LKHaurrak: Euskaraz disfrutatzeko haurrentzako edukien 2025eko uztaileko proposamenak

LKHaurrak: Euskaraz disfrutatzeko haurrentzako edukien 2025eko uztaileko proposamenak

2 min.

LKHaurrak: Euskaraz disfrutatzeko haurrentzako edukien 2025eko uztaileko proposamenak

Ume, haur, gazte eta ez hain gazteok! Euskaraz disfrutatzeko edukiak nahi dituzue?

Uztailean, eguraldi ona eta opor are hobeak lagun, ez dago etxean geratzeko aitzakiarik eta inor etxean geratu ez dadin hainbat aukera eskaini nahi dizkizuegu, familia osoarekin egiteko modukoak eta Euskal Herriko hainbat bazter ezagutzeko aukera eskaintzen dutenak. Kostaldera joan nahi baduzue, itsas txakurrak nola dibertitzen diren ikusi ahalko duzue. Wolframioa deskubritu zuten anaien sorterrian, zientzia museo interesgarri bat bisitatu dezakezue, eta handik ez oso urrun, aintzinako erromatarren garaiko aztarnategi ikusgarri bat. Nahi baduzue, goizean iraganekoa dirudien tren liluragarri bat hartu dezakezue, eguerdian joan zaitezke haurrentzako kontzertu bikain bat entzutera eta gauez, zeruko izarren lilurak deskubritu ditzakezue.

 

🐠 Natura

Miarritzeko Akuarioa

Donostiakoaz gain, badu euskal kostaldeak beste itsas-museo bat, Aquarium-arekin hainbat jarduera antolatzen dituena, eta itsasoko bizitzari buruzko erakusketa interesgarriez gain, dordokak eta itsas-txakurrak ikusteko aukera ematen duena.

 

👩‍🔬 Zientzia

Bergarako Laboratoriuma

Euskal ilustrazioaren aberria eta wolframioa deskubritu zuten anaien sorterria izanik, Bergarak harreman estua izan du zientziarekin eta harreman hori aztertzen duen museoak 10 urte bete ditu aurten, besteak beste, euskal baleari buruzko modulo interaktibo berri batekin.

 

🏛️ Historia

Irungo Terma Erromatarrak

Erromatar inperioaren garaian, baskoien portua zegoen Bidasoa ibaiaren bokalean, eta Oiasso izeneko herri bat, gaur egungo Irunen hainbat aztarna utzi zituena, besteak beste, apirilean zabaldu zituzten termak, izen bereko museoaren atzekaldean bisitatu daitezkeenak.

 

🚂 Ibilaldia

Azpeitiko lurrun-trena

Udan zehar eta azarora bitartean, aukera dago asteburuetan lurrun trena hartu eta beste garai edo mundu batekoa dirudien ibilaldia egiteko, eta bide batez, Europako bildumarik osatuenetako bat eskaintzen duen Burdinbidearen Euskal Museoa ikusteko.

 

🌠 Astronomia

Izarren gaua Nafarroan

Europa osoan, leku gutxi daude Nafarroa bezain egokiak direnak izarrei behatzeko eta uda gau epeletan, aukera bikain hori probestu daiteke Kasedan astronomian aditu baten laguntzarekin zerura liluraz begiratzeko eta unibertsoaren misterioak ezagutzeko.

 

🎷 Kontzertua

Arima Soul

Uztailaren 26an, Chillida Lekuko museoko zelaietan, Donostiako Jazzaldiaren Txikijazz izeneko programazioaren baitan, haurrentzako kontzertua antolatu dute, etxeko txikienei soul, funk, R&B, eta jazz estiloak hurbiltzeko, Arima Soul taldearen eskutik. 

 


Zein da zure erreakzioa?