Diskurtsoa aldatzen ari al da?

Diskurtsoa aldatzen ari al da?

2 min.

Diskurtsoa aldatzen ari al da?

Tribuna honetan sarritan izan dugu hizpide krisiaren aurkako europar errezeta, Frantzia-Alemania ardatzak sustatu duena; zerga-zorroztasunaren eta egitura-erreformen aldeko apustu sendoa du oinarri, ekonomiaren epe ertainerako aurreikuspenak hobetuz murrizketek epe laburrean eragiten dituzten ondorio kaltegarriei aurre egiteko xedearekin.

Analista askoren iritziz, aurrean dugun arazoa ez da horrenbeste zor subiranoaren krisia, baizik eta, batez ere Eurogunearen Gobernantza, Europaren arazoa. Mende honetako lehen garaiak bekokian benda jarrita bizi izan zituen zonaldeak, eta kide dituen herrialdeetan hainbat eratako desorekak metatuz joan ziren. Horregatik, egungo egoeran auzi askori egin behar zaie aurre, ez bakarrik zorraren arazoari, eta beraz, malgutasun handia behar da.  Eta hori da gakoetako bat. Errezeta finkoak, zurrunak, ezinezkoak dira.  Irudimena eta metodoa uztartu behar dira egoerari aurre egiteko. Izan ere, arau finko batzuk aplikatu nahia herritarren borondatearen aurkakoa izaten da,  azken finean eurak baitira ondorioak pairatuko dituztenak. Hori guztia gehiengoaren borondatean islatzen da, eta ondorioz errezeten gaineko presioa sor daiteke, nolabaiteko gurpil zoroa eraginez eta egoera are gehiago katramilatuz.  Antzeko zerbait gertatu da Frantzian eta Grezian burutu berri dituzten hauteskundeen ondoren. Frantziako primarioen emaitzen ondoren, Hollanden diskurtsoa ikusita, ordura arteko errezeta ofiziala zehazten hasi ziren eta doikuntzari aldagai osagarria gehitu zaio:  hazkundea. Azken finean, aurreikusitako emaitza kontuan hartuta, bi potentzia handien arteko trenen talka saihestea zen helburua: Frantzia eta Alemania. Gure iritziz, bizi dugun krisiari egindako hurbilketa errealistagoa da, bai. Baina era berean, gertatutakoak badu zer kritikatu, izan ere, ideiak argi ez ditugunaren itxura ematen ari baikara. Hazkundeaz hitz egiten da, baina ez da inondik inora zehazten nola inplementa daitekeen bi helburuak uztartuko dituen politika. Egia esan, ez da ezustekoa izan 2010ean zor-krisiak eztanda egin zuenetik ekonomia-politikako jarduketari so egon garenontzat; Europako goi-bilera asko neurri zehatzik gabeko  hotsandiko asmo-deklarazioekin burutu dira. Eta azkenean “merkatuak” konturatu egiten dira erregea biluzik dagoela.

Bestelako gaia da Greziako hauteskundeetako emaitza konplexuena. Azken aldian herritarren artean areagotuz joan den nahigabea islatzen dute, eta aldi berean, egoera gobernatzeko zailtasunak izango direla erakusten dute. Probabilitateei begira, gaur egun Greziak Eurogunea uzteko aukerak % 50etik gorakoak direla uste dugu.

Artikuluaren izenbururako aukeratu dugun galderaren erantzuna ez dakigu zein den, baina espero dezagun politikariek erabakiko duten konponbideak argi uztea Europak badakiela krisitik indarberrituta nola atera.

Azterketa hau Euskadiko Kutxaren Ikerketa Departamentuak egin du. Hilean behin, gaurkotasuneko hainbat gai ekonomikori buruz zer ikuspuntu duen ikusiko dugu.


Zein da zure erreakzioa?