Erosketa-saskian aurrezteko aholkuak

Erosketa-saskian aurrezteko aholkuak

6 min.

Erosketa-saskian aurrezteko aholkuak

Zure erosketa-saskiari eragiten dioten neurri batzuk azalduko dizkizugu.

Urtarrilaren 1etik aurrera, eta sei hilabetez, % 4ko BEZa zuten produktuak % 0 izatera pasa dira. Behar-beharrezko elikagaiak dira, hala nola arrautzak, barazkiak, frutak, lekaleak, ogia, gazta, patatak, esnea eta zereal naturalak edo freskoak. Gainera, % 10etik % 5era jaitsi da olioaren BEZa, eta neurri horretatik kanpo geratu dira antzeko zerga duten beste produktu batzuk, hala nola haragia, arraina edo jogurtak.

Hala ere, baliteke prezio batzuek handiak izaten jarraitzea, nahiz eta Espainian inflazioa moteltzen ari den (% 5,6), Euroguneko herrialdeen artean prezioen igoera txikiena izan baitu. Horregatik, komeni da hainbat neurri hartzea erosketa-saskian aurrezteko. Aholku erabilgarri batzuk proposatuko dizkizuegu LABORAL Kutxatik.

Erabili erosketa-zerrenda 

Zerbait puntuala edo premiazkoa erosi behar ez badugu behintzat, beti, BETI egin behar dugu erosketa-zerrenda supermerkatura joan aurretik. Minutu batzuk ematen baditugu zer behar dugun pentsatzen eta armairuak eta tiraderak miatzen zer bukatu den jakiteko, erosketa egokia eta ongi antolatua egingo dugu.

Ahalik eta gehien mugatu behar dugu egin dugun zerrenda horretara, beharrezkoak ez diren produktuak ez erosteko. Hala, ez dugu behar baino gauza gehiago biltegiratu beharko, ez iraungitako produkturen bat bota ere, kontsumitzeko astirik izan ez dugulako.

Aukeratu ondo supermerkatua

Erosketa egin ohi dugun establezimenduaren arabera, prezioaren aldea 900 euro artekoa izan daiteke urtebetean. Horregatik, ondo aukeratu behar dugu saskia non bete; izan ere geure hobespenen arabera (gustua, hurbiltasuna, ordutegia…) egin dezakegu hautua, baina alderdi ekonomikoa ere baloratu behar dugu.

Erabili aplikazioak

Gaur egun denetarako erabiltzen ditugunez aplikazioak, janaria erosten ere lagun diezaguke teknologiak. Tresna horiei esker, dirua eta denbora aurreztu ahal izango ditugu prezioak etxetik eroso asko konparatuta.

 

  • Tiendeo: Ezagutu gustukoen dituzun denden katalogoak, eskaintzak eta informazioa. Katalogoan nabigatu ahal izango duzu, nahi duzun produktua, denda edo marka bilatu eta zure erosketa-zerrenda egin.
  • Soysuper: Prezioen konparatzaile handia, 130.000 produktu baino gehiagorekin.
  • OCU Market: Aurrezteaz gain, osasungarriago jaten ere lagunduko dizu.
  • Gelt: Berreskura ezazu dirua inkestak eginez eta murriztu zure erosketen prezioa.
  • Too Good To Go: Dirua aurreztuko duzu inguruko taberna, jatetxe eta dendetan janaria alferrik galtzea saihestuz.
  • Soy de temporada: Sasoiko produktuak erakusten ditu hilabeteka, prezio onenean zein dauden jakiteko.

Konparatu prezioa kiloko edo unitateko

Ez diozu azken prezioari bakarrik erreparatu behar. Merke erosteko modurik onena da kilo bat edo litro bat (elikagaiak eta edaria) edo unitate bat (komuneko papera, adibidez) zenbat kostako litzatekeen alderatzea. Arreta berezia jarri erreduflazio engainagarriari: kantitatea edo kopurua murriztu arren prezioa mantentzen duten produktuak.

Deskontu handiak laster iraungitzeagatik

Gero eta ohikoagoa da zenbait elikagaik deskontu handiak izatea laster iraungiko direlako. Laster kontsumitzeko asmoa baduzu, dirua aurrezteko modu egokia da.

Fidelizazio-programak

Supermerkatu-kate handiak bezeroak leialtzen edo fidelizatzen saiatzen dira deskontuen eta oparien bidez. Adi onura horiei, denda fisikoetan nahiz online.

Bilatu beheko apaletan

Saltokiek begien parean jartzen dituzte produktu garestienak eta ezagunenak, nekerik gabe aurki ditzagun. Apal pare bat beherago begiratzen baduzu, ziur asko produktu bera aurkituko duzu, baina beste marka batekoa, dezente merkeagoa.

Kontuz gorriarekin!

Denda gehienek etiketa gorriz markatzen dituzte beren eskaintza nabarmenak. Publizitatera ohituta, alderdi hori prezio txikiekin lotzen dugu oharkabean. Establezimendu asko horretaz baliatzen dira manipulatzeko eta gure begirada produktu benetan merkeetatik desbideratzeko.

Dirua aurrezteaz gain, denbora ere aurreztu nahi baduzu, txartela edo LK Pay erabil dezakezu ordaintzerakoan, LABORAL Kutxaren appa, Mugikor bidezko eta Bizum bidezko ordainketa biltzen dituena. Hori gutxi balitz, Multiaseguru kontuak aukera emango dizu oro har aurrezteko, zure aseguruak ordainagiri bakarrean elkartuta eta ordainketa zatikatuta.

 


Zein da zure erreakzioa?