Elkarrizketa EU-OSHA-ri
2022-04-28
Elkarrizketa EU-OSHA-ri
Ba al dakizu zeintzuk diren enpresek Europan aurkitzen dituzten arazo ohikoenak? Edo gaur egun telelanaren gainean indarrean dauden jarraibideak? Laneko Segurtasun eta Osasunaren Mundu Eguna dela-eta, Marta Urrutia de Diego elkarrizketatu dugu, sustapen korporatiboko arduraduna Bilbon egoitza duen Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentzian (EU-OSHA).
Zein da Laneko Segurtasun eta Osasunaren Mundu Egunaren jatorria, eta zer oroitzen da egun horretan?
1996az geroztik, apirilaren 28an sindikatu-mugimenduak mundu osoan ospatzen du Hildako eta Zauritutako Langileen Oroimenezko Nazioarteko Eguna. Lan-istripu eta gaixotasun profesionalen biktimen oroimenari ohore egitea du xede, egun horretan mobilizazioak eta sentsibilizazio-kanpainak antolatuz.
2003an, Lanaren Nazioarteko Erakundeak zera proposatu zuen, egun horretan Laneko Segurtasun eta Osasunaren Mundu Eguna ere ospatzea, mundu osoan lan-istripuen eta lanarekin lotutako gaixotasunen prebentzioa sustatzen duena.
Urtero, Lanaren Nazioarteko Erakundeak lelo desberdin bat proposatzen du egun horretarako. 2022. urte honetan, aurreko bi urteetan pandemiaren eragin handia nabaritu ondoren, “Elkarrekin jardutea segurtasun- eta osasun-kultura positibo bat eraikitzeko” da proposatutako gaia, eta elkarrizketa sozialak lan-arriskuen prebentzioan duen garrantzia azpimarratzen du. Horrek izugarrizko garrantzia du gure Agentziarentzat, hiru alderdi aintzat hartuta lan egiten baitugu; horren erakusgarri, gure Administrazio Kontseilua Estatu kide guztietako gobernu, enpresa eta sindikatuetako ordezkariz osatua dago.
Maila politikoan eta lantokietan negoziazioan eta elkarrizketan sinesten dugu bete-betean, laneko segurtasun eta osasunaren kudeaketa indartzeko bidean.
Nola sortu da Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentzia? Zein da haren egitekoa?
Laneko segurtasuna eta osasuna funtsezkoa izan da hasiera-hasieratik Europako proiektuan, Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoa sortu zenez geroztik.
EB garatzeko prozesuan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako gertaera nagusia (89/391/EEE) Esparru Zuzentaraua argitaratzea izan zen, 1989an. Zuzentarau horrek printzipio erkideak ezarri zituen, eta arriskuen ebaluazioa jarri zuen laneko segurtasun eta osasunaren alorreko legeriaren erdian.
1990eko hamarkadaren hasieran, urtean 4 milioi lan-istriputik gora izaten ziren Europan, horietatik 8.000 hilgarriak. Kopuru beldurgarri horiei erantzunez, Europako Batzordeak erabaki zuen 1992. urtea Laneko Segurtasun eta Osasunaren Europako Urtea izendatzea, 1994an EU-OSHA sortzeko oinarriak ezarriz, eta hemen gaude harrezkero.
EU-OSHA agentziaren eginkizuna eta ikuspegia argi egon ziren hasiera-hasieratik:
- Informazio fidagarri eta garrantzitsua, analisiak eta tresnak garatzea, biltzea eta eskaintzea, laneko segurtasun eta osasunaren gaineko ezagutzak zabaltzeko, sentsibilizatzeko eta informazioa eta jardunbide egokiak elkartrukatzeko;
- Europan lantoki seguru eta osasungarriak sustatzeko lider gisa aitortuak izatea, ekonomia inteligente, jasangarri, emankor eta integratzaile bat bermatzeko bidean.
2019an, Agentziak bere hogeita bosgarren urteurrena bete zuen, eta Europan lantoki seguruagoak, osasungarriagoak eta emankorragoak lortzearekin konprometitutako erakunde kolaboratzaileen sare paneuropar arrakastatsu bat sortu eta mobilizatu zuen.
Ba al dago horri buruzko lan-esparrurik edo araudirik, jarraitu beharreko arauekin? Ildo horretatik, enpresen eskura ba al dago ebaluazioren bat, eremu horretan duten heldutasun-maila jakiteko aukera izan dezaten?
Laneko segurtasunari eta osasunari buruzko Europako zuzentarauak arauzko oinarria dira Europar Batasunean, eta nahitaez bete beharreko “gutxieneko” irizpideak ezartzen dituzte. Estatu kideek zuzentarauak beren legeria nazionalera egokitu behar dituzte, eta zuzentarauetan ezarritako babes-mailak handitzeko askatasuna dute.
