Zer irakurri, ikusi eta entzun euskaraz – 2026ko urtarrila | LKULTURA

Zer irakurri, ikusi eta entzun euskaraz – 2026ko urtarrila | LKULTURA

2 min.

Zer irakurri, ikusi eta entzun euskaraz – 2026ko urtarrila | LKULTURA

Lagunok, harpidedunok, irakurleok:

Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, baditugu zuontzako gomendioak.

 

Urtea hasteko, Euskal Herria eta Mexiko oso modu desberdinean lotzen dituzten pelikula bat eta telesail bat gomendatuko dizkizuegu, biak aitatasunarekin harremana dutenak. Lehenak, idazle ingeles baten lana berrinterpretatzen du, euskal jatorriko aktore baten laguntzarekin eta zuzendari mexikar bikain baten eskutik. Bigarrenak, ama galdu ondoren, Mexikotik Euskal Herrira datorren neska baten istorioa kontatzen digu, inoiz ezagutu ez duen aita batekin bizitzera. Horrekin batera, urtarrileko uzta honetan dituzue detektibe oso ezagun eta tarteka, oso gorrotagarri baten liburuak, eta gorrotoari buruz zer pentsatua emango dizuen podcast berri bat. Azkenik, 70eko hamarkadara bidaiatzeko aukera ere izango duzue, talde mitiko batekin, eta ikuskizun are mitikoago batekin.

 

📽️ Pelikula

Frankenstein

Mary Shelleyren klasikoan inspiratuta, aitatasunaren arazoei sakontasunez begiratuz, Veneziako Zinemaldiko publikoa 10 minututik gora zutik eta txaloka jarri zuen pelikula bikaina egin du Guillermo del Torok, Netflix plataformak dagoeneko euskaraz eskaintzen duena.

 

🎞️ Telesaila

Itxaso

Thriller ukitu batekin familia giroko gatazkei heltzen dien telesail honetan, 17 urteko Itxasok Mexiko utzi beharko du, bere amaren heriotzaren ostean, eta ezagutzen ez duen Euskal Herrira etorri beharko du, surf klaseak ematen dituen aita are ezezagunago batekin bizitzera.

 

📚 Literatura

Sherlock Holmes

Ez dakigu nolakoak izango liratekeen XX. mendeko literatura, zinea eta telebista, Arthur Conan Doylek mediku bezala frakasatu izan ez balu, baina zorionez literaturan lortu zuen arrakasta, orain Booktegin euskaraz irakurri daitezkeen munduko lehen detektibearen abenturekin.

 

🎙️ Podcasta

Gorroto

Gauza batzuk gorroto ditugula esatea ez da asko esatea baina askotan ez dugu zer gorroto dugun esaten, zergatik gorroto dugun ulertzen edo gorrotoarekin zer egin jakiten, eta guzti horretan laguntzea da Maider Uriarte psikologoak gidatutako podcast honen helburua.

 

🎵 Musika

The Clash

70eko hamarkadan, punkaren goraldian sortu zen Londresen The Clash, musikaren historian arrasto sakona utzi zuen taldea, Euskal Herrian sekulako eragina izan zuena, eta musikaren historia egiten duen Paisaiak podcast bikainaren 4. denboraldiari hasiera eman diona.

 

🎭 Ikuskizuna

Ikimilikiliklik

Duela 50 urte, Mikel Laboa eta Artze Anaiak esperimentazioaren bidean murgildu ziren, Veneziako Bienalean arrakasta lortu zuen Ikimiliklik izeneko sentikariarekin, urtarrilean, Loraldiak berreskuratuta, Donostian ikusgai egongo den abangoardiako ikuskizunarekin.


Zein da zure erreakzioa?