Ekonomia zirkularra: baliabideak berrerabili eta aprobetxatzearen aldeko apustua

Ekonomia zirkularra: baliabideak berrerabili eta aprobetxatzearen aldeko apustua

3 min.

Ekonomia zirkularra: baliabideak berrerabili eta aprobetxatzearen aldeko apustua

Azken urteotan goitik behera aldatu da planeta ikusteko gure modua. Barneratu ditugun kontzeptuen artean daude, besteak beste, jasangarritasuna, berotze globala eta karbono-aztarna, eta, ingurumenarekiko errespetua gure bizitzako alderdi oso garrantzitsua da, baita ekonomiaren arloan ere.

Sentsibilizatze horren ondorioz, produktuak ekoiztu, erabili eta botatzean oinarritutako ekonomia linealetik birziklatzearen eta berrerabiltzearen aldeko ekonomia zirkularrera igaro gara. Baina, zertan datza eta zein eremutan erabil daiteke? Jada eskuetan ditugun produktuak eta ondasunak ahalik eta gehien aprobetxatzea eta berrerabiltzea da ekonomia zirkularraren helburua, baliabide berriak erauztea saihesteko eta, horrela, hondakinen sorrera ahalik eta gehien murrizteko.

Birziklatzea eta aurreztea

Ekonomia zirkularraren joerarekin bat egin dugu gure kontsumo-jardunbideetan, eta eguneroko ohitura bilakatu ditugu etxeko hondakinak sailkatzea eta beira, pilak, ontziak, papera eta abar birziklatzea. Eginkizun horien inguruan sendotu den birziklapenaren industriak natura-baliabideen kontsumoa nabarmen murriztea eta hondakin horietatik abiatuta produktu berriak sortzea lortu du. Ecoembesen datuen arabera, iaz, Euskal Autonomia Erkidegoan, pertsona bakoitzeko 22,8 kilo plastikozko ontzi, lata eta brik bota genituen dagokien edukiontzira, eta 33,8 kilo paper eta kartoi; Nafarroan, berriz, 24,5 kilora eta 42,3 kilora iritsi ginen, hurrenez hurren. Hala, Estatu osoan, guztira, 1,5 milioi tona ontzi birziklatu ziren 2019an. Horri esker, 1,67 milioi tona CO2 gutxiago isuri zen atmosferara, 6,36 milioi MWH energia gutxiago gastatu zen eta 20 milioi m3 ur gutxiago kontsumitu.

Ekonomia zirkularraren aukerak

Baina ekonomia zirkularraren kontzeptua askoz zabalagoa da: gero eta produkzio-sektore gehiagori eragiten die eta hazkunderako, negoziorako eta enplegurako aukera berriak sortzen ari da.

Ildo horri jarraitzen dio 2030erako Espainia Zirkularra estrategiak. Eskura dauden baliabide, materia eta produktuen erabilera optimizatuko duen garapen- eta hazkunde-eredua ezartzea du helburu, eta horiek ekonomia osoan duten balioari ahalik eta luzaroen eustea. Hori guztia ahalik eta hondakin gutxien sortuz. Horregatik, baliabide biologikoak jasangarritasunaren eta efizientziaren parametroen arabera erabiliko dituzten produkzio-prozesu berriak garatzea da estrategiaren xedeetako bat. Bide horretan lagungarri izango da, halaber, kontratazio publiko ekologikoa sustatzea eta «enplegu berdea» esaten zaiona sortzea, enpresen lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatze aldera.

Zer eragin du ekonomia zirkularrak sektoreetan?

Ekonomia zirkularraren estrategiaren barruan lehentasunezko sei sektore daude: eraikuntza, nekazaritzako elikagaien sektorea, arrantza, industria, kontsumo-ondasunak eta turismoa.

