KPIa zer den eta nola kalkulatzen den

KPIa zer den eta nola kalkulatzen den

4 min.

KPIa zer den eta nola kalkulatzen den

KPIa da herritarren poltsikoan eraginik handiena duen inkesta. Produktuen prezioak zenbat igotzen diren neurtzen du, bai eta, azken batean, gure diruak denboraren joanean zenbat balio galtzen duen ere.

Hainbat urtetan, soldatak zenbat handitu kalkulatzeko erabili izan da. Baina, egia esan, soldatak ez ziren handitzen; izan ere, diruaren benetako baliora egokitzen ziren, langileek erosteko ahalmena gal ez zezaten. Gaur egun, krisia dela eta, gehikuntza ia automatiko horiek egiteari utzi zaio enpresa gehienetan, baina KPIa oso garrantzitsua da oraindik ere, aurreikuspen asko egiteko. Badakizu nola kalkulatzen den?

Nola kalkulatzen den KPIa?

Merkatu-ekonomietan, ona da prezioak urtero pixka bat igotzea. Erostea suspertzen du eta ekonomia dinamizatzen. Azken finean, ia ezinezkoa da prezioek behin betiko beren horretan jarraitzea, eta deflazioa –alegia, produktuak gero eta merkeagoak izatea– katastrofikoa izan daiteke; izan ere, nork erosiko luke auto berria, handik hilabete gutxira merkeago egongo dela jakingo balu? Historikoki, deflazio-egoerak hiperinflazio-egoerak bezain txarrak izan dira. Hiperinflazio-egoeretan, prezioak asko igotzen ziren egunean zehar, eta milioiko edo gehiagoko billeteak ateratzen ziren (baita bilioikoak ere); hots, inprimatzeko erabilitako paperaren beraren balioa ere ez zuten billeteek.

Muturreko kasu horiek alde batera utzita, prezio-aldaketek edozein garaitan dute eragina gure bizitzan. Duela mende-erdi baino gehiagotik, Estatistikako Institutu Nazionalak Kontsumoko Prezioen Indizea argitaratzen du; hau da, Espainiako familiek erosten dituzten produktuak zenbat garestitu diren jakinarazten duen inkesta. 1961an, euro batekin (166,386 pezetarekin) gaur egungo 321 eurorekin adina erosten zen. Eta duela hamar urte, euro batek gaur egungo 1,29 euroren balioa zuen; beste modu batean esanda, hamar urtean prezioak % 29,2 igo dira.

Bi dataren artean prezioak zenbat igo diren kalkulatzeko, EINek KPIaren aldaketak kalkulatzeko tresna interesgarri bat eskaintzen du, eta horretan, autonomia-erkidego bakoitzeko datuak ikus ditzakegu. Tresna hori erabilita ikusiko dugu azken hamarkadetan Errioxa, Nafarroako Foru Komunitatea eta Euskal Autonomia Erkidegoa daudela sailkapen horretako lehen hiru postuetan. EINek badu beste tresna interesgarriago bat, errentak KPI orokorraren arabera kalkulatzeko: iraganeko edozein errentak zenbat balio duen orain kalkulatzen du sistema horrek.

Erosketa-saskia

KPIaren bidez, familia batek hilabetean zehar erosten dituen produktuen prezioak zenbat igo diren adierazi nahi da. Beraz, industria-produktuak ez dira kontuan hartzen. Gainera, kategoria guztiek ez dute garrantzi berbera, eta ez dira beti produktu berberen prezioak erabiltzen. Askotan, KPIarekin lotuta erosketa-saskia hitzak erabiltzen badira ere, indize horrek supermerkatu batean eros ditzakegunak baino produktu gehiago hartzen ditu kontuan; hau da, familia baten aurrekontuan eragina duen guztia hartzen du barne.

Inflazioa, janaririk eta energiarik gabe

Azpiko inflazioa ezohiko KPIa da, elikagai freskoak eta energia-produktuak (gasolina, gasa, elektrizitatea…) kontuan hartzen ez dituena. Hain zuzen ere, bi atal horiek oso eragin handia dute familien aurrekontuan, eta oso aldakorrak dira; esate baterako, elikagaien prezioa unean uneko uzta txar baten ondorioz igo daiteke, eta petrolio-upelarena, berriz, gerra baten ondorioz. Horrek ez du esan nahi gehikuntza horiek aldaketa orokorrik ekarriko dutenik herrialde bateko ekonomian. Azpiko inflazioak ohiko inflazioak baino argiago erakusten du prezioek zer joera duten.

Mende-erdiko aldaketak

1960ko hamarkadako familien gastuak eta gaur egungo familienak ez dute zerikusirik. 2012. urtearen hasieran, KPIa egiteko erabiltzen den produktu-zerrenda aldatu zen, eta bitxikeria ugari gertatu ziren aldaketa hartan: adibidez, CD grabagarriak atera ziren, eta kanpoko disko gogorrak sartu ziren. Halaber, filmen alokairuaren ordez, tabletak sartu ziren, hala nola iPadak. Gainera, beste gastu batzuk sartu ziren; esate baterako, laser bidezko depilazioa eta logopedia-zerbitzuak. Bada beste aldaketa bitxi bat: orain, zenbait fruitu eta barazki ez dira sasoikotzat hartzen, globalizazioari esker (edo, agian, globalizazioaren erruz esan beharko genuke) urte osoan aurki baititzakegu dendetan. Nola daki EINek nola gastatzen dugun dirua? Aldian behin, organismo horrek Familien Aurrekontuen Inkesta egiten du; hain zuzen ere, gastu-nahaste hori nola aldatzen den jakiteko eta horren arabera KPIa egokitzeko, Espainiako familien batez besteko gastua zehatz-mehatz adieraz dezan. Bestela, gure aitona-amonen aurrekontua erabiltzen jarraituko lukete.

489 produktuak

Guztira, 489 produkturen prezioa kontrolatzen da hilero, eskaintzak eta beherapenak alde batera utzita. Datuak 52 probintzia-hiriburuetan eta beste 125 udalerritan jasotzen dira. Produktu guztiak ez dira leku guztietan erosten: elikagaiak (uste da familien aurrekontuaren % 18 direla) laginik handiena dira, haien prezioa 97 herri eta hiritan begiratzen baita.

EINek hilero argitaratzen du KPIa, hilabetearen erdialdean, eta haren arabera, erabaki asko hartzen dira. Guztira, datu hori kalkulatzeko, 220.000 prezio hartzen dira 29.000 saltokitan, telefonoz, faxez, posta elektronikoz edo zuzenean. Lan ikaragarria da, albistegi-titulu bihurtzen dena: Inflazioa ez da aldatu abenduan eta % 2,9an itxi du 2012a.


Zein da zure erreakzioa?