Europa: egoera konplexua

Europa: egoera konplexua

3 min.

Europa: egoera konplexua

Kontinente europarra sorpresa txarrez beteriko bilakaera batean murgilduta dago uda aurretik. Adierazle batzuek 2014ko bigarren hiruhilekoko hazkundearen dezelerazioa islatu zutenean piztu ziren alarma guztiak. Dena den, hori aldi baterako ondorio gisa justifikatu zitekeen, ekonomiak berriz ere gora egin baitzezakeen hirugarren hiruhilekotik aurrera. Zoritxarrez, ez da horrela izan, dezelerazioak aurrera jarraitu baitu urtearen bigarren erdian zehar, eta hirugarren eta laugarren hiruhilekoetarako aurreikusten diren hiruhileko arteko hazkunde-tasak ia lauak dira (% 0,1 eta % 0,2 inguruan). Duela gutxi, Europako Batzordeak udazkenerako aurreikuspen ekonomikoak aurkeztu ditu eta aurreko aurreikuspenei dagokienez egindako zuzenketak oso esanguratsuak dira. Abian den urteari dagokionez, Eurogunean barne-produktu gordinaren % 0,8ko hazkundea aurreikusten da, eta 2015erako, aldiz, % 1,1ekoa. Gainera, horiek ikuspegi ekonomikotik sendoen mantendu diren herrialdeei ere eragiten dietela azpimarratu behar da. Nolabait esatearren, duela urtebete Alemania, Europako potentzia handia, 2014-2015 biurtekoan % 2 inguru haztea aurreikusten zen. Une hauetan, Batzordeak zifra askoz ere baxuagoak argitaratu ditu: % 1,3 eta % 1,1, hurrenez hurren.

Europako Banku Zentralaren eta Europako Batzordearen neurriak

Joan den hilabetean, Europako Banku Zentralak aktiboen erosketak aktibatzea erabaki zuen, horiek moneta-politika ez-konbentzionala deiturikoa osatzen baitute. Izan ere, moneta-politika konbentzionalak, hau da, interes-tasen aldaketa bidez egiten denak, ez du dagoeneko ibilbiderik, haren tasa % 0 ingurukoa baita. Dirudienez, Draghi jaunak eta bere taldeak ondo aurreikusi zuten Europan bizitzen ari garen egoera, eta hazkundea eta kredituaren fluxua sustatzeko helburuarekin, beste banku zentral batzuen antzeko neurriak aplikatzen hasi dira.

Bestalde, Jean Claude Juncker Europako Batzordeko gaur egungo presidenteak 300.000 milioi euroko inbertsio-plan bat gauzatuko zela aurreratu zuen duela egun batzuk, horrek bultzada fiskala eragingo baitu. Azken finean, eskari-politika hedakorrak aktibatu dira inguruan. Eremuko jarduera ekonomiko etsigarriaren ostean, horiek hazkundearen bidea berreskuratzeko nahikoak izango ote diren da kontua. Izan ere, Batzordearen azterketan nabarmentzen den beste elementuetako bat lan-merkatuaren jarrera eskasa da. Enpleguaren hazkundeari dagokionez, datuak anemikoak dira eta langabezia-tasa (% 11,5ekoa, gaur egun) duela urte batzuetako balioetatik oso urrun dago.

Aurreko paragrafoan adierazitako neurriak koherenteak direla eta norabide egokian doazela onartu behar da. Baina, nahikoak izango ote dira? Zentzu horretan, Draghi jaunak eta Juncker jaunak neurri horiez gain egitura-izaera handiagoa izango duten beste batzuk aplikatu beharra adierazi dute, horrela, ekonomia europarra aldatu eta eremuko hazkunde-potentziala handitzeko. Baina egiturazko neurri horiek zenbait herrialdetan hartu behar dira, arazo gehien dituzten herrialdeetan bereziki, eta beraz, gobernuen maniobra-tarteak konplexuagoak dira.

Honako hau LABORAL Kutxako Ikerketa Departamentuaren azterketa bat da. Hilean behin gaurkotasunezko hainbat gai ekonomikoren inguruko zure ikuspuntua jasoko dugu.


Zein da zure erreakzioa?