Zer irakurri, ikusi eta entzun euskaraz – 2026ko otsaila | LKULTURA
2026-02-16
Zer irakurri, ikusi eta entzun euskaraz – 2026ko otsaila | LKULTURA
Lagunok, harpidedunok, irakurleok:
Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, baditugu zuontzako gomendioak.
Otsailean, neguko hotzetatik ihes egiteko, bidaiatzea proposatzen dizuegu. Lehenik, Kanariar uharteetara, Moriarti ekoiztetxearen azken lana ikusteko, bihotza urratzen duen pelikula hunkigarria. Gero, gerra osteko Vienara, pelikula ahaztezin bat pantailan handian ikustera, eta hirugarren gizonarekin lehen aldiz bezala maitemintzera. Joan-etorriak atseginago egiteko, entzun dezakezue itsasoaren misterioetan murgiltzen den podcast bat, nahi baduzue, eta etxera bueltatzerakoan teatrora joan zaitezke, bidaia hasi baino lehen nor zineten gogoratzeko… edo ahazteko. Bukatzeko, literatura maite duzuenontzat bi kontu ditugu; lehiaketa benetan inportante bati buruzko oso informazio erabilgarri, eta webgune oso erabilgarri bati buruzko informazio benetan inportantea.
🎞️ Pelikula
Moriartiren hunkigarriena izan daitekeen pelikula bikain honetan, 76 urteko Vicente da protagonista, gaitz baten erruz iraganarekin bakea egin beharko duen homosexuala, Jose Ramon Soroizi Donostiako Zinemaldiko Zilarrezko Kontxa eman zion pertsonaia ahaztezina.
📽️ Zinema
Martxoan, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Donostian eskainiko du Euskadiko Filmotekak, Zinea eta Zientzia zikloaren baitan, gerra osteko Vienara garamatzan pelikula zoragarri hau, zuri-beltzezko thriller ahaztezina, maisulan apasionante eta akatsgabea.
🎭 Teatroa
Getxoko Muxikebarrin, otsailaren 28an, taularatuko dute Artedramak eta Axut!-en eskutik, Harkaitz Cano eta Ximun Fuchs-ek idatzitako antzezlana, nortasunaren inguruan hausnarketa egiten duena.
🎙️ Podcasta
Inko Martin eta Maider Uriartek gidatutako podcasta honek dibulgazioa eta sormen artistikoa uztartzen ditu, itsasoarekin zerikusia duten pertsona eta espezieak ezagutarazi nahi dizkio gizarteari eta podcast esperimentalik onenaren Ondas saria irabazi du..
💡 Lehiaketak
Gabriel Aresti XLIII. ipuin lehiaketa
Bilboko Udalak 43. urtez antolatu du Gabriel Arestiren izena daraman lehiaketa, eta martxoaren 30a bitartean, zabalik dago epea argitaratu eta saritu gabeko narrazio laburrak bidaltzeko eta 3.500 euroko bi sarietako bat edo 1.750 euroko bi accesit-etako bat lortzeko.
📙 Literatura
Erdaraz idatzitako liburu bat edo erdal idazle baten lanen bat irakurri baino lehen euskaraz dagon jakiteko balio dezake, besteak beste, webgune zinez erabilgarri honek, euskarara ekarri diren mundu osoko idazle eta lan guztiak biltzen dituena.
Zein da zure erreakzioa?