Espainian, adibidez, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legea 89/391 Esparru Zuzentarauaren transposizioa da, aldez aurretik aipatu dudanez, zuzentarau hori gaiaren oinarrizko arau orokorra delarik, eta hartatik gai espezifikoago batzuei buruzko beste zuzentarau batzuk eratorri dira, hala nola agente kimikoen esposizioari, lantokiei edo agente biologikoen esposizioari buruzko zuzentarauak, besteak beste.
Esparru Zuzentarauak arriskuen ebaluazioa sartu zuen prebentzioaren funtsezko elementu gisa, eta haren elementu nagusiak zehaztu zituen: arriskuaren identifikazioa, langileen parte-hartzea; arriskua jatorrian desagerrarazteari lehentasuna emango dioten neurri egokiak hartzea; dokumentazioa; eta lantokiko arriskuen aldian behingo berrebaluazioa.
Enpresaren erantzukizuna da lanpostu guztietan arriskuen ebaluazioak egitea eta beharrezkoak diren jardun-neurriak hartzea, prebentzio-hierarkiaren printzipioak ordenan aplikatuz (ordeztea, neurri teknikoak, antolamenduzko neurriak eta babes indibiduala). Nahitaezkoa da hasierako eta aldizkako arrisku-ebaluazioen emaitzak dokumentatu eta gordetzea, eta ezarritako ekintza-planaren berri ematea.
Eremu horretan ez dago enpresen sailkapenik edo konparazio ofizialik. Enpresa bakoitzak bere buruarekin konparazioak egin ditzake denboraldi batez, bidezko bada, egiten zaizkion lan-ikuskapenen mendean ere egonik.
Europan enpresei inkestak egiten zaizkie segurtasunaren eta osasunaren kudeaketaren gainean, Agentzian aldian behin egiten dugun ESENER izenekoa adibidez, herrialdeak “konparatzeko” aukera ematen duten arren, enpresak konparatzeko xehetasunetara iristen ez direnak. Bestetik, Europako Laneko segurtasunari eta osasunari buruzko barometroak (tresna hori ere gure webgunean dago eskuragarri) zenbait adierazle ematen ditu herrialdeak hainbat gairen arabera konparatzeko aukera ematen dutenak, hala nola lanarekin lotutako gaixotasunak eta istripuak, prebentzio-estrategia nazionalak, profil ekonomikoak eta jarduera-sektorearen araberakoak, lan-baldintzak edo langileek prebentzio-gaietan duten parte-hartzea.
Zure ustez, zein dira enpresen egoera, Estatuan eta Euskadin, laneko segurtasunaren eta osasunaren inguruan? Zer uzten dute alde batera enpresek protokoloak egitean?
Gure agentziak EBko 27 Estatu kideak estaltzen ditu, eta horregatik ez zaigu gustatzen nazio baten edo bestearen errealitatearen gaineko iritzi edo baloraziorik egitea. Gure ustez, hori herrialde bakoitzeko, edo kasu honetan autonomia-erkidego bakoitzeko, agintarien ardura da.
Agentziak EBren mailako informazio orokorra emateko ardura dauka, eta ildo horretan eman dezaket Europako enpresetan, laneko segurtasuna eta osasuna kudeatzearen eremuan nabarmendu diren joera orokor batzuen berri.
Gure azken ESENER inkestaren emaitzak 2020ko maiatzean argitaratu ziren, eta horien arabera, nahasmendu muskulueskeletikoak eta arrisku psikosozialak dira inkestatuek gehienetan aipatutako arazoak.
Gehienetan aipatzen diren hiru arriskuak honako hauek dira: esku eta besoen mugimendu errepikakorrak (EB27an inkestatutako herritarren % 65ek aipatzen dituzte), denbora luzean eserita egotea (% 61), inkestan lehen aldiz aztertutako faktore berria dena, eta, besteak beste, bezero, paziente edo ikasle zailekin jardun beharra (% 59).
Inkestak aztertzen du, halaber, zer egiten duten enpresek arrisku horiei heltzeko, eta joera kezkagarri batzuk jartzen ditu agerian. Esaterako, inkestatutako herritarren artean arrisku muskulueskeletikoen eraginpean daudenak asko badira ere, 2014az geroztik, arrisku horiek prebenitzeko neurriak hartu dituzten enpresen kopuruak behera egin du pixka bat. Gainera, enpresen % 29k soilik adierazi dute esku hartuko luketela langileek ordu gehiegi lan egin ditzatela saihesteko, arrisku psikosozialak kudeatzeko xedearekin.
Zenbait enpresek arrisku-faktore bat ere ez dutela adierazi dute. Enpresa txikien artean ohikoa izaten da hori: enpresa zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta errazagoa da arrisku-faktorerik ez duela adieraztea, arrisku psikosozialeko faktorerik ez duela bereziki, horrelako arriskuekiko sentsibilizaziorik ezaren erakusgarri. Horiei buruz irekitasunez hitz egiteari uko egitea da, antza, arrisku horiei heltzeko oztopo nagusia.
