Konfiantzaren kontua

Konfiantzaren kontua

2 min.

Konfiantzaren kontua

LABORAL Kutxak kontsumitzaileen eta enpresen espektatibei buruzko inkesta bana sustatu ditu berriki, bi horiek gure ekonomiako eragile nagusiak baitira. Post honetan datuen azterketatik ateratako emaitza eta ondorio nagusiak azalduko ditugu. Baina, beharbada, lehenago egoera ekonomikoa bere testuinguruan kokatu beharra dago. BPGak 2013ko erdialdetik hona hiruhilekoz hiruhileko izandako jokaera aztertzen badugu, ikus dezakegu EAEk ondoz ondoko 4 hiruhileko positibo lortu duela. Tira, hobeto esanda, azken hirurak izan dira positiboak, % 0,3ko, % 03ko eta % 0,4ko hazkunde-tasekin, hurrenez hurren, 2013ko azken hiruhilekoan hazkunde-tasa laua izan baizen (% 0ko hazkundea). Gauzak horrela, hazkunde-fasea hasi den irudikapena zabaltzen ari da eta guztiok espero dugu krisialdi luzeegi honen irteeraren hasiera izatea.

Baina ikus ditzagun aurreko paragrafoan aipatutako kontsumitzaileen eta enpresen espektatibeii buruzko datuak. Hala, euskal kontsumitzaileak ezkorrak dira etorkizunari buruz, zehazki urtebetera begira. Hala ere, kontsumitzaileen ikuspegia ez da aldatu aurreko hiruhilekoan zutenarekin alderatuta, indizearen balioak ez baitu inolako aldaketarik izan. Hau da, ez dira ez baikorragoak ez ezkorragoak. Enpresek, ordea, ikuspegi baikorragoa dute 2014ko 4. hiruhilekoaren aldean. Izan ere, indizearen balioa gorako gunean kokatu da.

Hortaz, galdera hau sortzen zaigu berehala: Nola ote da hori? Hain ikuspegi desberdina izan dezakete EAEko eragile ekonomiko nagusiek? Horren logika aurkitu nahi badugu, adierazle partzialetan sakondu behar dugu. Horiek metatuta bi indizeen balioa ematen dute. Hala, enpresen datuetan sakontzen badugu, ikus dezakegu testuinguru ekonomiko egokiagoa espero dutela aurtengo laugarren hiruhilekorako, alegia jarduera eta fakturazio handiagoak. Baina fakturazioaren hazkundea salduko den salgai kopurutik etorriko da, eta ez prezioetatik. Enpresek espero duten errentagarritasuna, berriz, aurreko hiruhilekoaren parekoa izango da. Horregatik, enpresek ez dute inbertitu eta enplegua sortzeko –ezta suntsitzeko ere–- asmorik 4. hiruhilekoan. Gauzak horrela, zentzuzkoa da kontsumitzaileek oraindik hobekuntzarik ez hautematea. Horretarako, enpleguak gora egin behar luke. Horrek bai, kontsumitzaileen igurikimenak hobetzea ekarriko luke, eta horren ondorioz kontsumo-eskariak portaera positiboagoa izango luke. Horregatik, familiek kontsumitu eta inbertitzeko hartu beharreko erabakien aurrean, erantzunak oso argiak dira:

  • Etxeetako kontsumo-igurikimenek okerrera egin dute; izan ere, inkestatutako pertsonen erdiak esan du bere erosketa edo gastu garrantzitsuak gutxitu egingo direla (% 50ek) edo ez dela aldatuko (% 46k).
  • Etxebizitza-eskaria oso ahula da (familien % 3 baino ez da erostea aztertzen ari). Hala eta guztiz ere, autoa erosteko asmoak hobekuntza txikia izan du (% 5ek dio ziur eta % 2k beharbada erosiko duela).
Labur esanda, datu horiek agerian jartzen dute agertoki honetan hainbeste aldiz esan duguna: krisialdia ez dela amaitu, hain zuzen, nahiz eta irteteko bidea hartua dugula dirudien.
Azterketa hau Laboral Kutxaren Ikerketa Departamentuak egin du. Hilean behin, gaurkotasuneko hainbat gai ekonomikori buruz zer ikuspuntu duen ikusiko dugu.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Ekonomia