Kontsumitzaileen Konfiantza Indizea: EAEko ekonomiaren funtsezko aldagai bat neurtu dugu
2014-07-02
Kontsumitzaileen Konfiantza Indizea: EAEko ekonomiaren funtsezko aldagai bat neurtu dugu
Kontsumoak barne-produktu gordinaren % 60 inguru osatzen du, eta funtsezko eragilea da ekonomiaren egoera neurtzeko. Herritarrok egoeraren arabera ez ezik igurikimenen arabera ere kontsumitzen dugula aintzat hartuta, hiru hilean behin kontsumitzaileok etorkizunaz dugun konfiantza neurtzea erabaki dugu LABORAL Kutxan. Horrela, beste txosten bat erantsi diogu aspalditik kaleratzen ditugun azterlan ekonomikoei (Hego Euskal Herriko ekonomiaren egoerari eta bilakaerari buruzko txostenei eta etxebizitzari, enpleguari eta ekonomiaren beste alderdi batzuei buruzko txostenei).
Xede horrekin, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako 800 lagun elkarrizketatu ditugu, Europar Batasunak halako azterlanetan erabili ohi duen metodologia baliatuz. Lau alderdi ukitu ditugu itaunetan: ekonomia orokorra, etxeko ekonomiaren egoera, langabeziaren eboluzioa eta etxean aurrezteko ahalmena. Alderdi bakoitza –100etik +100era bitartean (baikortasun txikienetik handienera) balioetsi ahal izan dute. Ondoren, urteko lehen hiruhilekoko emaitzak bigarren hiruhilekokoekin alderatu ditugu.
Zein izan da ondorio nagusia?
Konfiantza hobetu egin da
–17. Horixe izan da kontsumitzaileek urtearen bigarren hiruhilekoan eman duten konfiantza-indizea. Hortaz, hauxe dugu ondorio nagusia: ekonomiak hobera egin arren, ezkor izaten jarraitzen dugu. Alabaina, orain hiru hilabete baino hobea da indizea, –23koa izan zen orduan eta. Hala konfiantzaren egoera nola eboluzioa berdinak izan dira, indizea osatzen duten lau adierazleetan: ezkorrak gara ekonomiaren egoera orokorrari, etxeko ekonomiaren egoerari, langabeziari eta aurrezteko ahalmenari dagokienez, baina ez orain hiru hil bezainbat.
Inkestaren beste emaitza batzuk: erosteko erabakiak
Azterlana osatzeko, datozen 12 hiletan zer erostea duten aurreikusita galdetu diegu kontsumitzaileei, eta merkatuan zer-nolako prezioak espero dituzten. Hauxe erantzun digute:
- Oro har, prezioek gora egingo dutela uste dute kontsumitzaileek. Baina ez dute uste asko igoko direnik ere.
- Aurreko hiruhilekoan bezalatsu, ez zaie iruditzen erosteko une egokia denik.
- Etxeko erosketa-igurikimenek okerrera egin dute.
- Eta etxea eta autoa erosteko asmoari dagokionez, orain hiru hil bezala dago jendea: ez du halako gastu handirik egiteko asmorik.
Egindako inkestaren arabera, 2014ko bigarren hiruhilekoan, kontsumoak bere horretan jarraituko du, edo igo egingo da apur bat, kontsumo pribatuari lotutako beste aldagai batzuen –ibilgailuen matrikulazioak, saltegi handietako erosketak eta lan-merkatuaren bilakaera– eboluzioarekin bat etorriz.
Zein da zure erreakzioa?