
Zer dira Nazioarteko Diru Funtsa, Europako Banku Zentrala eta banku nazionalak?
2012-05-08
Zer dira Nazioarteko Diru Funtsa, Europako Banku Zentrala eta banku nazionalak?
Aspaldi ohitu ginen gure egunerokotasunetik hurbil diren termino mikroekonomikoak erabiltzera, hala nola, bankuak, aurrezki kutxak, kreditu-kooperatibak, hipoteka-kredituak edota kreditu pertsonalak; haatik, egungo krisialdi ekonomikoarekin areagotu egin da gure ezagutza “makroekonomikoa”, duela gutxira arte ekonomialarien eta gai horien zaletuen eremu esklusiboa zena.
Nazioarteko Diru Funtsa (NDF), Europako Banku Zentrala (EBZ) edota Espainiako Bankua eta bere homologo frantziarrak, alemaniarrak edota ingelesak, besteak beste, orain arte ez dira izan herritar xehe gehienen interesgune. Gaur egun, berriz, egunkarietako lehen orrialdeetan ageri dira, komunikabideotako ohiko izokin-koloreko ekonomia-orrialdeetatik kanpo.
Baina, bizi dugun egoeran, nortzuk dira eragile horiek eta zein da euren zeregina?
NDF, munduko ekonomia osasuntsuaren alde
Nazioarteko Diru Funtsa nazioarteko itun baten emaitza da, eta munduko ekonomiaren funtzionamendu egokia kontrolatzea du xede. Washingtonen du egoitza, eta erakundearen gobernua 184 estatu-kideek osatzen dute.Nazioarteko Diru Funtsa nazioarteko diru-sistemaren erakunde zentrala da, “buruzagi nagusia”, izan ere, ikuspegi globala hartzen du kontuan eta munduko ekonomia-sistemaren egonkortasuna du helburu. Ildo horretan, ekonomia-politikan arrazoizko neurriak bultzatzen ditu, eta gainera, funtsa denez, aldi baterako finantzaketa behar duten estatu-kideek bertara jo dezakete euren ekonomietan sortutako unean uneko arazoei aurre egiteko.
Erakundearen alderdi hori ezagun egin da Greziaren, Irlandaren edota Portugalen “erreskate” ospetsuekin. Kasu horietan NDFk dirua mailegatu du, Europako Banku Zentralaren (EBZ) jardunarekin bat eginez.
EBZ, Europako koordinatzailea
Europako Banku Zentralaren (EBZ) egoitza Frankfurten (Alemania) dago. Europar Batasunaren bitartekoa da, eta euroa eta diru horri eragiten dion guztia kudeatzeaz arduratzen da. Horrela, prezioen egonkortasuna babestu eta ekonomia- eta diru-politikaren ildo nagusiak finkatu eta aurrera eramaten ditu EBn .Bankuak EBko 27 estatuetako banku zentralekin egiten du lan. Guztiek batera osatzen dute Banku Zentralen Europako Sistema (BZES).
EBZk euroguneko (euroa bere egin duten EBko 17 estatuetako) banku zentralen arteko lankidetza bideratzen du. Banku talde murritz eta trinko horretan ematen den lankidetzari “Eurosistema” esaten zaio, eta Espainia ere bertan da.
Banku nazionalak, sistemaren oinarria
Espainiako Bankua dugu banku nazionalen eredu hurbilena. Erakundea estatuko banku zentrala da eta Espainiako banku-sistemaren gainbegiralea. Banku Zentralen Europako Sistemaren partaide da, eta beraz, Europako Erkidegoaren Itunean jasotzen diren xedapenen aginduetara dago, eta baita ere Banku Zentralen Europako Sistemaren (BZES) Estatutuen esanetara. Azpimarratzekoa da dagoeneko ez dela diru-politikaren arduradun, nahiz eta BZESko kiden den aldetik gai ekonomikoen inguruan iritzi eragingarria eta independentea emateko aukera duen.Europako Banku Zentralak eta Europar Batasuneko (EB) estatu-kideetako banku zentralek osatzen dute Banku Zentralen Europako Sistema (BZES), euroa darabiltenek eta diru horretatik kanpo direnek, eta horien artean dago Espainiako Bankua.
Europar Batasunaren Itunaren arabera, BZESren eginkizuna da eurogunea osatzen duten estatuen diru-politika diseinatzea eta aurrera eramatea. BZESren helburu nagusia prezioen egonkortasunari eustea da, eta hori alde batera utzi gabe, “Erkidegoaren ekonomia-politika orokorrak sostengatuko ditu”.
Euren akats eta alde onekin, aldeko eta aurkakoekin, NDF, EBZ eta Banku Zentralen Europako Sistema osatzen duten banku nazionalak, bestelako eragile esanguratsuekin batera, protagonista dira gaur egun pairatzen ari garen krisi-testuinguru korapilatsuan. Negoziatzeko, presio egiteko eta kudeaketa estrategikoa aurrera eramateko erakunde horiek duten benetako gaitasunaren esku egongo da, neurri handi batean, gure etorkizun ekonomikoa, alajaina.
Zein da zure erreakzioa?