2021erako joera teknologikoak

2021erako joera teknologikoak

3 min.

2021erako joera teknologikoak

Azken urte eta erdian, digitalizazioak aurrerapauso nabarmena eman du, eta 2020. urtea jauzi teknologikorik handiena eman duen urteetako bat izan da enpresentzat. Telelanaren gorakadak hainbat teknologia ezartzera animatu ditu erakunde asko, eta teknologia horiek joera bihurtu dira enpresen arloan. Hona hemen nabarmenetako batzuk.

Cloud computing edo hodei-konputazioa

Azken hilabeteetan zehar, cloud computing edo hodei-konputazioa izan da telelana ezarri ahal izateko enpresen gakoetako bat. Tresna horri esker, erakunde bereko pertsonek modu askean eskura dezakete hodeian gordetako informazioa, edozein lekutatik eta edozein gailu erabiliz. Teknologia horren bidez, urruneko elkarlana egin daiteke, beren etxeetan dauden zenbait pertsonak denbora errealean eta dokumentu edo artxibo berean lan egin ahal izan dezaten. Joera horren barruan, banatutako hodeia deiturikoa dago. Bertan, hainbat kokaleku fisikotan gauzatzen dira zerbitzuak, baina zerbitzuen garapenak eta bilakaerak hornitzailearen ardura izaten jarraitzen du. Hodei-konputazioak abantaila osagarri asko eskaintzen ditu, eta atzera egingo ez duen joera baten gisa finkatu da:

  • Software-lizentzien ordainketa aurrezten dio enpresari.
  • Ia mugarik gabe gordetzeko edukiera eskaintzen du, eta horrek prozesu konplexuak egitea errazten du.
  • Erakundeko kideen mugikortasuna bermatzen du, urrutitik sar baitaitezke, edozein lekutatik.
  • Kanpo-zerbitzarietan biltegiratzen dira datuak, biltegiratze fisikorako euskarririk gabe.

Hiperautomatizazioa edo automatizazio adimenduna

Gero eta enpresa-erakunde gehiagok erabakitzen dute beren prozesuak automatizatzea, bizkortasuna, malgutasuna eta eraginkortasuna lortzeko. Hiperautomatizazioaren kontzeptuak edozein enpresa-prozesuren automatizazioari egiten dio erreferentzia, Prozesuen Robotika (RPA) eta beste tresna teknologiko batzuk konbinatuz, hala nola Adimen Artifiziala eta Machine Learning-a. Adimen Artifizialaren ekintza da, hain zuzen ere, digitalizazioaren paradigmetako bat. Izan ere, gizakiaren ekintza ezabatzeko aukera ematen du enpresari ia baliorik ematen ez dioten zeregin errepikakorretan. Prozesu horrek abantaila ugari eskaintzen dizkio enpresari:

  • Plantillaren potentziala handitzen du, langileek produktibitatean eragiten duten zeregin adimendunetara bidera baitezakete beren denbora.
  • Eragiketa-kostuak murrizten ditu.
  • Erabakiak hartzeko prozesua hobetzen du, datuen azterketari esker.

Kobotak

Robot kolaboratiboak edo kobotak gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari dira makinek eta pertsonek eremu bera partekatu behar duten industria-inguruneetan. Mota horretako makinek machine learning-eko eta ikusmen artifizialeko tresnak erabiltzen dituzte industria-instalazioetan gero eta konplexuagoak eta espezializatuagoak diren eginkizunetarako, besteak beste. Kobot batek manufaktura akastunetako piezak edo osagaiak hauteman edo bereiz ditzake kalitate-prozesuetan, giza begiek baino are zehaztasun handiagoarekin. Horrez gain, soldadurak egin eta piezak muntatzeko lanak bete ditzake automobilgintza-fabrika batean. Gaur egun, robot kolaboratibo batzuek pertsonek baino azkarrago eraiki ditzakete adreiluzko hormak, eta nekazaritzako ustiategietan ere parte har dezakete. Kobotek robot arruntek baino abantaila gehiago eskaintzen dituzte, hala nola:

  • Safety eta security handiagoa industria-inguruneetan.
  • Moldakortasun eta eraginkortasun handiagoa.
  • Mugikortasun handiagoa eta ikasteko gaitasuna.

Zibersegurtasuna

Zibersegurtasuna beti izan da joera teknologiko bat, baina, 2021. urte honetan, are gehiago zabaltzen jarraituko du, hainbat arrazoi direla eta. Lehenik ete behin, jarduera digitalaren hazkunde nabarmenak ugaritu egin du mundu osoko enpresei egindako mehatxu eta zibererasoen kopurua. Gainera, 5G teknologiaren pixkanakako ezarpena dela eta, ziberdelitugileek eraso egiteko modu berriak aztertu ahal izango dituzte. Horrez gain, enpresa- eta industria-prozesuak pixkanaka mundu digitalera migratzen ari direla izan behar da kontuan; horrenbestez, gero eta inbertsio handiagoak egin beharko dira esparru horretan. Enpresa batek zibereraso bat jasaten duen bakoitzean, informazioa lapurtzeak eragindako ondorio ekonomikoak ez ezik, izen ona galtzen du, eta oso zaila da horri aurre egitea. Horregatik, zibersegurtasuna joera sendo baten gisa mantenduko da urtean zehar.

Txatbotak

Txatbotak edo elkarrizketa bidezko laguntzaileak esponentzialki garatu dira oso denbora-tarte laburrean: software horiek ez diete galdera xumeei bakarrik erantzuten; askoz urrunago iristen dira, eta adimen emozionaleko mekanismoak dituzte, emandako erantzunen arabera, pertsona baten gogo-aldartea ezagutzeko. Gaur egun, bezeroarentzako edozein arreta-zerbitzuren funtsezko alderdia izateaz gain, txatbotak salmenta-sistemetan erabiltzen hasi dira bezeroen eskaerak errazteko eta elkarrizketa-merkataritzari ateak irekitzeko. Etorkizun hurbileko panoraman, txatbotak erabiliko dira enpresen barne-komunikazioa hobetzeko, barne-fluxuak optimizatzeko eta langileen galderak modu automatizatuan kudeatzeko.

Joera horiek guztiak eraldaketa digitalaren eskutik doaz eta 5G teknologiaren bitartez finkatuko dira behin betiko. Teknologia horrek sekulako iraultza eragingo du enpresetako prozesuak kudeatzeko moduan.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Segurtasun informatikoa