Espainia zifretan (III): Bizi-baldintzak

Espainia zifretan (III): Bizi-baldintzak

2 min.

Espainia zifretan (III): Bizi-baldintzak

Biztanleriaren bizi-baldintzak neurtzea, egiazki, zailtasun handiko lana da. Post honetan baldintza horiek nolabait neurtzen dituzten adierazle batzuk aztertzen saiatuko gara, nahiz eta fenomeno horrek alderdi gehiago dituen.

Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPIaren) bilakaerarekin hasiko gara. 2012an, erosketa-saskiaren prezioaren batez beste hazkundea % 2,4koa izan zen, EB-27k edo Euroguneak izandako hazkundearen antzekoa, hurrenez hurren, % 2,6koa eta % 2,5ekoa. Azken urteetan behin eta berriro galdetu diogu honako hau geure buruari: atzeraldian egonda, nola liteke prezioak igotzen jarraitzea. Kasu honetan, hain zuzen, igoerak ez du loturarik eskaerarekin, baizik eta zergen (BEZaren) igoerarekin eta lehengaien prezioen portaerarekin.

Familien Aurrekontuen Inkestak familien kontsumoaren inguruko aztarna bat eskaintzen digu. Hori gure bizi-baldintzaren berri ematen digun beste elementu bat da. Hori horrela, 2011ra arte lau urte daramatzagu jaisten, eta azken urteko beherakada % 1ekoa izan da eta etxeko batez besteko kontsumoa 29.482 eurokoa. Aurrekontu osotik, % 31,3 etxebizitzen, % 14,4 elikagaien eta alkohol gabeko edarien eta % 12 garraioaren gastuetara bideratu dituzte etxeek. Izan ere, horiek dira gastu-sail nagusiak. Pertsonako batez besteko gastua 11.137 eurokoa da. Penintsula bi zatitan bana daiteke, iparra eta hegoa. Azken horretan, hain zuzen, batez besteko gastua 10.500 euro baino txikiagokoa da; iparraldean, berriz, zifra hori handiagoa da. Hona hemen datu interesgarri bat, zuek interpretatzeko ematen dizueguna: Euskadi da pertsonako batez besteko gastu handiena duen autonomia-erkidegoa.

Beste inkesta bati begiratuta, Bizi Baldintzei buruzkoari, Espainiako etxeen urteko batez besteko sarrerak 25.094koak izan ziren 2010ean, hau da, aurreko urtekoak baino % 3,6 txikiagoak. Eta, datu kezkagarri gisa, Espainiako egoiliarren % 21,8 pobrezia-arriskuaren muga azpitik dago. Urtetik urtera % 1,1 hazi da kopurua. Beste gai interesgarri batzuk, esate baterako, honako hauek dira: etxeen % 38,9k ezin ditu urtean astebeteko oporrak ordaindu, etxeen % 35,9k ez du ezusteko gastuei aurre egiteko ahalmenik eta ia % 10ek zailtasun handiak ditu hilaren amaierara heltzeko.

Azken urteetan aztergai izan den beste gai batekin amaituko dugu: kotizaziopeko pentsioekin. Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak emandako informazioaren arabera, Espainian, 2012an, kotizaziopeko pentsioak 9 milioikoak izan ziren, eta urte arteko hazkundea % 1,3koa izan zen.

Bestalde, beste datu interesgarri bat da gizarte-babeseko gastua BPGaren zer portzentaje den. Espainiaren kasuan, zifra hori % 25,7koa da, EB-27ko batez bestekoa baino nabarmen txikiagoa –% 29,4–. Frantzia eta Danimarka dira sailkapen horren buruan daudenak –% 33–, eta Espainiaren portzentajetik oso urruti daude.

Analisi hau Laboral Kutxaren Ikerketa Departamentuak egin du. Hilean behin, gaurkotasuneko hainbat gai ekonomikori buruz zer ikuspuntu duen ikusiko dugu.


Zein da zure erreakzioa?