Espainiako ekonomiaren hiruhilekoko datuak

Espainiako ekonomiaren hiruhilekoko datuak

3 min.

Espainiako ekonomiaren hiruhilekoko datuak

Duela egun gutxi jakin dugu Espainiako ekonomiak 2012ko laugarren hiruhilekoan izan duen bilakaeraren berri, eta post honetan emaitza nagusiak laburbiltzen saiatuko gara. Lehenik eta behin, komenigarria da zein testuingurutan ari garen ikustea. Foro honetan sarritan aipatu dugunez, Europak bizi duen krisia alderdi ekonomikotik haratago doa, eta Batasunaren erakunde-arkitekturaren esparruari ere badagokio. Horrela, aldi berean epe laburreko eta ertaineko arazoak daudenez, zuhurtasun-modukoa nagusitu da, eta horren alderdirik txarrena agerian gelditu da azken hiruhilekoetako jardun ekonomikoan. Izan ere, 2012ko laugarren hiruhilekoan Eurogunea are gehiago murgildu da atzeraldian -% 0,6ko jaitsierarekin, eta EB-27k, berriz, bost hamarren egin du behera aurreko hiruhilekoan +% 0,1 hazi ondoren. Azken finean, laugarren hiruhilekoan agerian gelditu da Europako ekonomiaren bilakaera aurreko hiruhilekoan baino okerragoa izan dela, orduan ere txarra izan zen arren. Magnitude horiekin ez da harritzekoa eurogunean langabeziak gora egin izana; dagoeneko % 10,6koa da (aurreko datua % 10,3 izan zen).

Jarraian Espainiako ekonomia aztertuko dugu. BPGa -% 0,8 jaitsi da hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, eta duela urtebeteko datuei erreparatuz gero beherakada -% 1,9koa izan da. Labur esanda, bat dator Europa mailan gertatzen ari denarekin, baina datuak nabarmen txarragoak dira. Iazko hiruhileko guztien batez bestekoa kalkulatuta, 2012an -% 1,4 jaitsi da BPGa. Dakizuenez, gertatutakoa hiru ikuspegitatik azter daiteke: eskariaren, eskaintzaren eta errenten arabera.

Eskariarekin hasita, azpimarratzekoa da etxeetako azken kontsumoaren urteko jaitsiera, kontsumitzaileen konfiantzaren bilakaera negatiboarekin eta soldatapekoen sarien beherakada nabarmenarekin bat datorrena. Datu txar horretan eragina izan du, seguruenik, kontsumitzaileek hainbat erosketa aurreratu izanak, irailean BEZ tasak igoko zirela jakinik. Inbertsioari dagokionez, magnitudeek aurreko jaitsiera areagotu egin dela erakutsi dute, industri produkzioaren adierazleek azaltzen dutenaren ildotik. Finean, barne-eskariak 4,7 puntu kendu dizkio hazkundeari 2012ko irailetik abendura. Zorionez, kanpo-eskariak konpentsatu egin du, hein batean, jaitsiera hori 2,8 puntuko ekarpenarekin. Dena den, horretan pisu handiagoa izan du inportazioen zuzenketak esportazioek baino, izan ere, azken horietan hazkundea apaldu egin baita nazioarteko jardueraren geldialdia dela eta.

Eskaintzaren alderdia aztertuta, ia sektore guztiek, nekazaritzak salbu, datu negatiboak izan dituzte, eta tasak aurreko hiruhilekoen balioen inguruan egonkortu dira. Aurreko datuen ondorioz, urtebetean lanaldi osoko 805.000 lanpostu inguruko murrizketa garbia gertatu da.Errentaren ikuspegitik azpimarratzekoa da produkzioaren gaineko zergen igoera esanguratsua -% 20koa-, lehen aipatu dugun BEZaren igoeraren ondorioz. Azken batez, bilakaera tamalgarria izan da, eta urtean zehar joera aldatzea nahiko genuke. Datorren hilean EAEko datuak aztertuko ditugu, baina pentsatuko duzuenez ez dute ezusteko positiborik erakutsiko.


Zein da zure erreakzioa?