Zorgabetze-bidean

Zorgabetze-bidean

2 min.

Zorgabetze-bidean

Argitaratutako aurreko artikuluaren ildoari jarraituz, behin edo behin galdetu izan digute pairatzen ari garen krisialdiaren abiapuntuari buruz. Egia esan, lehen begiratuan apur bat konplikatua da horrelako galderari erantzutea. Litekeena da etorkizuneko doktorego-tesietan aztergai izatea, eta ziurrenik, urte batzuk barru, krisialdia amaituta, erantzun zuzena izango dugu. Gaur egun, krisialdiaren atzean dauden arrazoietako batzuk aipatzeko moduan gaude, besterik ez:

  • Orokorrean, diru ugari eta tasa apalak izan ditugu aurreko hamarkadaren zatirik handienean.
  • Finantzen esparruko erregulazio-mekanismoetan eta ikuskapenekoetan akats handiak izan dira.
  • Indarrean jarri diren politika makroekonomikoek ez diote behar bezala aurre egin ziklo-joerari.

Horrek guztiak zorpetze pribatuaren gurpil zoroa ekarri zuen, bai enpresetara eta baita familietara ere, eta horrek burbuilak sorrarazi zituen hainbat aktibotan, Espainiaren kasuan batez ere higiezinen merkatuan. AEBko subprime hipoteken kontu tamalgarriaren ondoren egin zuen eztanda krisiak, eta estatuek diru- eta zerga-politika oso gogorrak abiatu zituzten. Ondorioz, sektore publikoaren zorpetzea areagotu egin zen, ordura arte arazotik kanpo zegoen agente bakarra bazen ere. Eta orain guztiok gaude zaku berean sartuta.

Atera kontuak, 2001etik 2010era Espainiako agente guztien zorpetzea bikoiztu egin zen, eta gaur egun BPGaren gaineko zorra, gure diru-sarreren araberakoa, % 300 ingurukoa da guztira, hau da, gure zorra BPGaren hirukoitza da.  Horrela, beste herrialde garatu batzuekin alderatuta, gure egoera kezkatzeko modukoa da. Izan ere, besteak beste, ez dirudi diru-sarrerak (BPG) areagotzeko gai garenik, eta hori oztopo da zorgabetzeko edo zor maila murrizteko prozesuan. Jakina denez, sektore publikoaren kontuan Gobernuak txanponaren beste aldeari heldu eta gastuak murrizteari edo doitzeari ekin dio.  Horrekin batera interes-tasa apalak finkatzea zor maila kontrolatzen saiatzeko beste modu bat da. Neurri horien ondoren berregituratzea bakarrik faltako litzateke, eta hobe alde horretatik ez saiatzea, modu hori ez baita batere ortodoxoa.  Egia esan, bizi dugun egoeran doikuntza da erabateko "segurtasunez" har daitekeen neurri bakarra. BPGa, tamalez, ezin dugu kontrolatu. Jakin badakigu agente ekonomikoek ez dutela gastu-ahalmenik, eta kanpoko sektorea bakarrik izan litekeela lagungarri, baina mundua ere ez dago halakoetarako. Eta interes-tasak mailegu-hartzaile gisa dugun arriskua islatzen du, besteak beste, eta ez gaude unerik onenean. Hitz batez, bide luzea eta zaila dugula aurretik helburu dugun zorgabetzea lortzeko.

Analisi hau Euskadiko Kutxaren Ikerketa Departamentuak egin du. Hilean behin egungo ekonomia-gaien inguruko bere ikuspuntua eskainiko digu.


Zein da zure erreakzioa?