Eraikuntza

Sektore indartsuenetako bat da, baina baita kutsatzaileenetakoa ere: hormigoia, adreiluak, plastikoak, metalak… Eraikuntzak aztarna ekologiko garrantzitsua uzten du; izan ere, Europar Batasunean ia 500 milioi tona hondakin sortzen ditu urtean, birziklatzeko oso zailak direnak. Ekonomia zirkularraren alde egiteko, lehengai berriztagarriak erabili behar dira eta birziklatutako hondakinekin egindako material berriak ikertu.

Nekazaritzako elikagaiak

Europar Batasunean 88 milioi tona inguru elikagai alferrik galtzen da urtero. Hondakin horiek 143.000 milioi euroko galerak eragiten dituzte urtean, ingurumen- eta energia-kostu handiez gain. Beraz, ekonomia zirkularraren erronka dira, besteak beste, kalitate handiagoko elikagaiak arrazoizko prezioetan ekoiztea; isuriak, aztarna hidrikoa eta produktu kimikoen erabilera murriztea, eta ahalik eta hondakin gutxien sortzea bai produkzioaren eremuan eta bai kontsumoarenean.

Industria

Ingurumenean eraginik handienetakoa duen beste sektore bat industria da. Egoera hobetzeko, energiaren, lehengaien eta uraren erabilera efizienteagoa egin behar da, produktuen, produkzio-prozesuen eta garraioen diseinu ekologikoagoa lortzeko. Hori teknologiaren eskutik egin beharra dago, 4.0 Industriaren esparruan. Europako Batzordearen arabera, ekonomia zirkularrari esker 600.000 milioi euro aurrez daitezke industria-lehengaietan, eta eredu berriak 580.000 inguru lanpostu berri sor ditzake.

Arrantza

Arrantzaren sektorean, ekonomia zirkularrak arrantza-tokien eta arrantza-baliabideen kudeaketa jasangarria eskatzen du, eta, horrekin batera, ikuskapen-sistema hobetzea, legez kanpoko arrantzaren aurka borrokatzea eta babestutako itsas erreserbak zabaltzea. Nolanahi ere, ekonomia zirkularraren ikuspegitik lehentasunezkoa da itsasoko zaborraren arazoari aurre egiteko metodoak garatzea, plastikoei bereziki erreparatuta.

Kontsumo-ondasunak

Nekazaritzako elikagaien sektorean, ehungintzan, elektronikan eta beste askotan, etxeko, laneko eta garraioko kontsumo-ondasunak dira hondakinen sortzaile nagusietako batzuk. Horregatik, ekonomia zirkularrak txikizkako merkataritzaren ondoriozko arazoak konpondu behar ditu eta produktuak eta ontziak konpontzea, berregitea eta berrerabiltzea bultzatu.

Turismoa

Sektoreak Barne Produktu Gordinean duen garrantzia kontuan hartuta, turismo-agintariek eta sektoreko enpresek jarduketak koordinatu behar dituzte ingurumenarekiko errespetua, teknologia berrien erabilera eta pertsonen segurtasuna oinarri hartuta. Ekonomiaren, ingurumenaren eta gizartearen ikuspegietatik jasangarritasunarekiko konpromiso eraginkorra eskatuko du, gero eta gehiago, turismoak.

Ekonomia zirkularrerako pausoa ematea suspertze ekologikoaren zutabe izan daiteke, eta baita aukera bat ere sektore horien hazkunde ekonomikorako eta enplegu-sorrerarako. LABORAL Kutxan planeta jasangarriagoa eraikitzen lagunduko duten jardueren aldeko konpromisoa dugu, ekonomia zirkularraren kontzeptuarekin bat; NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuetako batzuk geureganatu ditugu eta Mundu Ituneko partaide gara 2006. urtetik. NBEk sustatutako ekimen horren arabera, enpresek ingurumenaren aldeko prebentziozko ikuspegia izan behar dute kontuan; ingurumenarekiko erantzukizun handiagoa sustatzeko ekintzak bultzatu behar dituzte, eta ingurumena errespetatzen duten teknologiak garatu eta hedatzea ahalbidetuko duten politikak sustatu.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Inbertsio estrategiak