5G sareak eta zure enpresaren zibersegurtasuna

5G sareak eta zure enpresaren zibersegurtasuna

3 min.

5G sareak eta zure enpresaren zibersegurtasuna

5G teknologiaren hedapenak iraultza ekarriko du ekonomiako eta gizarteko sektore gehienetara, hala nola etxeetara, medikuntzara, enpresetara eta industriara. Gaur egun zientzia-fikziozkoak iruditzen zaizkigun prozesuak ikusiko ditugu teknologia mugikorraren bosgarren belaunaldiaren zabalpena burutzean: hiri adimendunak, automobil autonomoak, adimen artifiziala medikuntzako ikerkuntzan, 4.0 industria, enpresa-automatizazio adimenduna… Mota guztietako informazioa askoz azkarrago eskuratzeko aukera izango dugu, ia latentziarik gabe eta hainbat gailu aldi berean konektatuta daudela. Baina, goraka doazen teknologia gehienekin gertatzen denez, 5Garen hedapenak zibersegurtasunaren inguruko zalantzak ere ekarriko ditu, horietako asko 4G sareekin alderatuta 5Gak dituen abantailekin zerikusia dutenak, hain zuzen. Hona hemen horietako batzuk:

Konektagarritasunaren hazkunde esponentziala

Aurrekoek baino banda-zabalera askoz handiagoa duenez, 5G teknologiak aukera ematen du gailu ugari aldi berean konektatzeko, eta horixe du abantaila nagusietako bat. Hala ere, abantaila hori arrisku bihur daiteke, konektatutako gadget-kopurua handitzeak atea zabal diezaiekeelako ziberdelitugileek; mota guztietako sistemetan sartu eta informazio sentikorra eskura izan dezakete. 5Garekin, adibidez, izugarri ugarituko dira Internet of Things (IoT) gailuak —smartwatchak edota wearableak— fitness eta osasunaren sektoreetan, eta domotikako gauzak ere bai, Smart TVak, zaintza-sistemak eta abar. Gailu horiek guztiak sistemaren batera konektatuta egon arren, sarritan zibersegurtasun-neurri eskasak izaten dituzte. Beraz, segurtasuna da teknologia horren erronketako bat. Fabrikatzaileek diseinuaren fasean sartu behar dute segurtasuna, eta sorreratik ezarri behar dituzte erabilera segururako tresnak.

Segurtasun deszentralizatua

4G teknologian sarea kable-sistema baten bidez kudeatzen da, eta 5G sarea, berriz, software bidez kudeatu eta eguneratu daiteke. Horren ondorioz, egonkortasuna ahula izan daiteke eta fabrikatik bertatik datozen segurtasun-arrakalak egon daitezke. Gainera, 5G sareek trafikoa bideratzeko askoz puntu gehiago dituzte, eta, beraz, ikuskapen handiagoa behar da segurtasuna bermatzeko.

Arriskuak identifikatzeko denbora gutxitzea

5G sareak, banda-zabalerari esker, gaur egungoa baino askoz azkarragoa den datu-trafikorako autopistak dira. Kontraesana dirudien arren, abiadura azkartzearekin batera zibersegurtasuna gutxituko da, zerbitzu-hornitzaileek askoz denbora gutxiago izango baitute mehatxuak denbora errealean antzemateko, orain arte egin duten moduan. Hala, zerbitzu-hornitzaileen erronketako bat izango da segurtasun-sistemek mehatxuen aurrean duten erantzuna sendotu eta azkartzea.

Mehatxuen zabalpenaren abiadura handitzea

Mehatxuen zabalpen-abiadura da beste alderdi kezkagarrienetako bat. Pirata informatikoentzat posta elektronikoa da sistema informatikoetan malwarea sartzeko bide nagusia. Gaur egungo banda-zabalerarekin 500.000 spam-mezu bidal daitezke aldi berean, eta 5G teknologiarekin 50 milioitik gora izan daitezke. Arazo horren aurrean, garatzaileek eta zerbitzu-hornitzaileek metodo sofistikatuagoak —ahalmen eta abiadura handiagokoak— garatu beharko dituzte mehatxuak behar besteko aurrerapenarekin antzemateko.

Datu-zifratzea hasiera batetik

Interneten dabiltzan datuen kantitatea esponentzialki handitzeak pribatutasun-arazoak sor ditzake epe laburrean. Eta horixe da zibersegurtasunarekin lotutako alderdi sentikorrenetako bat. Software askok datuak zifratzen dituzte komunikazioak gauzatzeko orduan, baina, segurtasuna areagotze aldera, komenigarria da enkriptatze-sistema horiek sorreratik bertatik sartzea gailuetan. Gainera, azken urteetan, zibergaizkileak gailu mugikorrak erabiltzen hasi dira malwarea zabaltzeko eta haietan gordetako datu pertsonalak legez kanpo eskuratzeko. Horrenbestez, are beharrezkoagoa da segurtasuna hobetzea. Mehatxuei aurre egiteko neurri asko enpresen edo erabiltzaileen esku ez badaude ere, gutxieneko segurtasun-neurriak hartu behar ditugu gure ahuleziak gutxitzeko. Neurri horietako batzuk:

  • Antibirusak eta softwarea eguneratuta edukitzea, fabrikatzaileak eskaintzen dituen eguneratzeekin.
  • VPN sareak erabiltzea erakundetik kanpoko pertsonen sarbidea galarazteko, batez ere urrutiko ekipamenduak edo sare publikoak erabiltzen direnean.
  • Pasahitz konplexuak jartzea, karaktere alfanumerikoak erabilita.
  • Erabiltzaile ezezagunek bidalitako mezu elektronikorik ez irekitzea, esteketan ez klikatzea horien jatorriaren inguruan zalantzak baditugu.
  • Kontuz ibili esteka laburtuekin, helmugako URLaren benetako informazioa ezkutatzen baitute.
  • Lan-jarduerarekin harremanik ez duten webguneak saihestea.

5G sareak zabaltzen hasi berri dira, gaur-gaurkoz ez dira hiriguneetako proiektu jakin batzuetatik haratago hedatu, eta oraindik ere zenbait zibersegurtasun-erronkari erantzungo dien araudi berezi baten zain gaude. Oraingoz, irtenbideak abiatu berri den iraultza digital berrira egokitzen hasi dira zerbitzu-hornitzaileak, garatzaileak eta software-fabrikatzaileak.


Zein da zure erreakzioa?