2020ko joerak eta teknologiak enpresentzat
2020-04-03
2020ko joerak eta teknologiak enpresentzat
Azken urteetan digitalizazioak sekulako protagonismoa hartu du, eta gaur egun lehiakortasuna hobetzeko tresna nagusietako bat da enpresentzat.
LABORAL Kutxatik berrikuntza eta digitalizazioa bultzatzen ditugu enpresetan. Eskura duzu adituen aholkularitza, eta baita Compyte.eus tresna ere. Lehiakortasun-testa % 100 online da eta, beste faktore batzuen artean, zure enpresaren eraldaketa digitala ebaluatzen du.
Erakunde guztiek, korporazio handietatik hasi eta enpresa txiki eta ertainetaraino, goraka doazen teknologiak erabil ditzakete prozesuen efizientzia eta errentagarritasuna handitzeko. Hala, gero eta baliabide gehiago bideratzen dituzte berrikuntza teknologikoaren aukera ez galtzeko.
Jarraian, aurten gailentzen ari diren joera teknologiko nagusien zerrenda erakutsiko dizugu, planeta osasun-larrialdian egon arren, gogor baitabiltza.
2020ko sei teknologia-joera garrantzitsuenak enpresek eredu digitaletarako bidean aurrera egiteko.
- Adimen artifiziala. Errendimendua eta produktibitatea hobetze aldera, ikasteko eta egokitzeko gai diren sistemak garatzea da enpresen erronka handietako bat. Enpresen agenda digitalean aspalditik jasota dagoen egitekoa bada ere, Adimen Artifiziala gaur egungo teknologia-joeretako bat da, eta korporazio askok tresna horrekin hobetzen dituzte prozesuak, hala nola erabiltzaile-esperientzia, bezeroen arretarako zerbitzuen eskaintza eta erosketa-eragiketak.
- Zibersegurtasuna. Informatikaren alorreko 2020ko teknologia berri guztiek ezaugarri berbera dute: zibersegurtasuna. Digitalizazioko, berrikuntza teknologikoko edo automatizazioko prozesu guztietan beharrezkoa da segurtasun informatikoko baldintza egokiak izatea. Smart Cityek, 4.0 Industriak, ibilgailu autonomoek, hodeiko konputazioak eta abarrek informatika-sare seguruak behar dituzte. Horregatik, teknologiaren alorrean, zibersegurtasuna oinarrizko joeretako bat da gaur egun eta horrela izango da etorkizunean ere.
- Gauzen Interneta (IoT). Hainbat sistemen arteko hiperkonektagarritasuna eta urrutiko kontrola ez dira desio hutsa, errealitate bihurtu baitira etxeko eremuan. Era berean, gero eta garrantzi handiagoa dute enpresa eta industriaren sektorean. Business Insider aholkularitza-enpresak IoT gailuen hedapenari buruz egindako txostenaren arabera, 2018an 10.000 gailu inguru zeuden konektatuta, eta 2025. urterako 65.000 milioi izango dira. IoT tresnek askotariko aukerak eskaintzen dizkiete enpresei: mantentze-lan prediktiboak egitea eta produkzio-etenak programatzea galerak saihesteko; sentsore-sareak erabiltzea akatsei aurrea hartzeko edo arrisku-egoerak antzemateko, eta, azken finean, erabakiak azkarrago eta modu zehatzagoan hartzea prozesu ugariren efizientzia hobetzeko.
- 5G teknologia. 5G sarea gaur egungo joera teknologikoetako bat da; izan ere, gure inguruko hiri askotan dago hedatuta eta eraldaketa digitalarekin lotura duten beste teknologia batzuk gaitzea ahalbidetzen du. Konektibotasun mugikorreko bosgarren belaunaldia aurten jarriko da behin betiko abian, eta konexio egonkorragoak eta fidagarriagoak ahalbidetuko ditu abiadura ultra azkarrean (4G teknologiak baino lau bider azkarrago), mota guztietako industria-prozesuak hobetzeko. 5G teknologiari esker negozio-eredu berriak jarri ahal izango dira abian 4.0 Industriaren eremuan, eta aurrera egingo da IoT teknologiarekin lotutako zerbitzuetan, besteak beste, ibilgailu autonomoan edota lantegi barruko garraioaren automatizazioan, latentzia murrizten baitu.
- Blockchain teknologia. Klasiko bat da, baina irauteko bokazioa du. Kontzeptua aspaldi sortu bazen ere, gaur egun funtsezkoa da modu digitalean egiten diren transakzioen segurtasuna egiaztatzeko. Blockchainen bidez, enpresek transakzio baten jarraipena egin dezakete eta fidagarriak ez diren aldeekin lan egin, bitartekarien beharrik gabe. Teknologia horrek era anonimoan lotzen ditu igorlea eta hartzailea, eta ez horiek bakarrik, baita prozesu osoa zuzena dela egiaztatuko duten pertsonen taldea ere, eta erregistro ezabaezina eta gardena gauzatzen du. Gaur egun fake news direlakoak goraka ari direla eta, The New York Times egunkariak albiste faltsuei aurre egiteko ekimena bultzatu du. Hala, Blockchain teknologiak datuak faltsutu gabe metatzeko duen ahalmena erabiltzen dute, argazkiak eta bideoak egiaztatzeko.
- Errealitate hedatua. Errealitate hedatua esaten diotena 2020rako azken teknologia-joera izan daiteke. Kontzeptu horrek barnean hartzen ditu errealitate areagotua, errealitate birtuala eta errealitate mistoa, eta mundu erreala eta birtuala uztartu ditzake. Teknika horrek aukera ugari eskaintzen dizkie enpresei: erakustaldi komertzial ikusgarriak eta errealistak egitea, eta horrela balioa eranstea proposamenari; publizitate-kanpaina disruptiboak egitea, edota barrurako prestakuntza-programak martxan jartzea.
Zein da zure erreakzioa?