Elkarlaneko ekonomia: erabilera partekatua guztion onurarako
2020-09-21
Elkarlaneko ekonomia: erabilera partekatua guztion onurarako
Autoa partekatu lanera joateko; bigarren eskuko arropa, gailu elektronikoak edota jostailuak trukatu; lanerako gune komunak erabili; garaje-partzela batean aparkatzeko denbora banatu, bi auto aparkatu ahal izateko…
Horrelako zerbait egiten dugun bakoitzean, eskura dugunari ahalik eta etekinik handiena ateratzen diogu eta, gainera, ekarpena egiten diogu elkarlaneko ekonomiari edo kontsumoari, ia-ia konturatu gabe. Elkarlaneko mugimendu horretan, jendea kontsumitzaile gisa antolatzen da, normalean teknologia berrien bidez, bakoitzaren baliabideak modu jasangarrian erabiltzen dira eta parte-hartzaileentzako onura lortzen da. Mota horretako kontsumoak abantaila ugari dakartza:
- Merkatuan den eskaintza hobetzen du.
- Kontsumo linealaren aurrean, produktuak berrerabiltzen eta ekonomia zirkularra sustatzen ditu.
- Ingurumenari begira onuragarria da, natura-baliabideen kontsumoa eta airearen kutsadura murrizten baititu.
- Lehia sustatzen du, ekintzailetza bultzatu, eta negozio-aukerak sortzen ditu.
- Elkartasunean eta kohesioan oinarritutako balio soziala areagotzen du.
Elkarlaneko kontsumoko ekimenak Euskadin
- Koopera. Caritasek sustatutako kooperatiba-sarea da, eta askotariko zerbitzu-jardueren bidez gizartean baztertuta dauden edo horretarako arrisku-egoeran diren pertsonak gizarteratu eta laneratzea du azken helburua. Hala, helburu hori lortze aldera, zerbitzuak eskaintzen ditu honako arlo hauetan: ingurumena, berrerabiltzea eta birziklapena, kontsumo jasangarria, prestakuntza eta abar. Elkarlaneko ekonomiaren eremuan, Kooperak arropa eta gailu elektronikoak biltzen ditu, jendeak edukiontzien sarean uzten dituenak, eta berreskuratu ondoren salgai jartzen ditu, irabaziak elkartasuneko ekintzetara bideratzeko.
- Share your board. Plataforma honek surf-taulak partekatzeko aukera eskaintzen die olatu gainean irristatzearen esperientzia probatu nahi baina taularik alokatu ezin dutenei. Euren materiala gainean eraman gabe hondartza berrien bila abiatzen diren surflariak izan dituzte gogoan ekimena bideratzean; izan ere, surflari horiek zailtasunak izaten dituzte euren mailaren arabera egokiak diren taula aurkitzeko. Nolabaiteko eskarmentua duten surflariak kontuan hartuta sortu da surf-taulak maileguan uzteko zerbitzua, eta funtzionamendua erraza da: taula partekatu nahi duen pertsonak bere datuak igo behar ditu plataformara, eta taularen kokapenaren eta erabilgarritasunaren berri emango du, bisitan datorren beste pertsona bati alokatzeko.
- Ibilkari lagun artean. Ibilkari irabazi-asmorik gabeko ekimena da, eta ibilgailuen erabilera partekatua antolatzea du helburu. Hala, erabiltzaileak, partekatzen duen automobilaren erabilera bakarrik ordaintzen du. Zenbateko hori kalkulatzeko, ibilgailuaren gastuak hartzen dira kontuan: balioa, antzinatasuna, aseguruaren prezioa, zergak, mantentzea, erregaia eta abar. Kilometro bakoitzaren batez besteko prezioa 0,25 € eta 0,35 € bitartekoa izaten da, automobil motaren arabera. Nolanahi ere, zenbateko hori aldatu egin daiteke ibilgailua partekatzen duten pertsona-kopuruaren eta egiten den erabileraren arabera.
- Transporter. App honek peer-to-peer paketeria-zerbitzu berria eskaintzen du, eta horretarako baliabideak aprobetxatzen ditu, partikularren auto-bidaiak, hain zuzen. Zerbitzu horren bitartez, erabiltzaileak hirien artean egiten dituen bidaiak aprobetxa ditzake paketeria garraiatu eta aparteko diru-sarrerak lortzeko. Apparen erabilera doakoa da eta geolokalizazio-zerbitzua eskaintzen die erabiltzaileei, bidalketen egoera egiaztatzeko aukera izan dezaten.
Zein da zure erreakzioa?