina ez haiek bakarrik, gizonak eta markak ere proiektu honen partnerrak dira. Izan ere, aurkezpen-ekitaldian, Iberdrolak emakume horien guztien talentuaren eta gogoaren aldeko apustua egin zuen, itsu-itsuan, inork ez baitzekien nola aterako zen.

Beraz, bai. Espero dut marka asko egotea Women Lab Bilbaoren parte izateko irrikan.

LK Enpresa: Duela hilabete pasatxo izan da lehen ekitaldia Iberdrola Dorrean, eta arrakasta handia izan du. Zer sentitu zenuen 200 emakume baino gehiago ikusi zenituenean beren esperientziak partekatzeko irrikaz?

Laura Ruiz: Alde batetik, emozioa eta zoriontasuna sentitu nituen, jakina, eta, bestetik, erantzukizuna, onarpen handi horrekin egiaztatzen zelako beharrezkoa zela senior emakume profesionalen profil horretan dauden premiak aztertzen jarraitzea. Hori guztia, proiektuei behar duten guztia emateko gauza izateko dudan erantzukizuna ahaztu gabe.

LK Enpresa: 200 emakume baino gehiago parte hartzen ari dira ekimenean, eta 500 jada proiektuaren parte dira. Noraino gustatuko litzaizuke iristea Women Lab Bilbao?

Laura Ruiz: Gustatzen zait galdera hori. Duela gutxi itxi dugu erregistro librea, eta itxarote-zerrenda ireki dugu; izan ere, hasieratik argi nuen kuantitatiboa baino kualitatiboa izango zela proiektua. Horren haritik, duela egun batzuk, gogora etorri zitzaidan hasiera batean, lehen ekitaldi batean pentsatuz, Bilbon 40 pertsona inguru egon gintezkeen jatetxeren bat nuela buruan. Profil horretako emakume kopuru nahikoa iruditu zitzaidan, gauza asko egiteko aukera zegoelako. Hala ere, ia 500 gara, eta, oraintxe bertan, nahiago dut kalitateari eutsi, proiektuak xede dituen konexio eta sinergia horiek sortu ahal izateko.

LK Enpresa: Zer oztopo dituzte emakumeek gaur egun negozioen arloan?

Laura Ruiz: Bat, bereziki: bakardadea. A priori pentsa genezake, gure aurreiritziengatik edo buru-oztopoengatik, Euskadiko edozein enpresatako emakume zuzendariren profilak ez duela inolako beharrik antzeko beste emakume batzuekin harremanetan egoteko. Hala ere, Women Lab Bilbao proiektuak erakusten du hori ez dela horrela. Emakume profesional horiek beren hizkuntza bera hitz egingo duten emakumeez inguratu behar dute, hau da, haiek dauden leku berean edo egon nahi duten lekuan dauden emakumeez.

LK Enpresa: Eta bukatzeko, zer aholku emango zenieke irakurtzen ari zaizkigun emakume horiei?

Laura Ruiz: Aholku asko emango nizkieke, guztiak ere aipatu dugunaren ildotik.

Lehena, beren buruaren iruzurgilea hondartzara bidaltzea. Emakume guztiok dugu iruzurgilearen sindromea, eta kanpotik gezurra irudi dezakeen arren, guztiok ditugu beldurrak eta ez dugu sinesten zer balio dugun. Bigarrena, bere helburuen bila suziri bat bezala joatea; horretan, besteak beste, lagundu nahi die Women Lab Bilbaok. Eta, azkenik, distira egin dezatela, hobekien dakitena egin dezatela eta munduari konta diezaiotela, ez harrokeriaz, alderantziz baizik, denek distira egin dezaten behar dugulako, gainerakoei argia emateko.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Emakume ekintzaileak Elkarrizketak Talde lana