Kontratu motak: Prestakuntza- eta ikasketa-kontratuak

Kontratu motak: Prestakuntza- eta ikasketa-kontratuak

4 min.

Kontratu motak: Prestakuntza- eta ikasketa-kontratuak

Prestakuntzako eta ikaskuntzako kontratuaz arituko gara. Krisialdian gazteen artean enplegua sustatu eta haien lan-munduratzea bultzatzeko sortu zuten kontratu mota hori, eta sistema teoriko eta praktikoaren bidez langileei lanbide-prestakuntza espezifikoa eskaintzea du xede. Horrenbestez, lanpostuan bertan jasotzen dute prestakuntza praktikoa, eta, gainera, ikastetxe batean prestakuntza teorikoa eskaintzen diete, enplegu-zerbitzu eskudunen kolaboratzaile den eskola batean. Gazteek lan egiteagatik kobratzea eta lanbide-bizitzan aurrera egiteko ezinbesteko izango duten esperientzia jasotzea da helburua.

Prestakuntzako eta ikaskuntzako kontratuaren ezaugarri nagusiak

  • Berariaz 16 eta 30 urte bitarteko gazteei bideratuta dago. Langabezia-tasa % 15eko tasatik jaitsi artean eutsiko zaio adin-tarte horri. Hori gertatzean, jatorrizko adin-baldintza berrezarriko da: 16 eta 25 urte bitarteko adin-tartea. Salbuespenak daude: ez dago adin-mugarik ezgaitasuna duten pertsonentzat, gizarteratze-enpresetan diharduten baztertutako kolektiboentzat eta Lantegi-eskoletako, Ikas-ekinezko prestakuntzako, Enplegu-lantegietako eta Enplegu Prestakuntzako programetako ikasleentzat.
  • Kontratatutako pertsona enplegu-eskatzaile izan beharko da, eta horretarako izena emanda izan beharko du, gutxienez egun batez.
  • Beteko duen lanpostuarekin zuzenean lotutako prestakuntza ofizialik ezingo du izan.
  • Kontratuaren iraupena gehienez hiru urtekoa eta gutxienez urtebetekoa izango da, betiere sektoreko hitzarmen kolektiboak ez badu bestelako iraupenik zehazten; nolanahi ere, ezingo da 6 hilabetetik beherakoa izan.
  • Bi hilabeteko probaldia izaten da, hori ere hitzarmenak besterik adierazten ez badu.
  • Lanaldiaren barruan, kontratuaren lehen urtean, denboraren % 75 prestakuntza praktikoak (lanak) hartzen du eta % 25 prestakuntzak. Bigarren eta hirugarren urteetan, kontratudunek lanaldiaren % 85 lanean ematen dute eta % 15 prestakuntza teorikora bideratzen dute.
  • Soldatari dagokionez, lanbide arteko gutxieneko soldataren (LGS) % 75ekoa izango da lehen urtean eta % 85ekoa bigarren eta hirugarren urteetan. 2016an LGSa hilean 655,20 eurokoa da. Beraz, kontratuko lehen urtean hileko 498,9 eurokoa izango litzateke soldata, eta gainerako urteetan, berriz, hilean 556,9 eurokoa.
  • Kontratudunak tutorea izan beharko du bere lan esparruan, egiten duen lana gainbegiratzeko.
  • Kontratua amaitzean ezin da Prestakuntzako eta ikaskuntzako beste kontratu bat sinatu ikasi eta burututako jardun berbererako, baina bai egitekoa bestelakoa bada.
  • Kontratuak Gizarte Segurantzaren estaldura osoa ematen du. Halaber, bukatzean, kontratatutako pertsonak langabezia-prestazioa jasotzeko eskubidea izango du.
  • Kontratuaren iraupenaren zenbaketa eten egingo da honako egoera hauetan: aldi baterako ezintasuna, haurdunaldiko arriskua, amatasuna, adopzioa edo harrera, edoskitzaroko arriskua eta aitatasuna. Egoeraren berri eman behar zaie enplegu-zerbitzuei, kontratuaren iraupenaren zenbatzea eteteko.
  • Ezin da egin aparteko lanordurik, ez txandakako lanik, ez gauekorik ere.
  • Dagokien Enplegu-zerbitzu publikoen kolaboratzaile den ikastetxe batean eskainiko da prestakuntza; aldez aurretik enpresak ikastetxe horretara jo eta prestakuntza teorikoa eskaintzeko hitzarmena sinatu beharko du.
  • Prestakuntza teorikoa bukatzean, ebaluazio-probak egin ditzakezu eta, gaindituz gero, dagokizun Profesionaltasun-egiaztagiria eskatu.
  • Sei hilean behin, enpresak prestakuntza praktikoari buruzko ziurtagiria egin beharko du, eta eskolak ematen dituen ikastetxeak, berriz, prestakuntza teorikoari dagokion ziurtagiria.

Eskakizun gutxi eta abantaila ugari enpresentzat

Kontratu mota horretan interesatuta dauden enpresek bi baldintza bakarrik bete behar dituzte: Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zorrik ez izatea eta isunik ere ez izatea. Kontratuok egitearen truke lortzen dituzten abantailak, aldiz, ugariak dira. Adibidez, Gizarte Segurantzaren kostua 0 eurokoa da (250 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan murrizketa ez da ehuneko ehunekoa izango, % 75ekoa baizik). Era berean, kontratuari lotutako prestakuntza teorikoaren kostuak % 100eko hobaria du.

Hobaria duten beste kontratu batzuetan ez bezala, honako honetan enpresak ez du kontratatutako pertsona nahitaez lanpostu horretan eduki behar, eta kontratua bukatzean, ez du inongo hobaririk itzuli behar. Eta datu oso garrantzitsua: Prestakuntza eta ikaskuntza kontratua bukatzean kontratu hori mugagabe bilakatzen bada, enpresak hobaria izango du Gizarte Segurantzako kuotetan, urtean 1.500 eurokoa, hiru urtez. Eta kontratuduna emakumea bada, hobari hori urteko 1.800 eurokoa izango da, hiru urtez. A, eta ez dago mugarik kontratuon kopuruari dagokionez. Dena den, gehiegi erabiltzea ere ez da komeni, eta tutore bakoitzak gehienez hiru gazte izan beharko lituzke haien lana eta prestakuntza gainbegiratzeko.

Azken ohar bat: langile autonomoek mota horretako kontratua egin diezaiekete seme-alabei ere, soldatapeko langile gisa, etxe berean bizi badira edo ez badira ere. Eskubide berberak izango dituzte, % 100eko murrizketa Gizarte Segurantzan eta % 100eko hobaria prestakuntzan. Halaber, langile autonomoak beste senitarteko batzuk ere kontratatu ahal izango ditu, etxe berean bizi ez badira eta bere ardurapean ez badaude; kasu horretan ere aipatutako laguntzak jasotzeko eskubidea izango du, betiere soldatapekorik ez duen langile autonomoa baldin bada.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Lan orientazioa