Inma Ramosekin hizketan emakumezkoen ekintzailetzari buruz

Inma Ramosekin hizketan emakumezkoen ekintzailetzari buruz

8 min.

Inma Ramosekin hizketan emakumezkoen ekintzailetzari buruz

2014an sortu zen Emakume Ekintzailearen Eguna Nazio Batuen Kontseiluan. Orduz geroztik, urteroko azaroaren 19a mundu osoan nabarmentzen den eguna dugu, egun horretan fokua honako bi ardatz hauetan jarriz: emakumezkoen ekintzailetzan eta ekintzailetzan aritzea erabakitzen duten emakumeen atzean dagoen ahalegin guztian.

Horretaz hitz egiteko, Inma Ramos dugu gurekin, Gaztenpresa fundazioko zuzendaria, hau da, LABORAL Kutxaren gizarte-lanean bilduta dagoen eta bere jardueraren ardatz gisa ekintzailetzari eman beharreko babesa duen fundazioko zuzendaria.

LK Enpresa: Ekintzailetzaren Eguna ospatu genuen apirilean, aspalditik egun seinalatua baita ekintzailetzaren arloarentzat. Zergatik sortu da Emakume Ekintzailearen Eguna?

Inma Ramos: Emakumeentzako zein biztanleriaren hainbat segmenturentzako adibide gisa baliagarriak diren erreferenteak jartzen saiatu dira Nazio Batuak. Kasu honetan, uste dut emakumeari beti falta izan zaiola emakumezko enpresaburu arrakastatsuen ereduak izatea, eta egun horrekin batera emakume horiei agerikotasuna ematea jardunbide egokia da, batez ere belaunaldi gazteenek lan-merkaturako irteera-aukerak ikus ditzaten.

LK Enpresa: 20 urte baino gehiago daramatzazu Fundazioko zuzendari gisa, eta emakumezko ekintzaile askorekin egon zara harremanetan denbora honetan guztian. Zure ustez zein dira hazkunde profesionaleko bide gisa ekintzailetza planteatzea eragiten duten arrazoi ohikoenak?

Inma Ramos: Ekintzailetzan aritzeko berezko asmoa ez duen pertsonak bere bizitzan egoera disruptibo bat bizi duenean jotzen du ekintzailetzara, egoera horrek bere errealitatea –edo baita bere ingurunearena ere– aldatu nahi izatera eramaten baitu. Egoera disruptibo hori desberdina da pertsonaren arabera (banantzeak, bizileku-aldaketak, familia izateko posibilitatea, eta abar). Dena den, nabarmentzekoa da, halaber, ezagutza handiko eta esperientzia handiko jendea dagoela, eta jende horri ez diotela utzi benetan egin nahi duena praktikan jartzen.

Pertsona ausarta eta ahaldundua da ekintzailetzan aritzea erabakitzen duen pertsona, eragozpenak daudela jakinda ere ekin eta aurrera egiten duena erronkak merezi diolako. Txapela kendu izan dut, kentzen dut eta kentzen jarraituko dut ekitea eta aurrera egitea erabakitzen duten emakume horien aurrean.

LK Enpresa: Patroi erkideak dituzten kasu asko ikusi dituzu emakumeak ekintzailetza horretara eramaten dituen aldez aurreko testuinguruan. Zein uste duzu direla ekintzailetzan aritzeko garaian emakumeek aurre egin behar dieten eragozpen ohikoenak? Pertsona horientzat erkideak diren eragozpen jakin batzuk daudela uste duzu?

Inma Ramos: Lehenengo eragozpena pertsonala da. Emakumeok, ni ere tartean, beti dugu estimu-faltako puntu bat. Egin daitekeela konbentzitu behar du nahitaez nork bere burua, baina beti dago mugatzailea izan daitekeen segurtasunik gabeko puntu txiki bat. Eta bigarrena ibilbide pertsonala bera da, hau da, familia izan nahi baduzu, zer babes dauzkazun, eta abar.

Zenbaitetan emakumeak zertxobait geraraztea lortzen duten erronka txiki horiek kenduta, ondo kokatzea lortzen duten bezain laster oso bizkor abiatzen dira. Horregatik da garrantzitsua haiei handiak direla eta lortu dezaketela ikusaraztea.

LK Enpresa: Normalean, pertsona ekintzaile bat edo proiektu ekintzaile bat imajinatzean, dauzkaten gaitasun guztiak etortzen zaizkigu burura, baina, batzuetan, oso garrantzitsuak diren zenbait osagai ahazten ditugu, hala nola izaera, emozioak edo ekintzailetzan aritzeko erabakia hartzera pertsona hori eraman duen guztia, ezta?

