Euskal Ekonomia. 2012ko txostena

Euskal Ekonomia. 2012ko txostena

2 min.

Euskal Ekonomia. 2012ko txostena

Duela gutxi argitaratu da LABORAL Kutxaren Ikerketa Departamentuak eginiko 2012ko Euskal Ekonomiaren Txostena. Informazio-laburpena da hori, izaera sektorial nabarmena duena. Euskal ekonomiaren ikuspegi osoa eskaintzen du, eragile ekonomiko nagusien informaziorik garrantzitsuenaren azterketa sakonaren bitartez.Gaiak duen garrantzia dela eta, hil honetako postean, azterketa horren konklusio nagusien laburpena eskainiko dugu:

  • 2012. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinak % 1,2 egin zuen behera, Nafarroako Foru Erkidegokoak % 1,4 eta Estatu osoan % 1,6. Aurreko bi urteetan produkzioaren alorrean emaitza positiboak izan baziren ere, 2012. urteak atzeraldia ekarri zuen berriro. Atzeraldi hori 2009koa baino txikiagoa izan da, bai, baina luzeagoa, orain arte jarraian hazkunde negatiboa izan duten hiruhilekoei erreparatuta.
  • Aurrekoaren ondorioz, lan-merkatuaren jokaera guztiz kezkagarria da. Lanpostuen galera errealitate bat da gure ingurunean. Hala, enpleguen % 6 galdu da Euskal Autonomia Erkidegoan, % 4,2 Nafarroan eta % 4,5 Estatuan.
  • Eta eraginik handiena duen magnitudea aintzat hartzen badugu, langabezia-tasa, Euskal Autonomia Erkidegoan % 14,9ra heldu da, 2011koarekin alderatuta portzentajezko hiru puntu gora egin ondoren. Nafarroan, berriz, langabezia tasa % 16,2koa da eta Estatuan % 25ekoa.
  • Tasa horiek ez dira batere normalak eta argi eta garbi erakusten dute lan-merkatuak gaizki funtzionatzen duela. Eta langabeziaren arazoa bereziki kezkagarria da gazteen artean.
  • Eskaintzaren ikuspegitik, azpimarratzekoa da sektore guztien ahultasuna, nekazaritza salbuespena dela. Bereziki nabarmenak dira eraikuntzaren emaitza negatiboak: % 6,3koa Euskal Autonomia Erkidegoan eta % 8,1ekoa Estatuan. Nafarroan, berriz, industriak izan du jaitsierarik handiena, % 4,2koa, eta zerbitzuen sektorea da 2011ko mailari eutsi dion bakarra.
Krisiak enpresen emaitzetan ere izan du eragina, eta haien erregistroak negatiboak dira jada. Zentzu horretan, mozkinen/salmenten eta mozkinen/fondo propioen ratioak, hurrenez hurren, -% 0,6koa eta -% 1,1ekoa izan ziren 2012an, azken urteetan jarraipena egin zaien euskal industria-enpresa nagusietan. Tasa horiek aurreko urtekoak baino dezente txikiagoak dira (% 3,5 eta % 6,3, hurrenez hurren).

Azterketa LABORAL Kutxaren Ikerketa Departamentuak egin du. Hilean behin, gaurkotasuneko hainbat gai ekonomikori buruz zer ikuspuntu duen ikusiko dugu.


Zein da zure erreakzioa?