2015erako berritasunak autonomoentzat eta enpresa txikientzat

2015erako berritasunak autonomoentzat eta enpresa txikientzat

5 min.

2015erako berritasunak autonomoentzat eta enpresa txikientzat

Zein dira 2015ean autonomoei eta enpresa berriei eragingo dieten zerga-neurri nagusiak? Aldaketarik izango al da autonomoen kuotetan? Eta Gizarte Segurantzako kontuetan? Jarraian azalduko dizugu guztia. Azken finean, gure DNAn dago autonomoei eta profesionalei euren jardueran eragina duen guztiaren berri ematea.

Langile autonomoen kotizazioa Erregimen Berezian: autonomo-kuota  

2015erako autonomo-kuota: Urtero legez, 2015erako Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean (BOE 2014/12/30) daude finkatuta langile autonomoen hileko kuoten zenbatekoak.

Gutxieneko kotizazio-oinarriak % 1 egingo du gora 2014koarekin alderatuta, eta aurten hileko 884,40 eurokoa izango da; beraz, autonomo gehienek aukeratu ohi duten gutxieneko kuota 261,83 eurotik 264,44 eurora igoko da.

Sozietate-bazkide diren autonomoen kuotari dagokienez, 315,97 eurora igo da; gehieneko kotizazio-oinarriak gora egin du apur bat –% 0,25– hileko 3.597,00 eurotik 3.606,00 eurora.

2015eko urtarrilaren 1ean 47 urte baino gutxiago duten langile autonomoen kotizazio-oinarria norberak finkatuko du, betiere aurreko atalean adierazitako gehieneko eta gutxieneko oinarrien arteko zenbatekoa. Era berean, oinarria finkatzeko aukera izango dute data horretan 47 urte dituzten langile autonomoek, baldin eta 2014ko abenduan hileko 1.926,60 euroko edo gehiagoko kotizazio-oinarria izan badute edo Erregimen Berezi honetan aipatutako datatik aurrera izena eman badute.

2015eko urtarrilaren 1ean 47 urte dituzten langile autonomoek, hileko 1.926,60 eurotik beherako kotizazio-oinarria badute, ezingo dute aukeratu hileko 1.945,80 eurotik gorako oinarririk; salbuespen dira aukera hori 2015eko ekainaren 30a baino lehen gauzatuko dutenak, eta erabaki horren ondorioak urte bereko uztailaren 1etik aurrera jarriko dira indarrean; era berean, ez dute oinarria finkatzeko muga hori izango negozio-titularraren alargun direnek, hura hiltzean negozioburu bilakatu eta 47 urterekin erregimen berezi honetan izena eman behar izan dutenek.

2015eko urtarrilaren 1ean 48 urte edo gehiago dituzten langile autonomoen kotizazio-oinarria hileko 953,70 eta 1.945,80 euro bitartekoa izango da. Salbuespen dira negozio-titularraren alargun direnak, hura hiltzean negozioburu bilakatu eta 45 urte edo gehiagorekin erregimen berezi honetan izena eman behar izan dutenak, hileko 884,40 eta 1.945,80 euro bitarteko oinarria aukeratu beharko baitute.

  • Jardunari uztea: Mutualitateen Legea onartzearekin batera, autonomoen langabezia-saria esaten diotena eskuratu ahal izateko neurri berriak sartu dira indarrean. 2015etik aurrera, jardueraren bukaera egiaztatzeko urteko % 10eko galerak besterik ez dira alegatu beharko, eta ez orain arte bezala urte osoko % 30eko galerak edo % 20koak bi urtez jarraian.
  • Aldi baterako ezintasuna: Kontingentzia arrunten ondoriozko Aldi baterako Ezintasunaren Lege-dekretua onartu ostean, hainbat berritasun daude autonomoaren baja arautzen duten epeetan eta jakinarazpenetan. Lehenik eta behin, medikuek bost eguneko epea izango dute mutualitateek egindako alta-proposamen “arrazoituei” erantzuteko. Gainera, osasun-zerbitzu medikoak langilea azterketa egitera deitzen badu eta hura joaten ez bada, hemendik aurrera mutualitateak ezingo du ez agertzeagatiko alta erabaki (horrek laguntza kentzea ekarriko luke), behin-behinean etengo du ez agertzea arrazoituta ote dagoen egiaztatzeko.
  • Mendeko autonomoak (TRADE): Mendeko langile autonomoek, TRADE esaten dietenek, autonomoen langabezia-saria jasotzeko eskubidea izan dezakete, baita bezero nagusiarekin duten kontratua SEPEn erregistratu gabe badute ere.
Gainera, jardunari uztea kobratzeko baldintzetan beherapenak izan ditzakete, Mutualitateen Legean jasota daudenak.

Fiskalitatea

Profesional autonomoen atxikipenei dagokienez, murriztu egin dira jardun profesionalen errendimenduen gaineko atxikipenak, eta 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera % 21etik % 19ra jaitsi dira Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Estatuan. Zergak Nafarroan ordaintzen dituzten profesionalek, berriz, % 15eko atxikipena izango dute.

% 15eko ehunekoari eutsiko zaio 15.000 eurotik beherako errentak dituzten langile autonomoen kasuan, betiere euren diru-sarreren % 75 jarduera horiei badagokie. Alta berrientzat, aldiz, % 9ko atxikipena finkatu da jarduera hasteko urterako eta hurrengo bietarako.

Azkenik, % 20ra murriztu da kapital higigarriaren errendimenduen gaineko atxikipen-tasa, hiri-lurreko ondasun higiezinen errentamenduari edo berrerrentamenduari dagokiona eta hiri-lurreko ondasun higiezinen erakundeetako akzioen eta partaidetzen transmisioak edo ordainketak ekarritako ondare-irabaziak kontuan hartzen dituena.

Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean jasota dauden beste gai batzuk.

  • Diruaren legezko interesa. Diruaren legezko interesa % 3,50ean finkatu da 2015. urterako.
  • Berandutze-interesari dagokionez, % 4,375eko tasa finkatu da. Era berean, diru-laguntzak arautzen dituen Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 38.2 artikuluan aipatzen den berandutze-interesa ere % 4,375ekoa izango da.
IPREM

Laguntzak, bekak, diru-laguntzak edo langabezia-sorospena emateko Estatuan erreferentzia modura erabiltzen den Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoa (IPREM) indizea iazko zenbatekoetan izango da 2015ean ere:

  • Eguneko IPREM, 17,75 euro.
  • Hileko IPREM, 532,51 euro.
  • Urteko IPREM, 6.390,13 euro.
Lanbide arteko gutxieneko soldataren ordez erreferentziatzat IPREM hartzen den kasuetan, Ekainaren 25eko 3/2004 Errege lege-dekretuaren arabera, IPREM indizearen urteko zenbatekoa 7.455,14 eurokoa izango da –urte osoko lanbide arteko gutxieneko soldatari buruzko arauen kasuan–, betiere aparteko ordainsariak ez badira espresuki kanpoan uzten; kasu horretan zenbatekoa 6.390,13 eurokoa izango da.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Errenta aitorpena