Inma Ramos: Beti ahazten den gauzetako bat zera da, ekintzailetzan aritzea zaila dela bakarrik zaudelako eta arau guztiak zerotik egin behar dituzulako. Hori dela-eta, garrantzitsua da ondo inguratuta egotea eta behar dugun informazio guztia sortzeko lan egitea, baina, batez ere, ekintzailetzan aritzea ia gure eremu guztia hartzen duen eguneroko ahalegina eskatzen duen proiektu bat dela ulertzea.

Erabaki hori ez da soilik pertsona horrena, eta, aitzitik, familia ere inplikatzen da horrekin, diru-kopuru handia inbertitu behar baita. Ingurunea oso garrantzitsua da, dena erraztu egingo dizulako eta zu horren bakarrik ez sentitzen lagunduko dizulako. Hori alde batera utzita, kontuan hartu beharrekoak diren eta ekintzailetzan aritu ez den jendeak ezagutzen ez dituen gai ugari daude.

LK Enpresa: Fundazioaren buruan egin dituzun urte hauetan guztietan esperientzia askoren lekuko izango zinen, eta esperientzia horietakoren bat liburu batean edo bat baino gehiagotan biltzea mereziko luke. Gustatuko litzaizuke haietakoren bat gogora ekartzea eta gurekin partekatzea?

Inma Ramos: Istorio asko ditut, baina bada oso gazte harrapatu ninduen eta hari buruz hitz egiten dudanean oraindik ere hunkitu egiten nauen bat, oso erraz ikusten baita jendeak arrakasta duela prestakuntza handia duenean, baina bada halaber arrakasta duen eta inolako prestakuntzarik ez duen jendea ere.

Duela urte batzuk, senarraz banandu berri zela esan zidan emakume bat iritsi zen Gaztenpresara, eta lau seme-alaba zituela, jaten jarraitu behar zuela, eta, horrez gain, ez zekiela ez irakurtzen ez idazten ere esan zidan. Garai hartan ikastaro batzuetako irakaslea nintzen, eta ikastaroetan parte hartzean ekintzailetzan aritzea eta proiekturako diru estra bat lortzea aukeratu zitekeen. Ikastaroak iraun zituen 15 egunetan nire alboan eserita egon zen emakume hori, eta inork ez zuen jakin ez zekiela ez irakurtzen, ez idazten.

Hark zituen kualitateez hitz egin genuen, etxekoandrea zela kontatu zidan, eta etxea oso garbi izatea gustatzen zitzaiola, eta, hori horrela, etxean bertan ostatu bat jartzea erabaki zuen. Seme-alabek eta berak guztiek elkarrekin lo egiten zuten gela batean, eta gainerako etxe osoa oheekin egokitu zuen. Horrela lortu zuen seme-alabak aurrera ateratzea.

Guztira iristea ahalbidetuko zion lan bat benetan behar zuen emakumea zen, seme-alabak zaindu eta haiek aurrera ateratzeko. Eta halaxe egin zuen.

LK Enpresa: Pauso ugari eman dira urte hauetan guztietan, baina zein uste duzu izan daitezkeela emakume ekintzaileek etorkizunera begira aurre egin beharreko erronkak?

Inma Ramos: Hezkuntza-arloan bide luzea dugu aurretik oraindik ere. Gure alabek, gure emakumeek, rol jakin batean egon gabe merkatura irteteko indarra izan dezatela lortu behar dugu.

Emakumeak oso bizkor iristen dira heldutasunera eta lepoan edozer gauza hartzeko gai dira, eta nik uste dut mende hau haiena dela, edo hobe esanda, gurea. Nik beti animatuko ditut gogor lan egiten jarraitzera, ezen argi izanda nora iritsi nahi dugun, dena lortzen da. Nola lortzen den gutxienekoa da, helmugara iristea da garrantzitsua.

LK Enpresa: Asko hitz egin dugu emakume ekintzaileez eta egin diezuen akonpainamenduaz. Kontatu iezaguzu pixka bat nola jarri daitezkeen harremanetan Gaztenpresarekin, nola funtzionatzen duen eta nola lagundu diezaiekezuen.

Inma Ramos: Ekintzailetzan aritu nahi duten pertsona guztiei laguntzeko dago irekita Gaztenpresaren lantaldea. Horregatik, info@gaztenpresa.org helbide elektronikoan, gure webgunean edo 900 10 11 43 telefono-zenbakira deituz aurkitu gaitzakete, edo baita LABORAL Kutxaren bulego batera bertaratuta ere. Gainera, arreta presentziala izateaz gain, Gaztenpresa Digital plataformak sarbide bat emango die astirik ez duten pertsonei edo ekintzailetzari buruz ikertu nahi dutenei ekintzailetzan aritzeko zer pauso eman behar diren asti gehiagorekin ikus dezaten,


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Emakume ekintzaileak Elkarrizketak