EBko enpresen heren batek baino gehiagok adierazi dute langileek ez dutela inolako sindikatu-ordezkaritzarik, eta heren batek baino gehiagok adierazi dute, halaber, denborarik edo langilerik eza dela lan-arriskuen prebentzioa kudeatzeko duten oztopo nagusia. 2014tik 2019ra bitarte, aurreko hiru urteetan Lan Ikuskatzailetzaren bisitaldia jaso izana adierazi zuten enpresen ehunekoak behera egin zuen ia herrialde guztietan.
Digitalizazioaren fenomeno berria eta segurtasunaren eta osasunaren gainean duen inpaktua lehen aldiz jaso da hirugarren ESENER inkesta honetan.
Elementu berri hori aintzat hartu izanaren harira ikus dezakegu, esaterako, teknologia digitalak erabiltzen dituzten lantokien % 24k soilik adierazi dutela, teknologia horiek beren langileen segurtasunean eta osasunean eragin ditzaketen ondorioak aztertu dituztela. Aztertutako ondorio posibleetan zentratuta, gaitasunak egunean edukitzeko etengabeko prestakuntzaren beharra lehen tokian ageri da (EB27an inkestatutako herritarren % 77k aipatu dute), eta jarraian, denbora luzean eserita egotearen problematika (% 65), eta laneko tokiari eta ordutegiari dagokienez malgutasun handiagoa eduki beharra (% 63).
Ikus daitekeenez, Europako enpresek asko egiten dute langileen segurtasunaren eta osasunaren alde, eta aurrerapauso handiak egin dira 2009an lehen ESENER inkesta egin zenez geroztik, baina oraindik gehiago egin daiteke, eta Europako Agentzia enpresei laguntzeaz arduratzen da bereziki, langileen segurtasuna eta osasuna hobetzeko prozesu horretan. Eta ez dezagun ahaztu enpresa seguru eta osasungarriak enpresa emankor eta jasangarriak direla.
Pandemiak paradigma-aldaketa bat suposatu du enpresen funtzionamenduan, eta, horren ondorioz, langileen egunerokoan. Zer aldaketa ekarri ditu pandemiak laneko osasun eta segurtasunaren alorrean?
Ezbairik gabe, pandemiak mugarri bat suposatu du laneko segurtasun eta osasunaren alorrean, Europa osoan.
Hain zuzen ere, Covid-19a lagungarri izan zen arreta osasun publikoan garrantzian ez ezik, lan-eremuan osasuna babestearen garrantzian ere jartzeko, bereziki, pandemiaren hasieran, funtsezko lanbide edo zerbitzuak ezarri zirenean.
Pandemiaren hasieran jarduketa-protokolorik ez zegoen, ezta prebentzio-neurri eraginkorrik edo norbera babesteko ekipamendurik ere, eta horregatik jende askok eta iritzi publikoak oro har, inoiz baino kontzientzia handiagoa hartu zuen langileen segurtasuna eta osasuna zaintzearen garrantziaz, eta arrisku handiko eta ustekabeko egoeretan, esaterako, Covid-19aren pandemian, enpresak gidatzeko lagungarri diren politika eta estrategiak ezarri beharraz.
Bestetik, telelana arrapaladan sartu zen sartzeko aukera zuen sektore eta lanbideetan, Europa osoko milioika pertsona eta enpresari eraginez. Horrek arrisku berriak ekarri zituen segurtasun eta osasunarentzat, batez ere arrisku muskulueskeletikoak (ordu luzeak egoneko lanean, ingurune- eta ekipo-baldintza eskasekin) eta psikosozialak, estresa eta antsietatea sortuz.
Geroago, pandemiak aurrera egin eta murrizketa batzuk altxatzen hasi ahala, argi geratu zen lantokira segurtasunez itzultzeko protokoloen beharra zegoela, pertsona guztiak ongi informatuta egon zitezen, birusa nola hedatzen den, infekzioaren sintomak zein diren eta esposizioa minimizatzeko zer egin daitekeen jakiteko moduan.
Pandemian zehar asko ikasi dugu, eta ikasitakoa errentagarri bihurtu behar dugu orain.
Ildo horretan, Agentziak jarraibide eta baliabide ugari elaboratu zituen, langileek pandemian segurtasunez jardun zezaten laguntzeko, lehen lerroan egon, etxetik lanera egokitu beharrean egon, edo lantokira itzultzean.
2021eko ekainean, Europako Batzordeak laneko segurtasun eta osasunari buruzko 2021-2027 esparru estrategikoa aurkeztu zuen jendaurrean, langileen segurtasuna eta osasuna hobetzeko funtsezkoak diren lehentasun eta ekintzak definitzen dituena, ekonomian, demografian eta lan-ereduetan izandako aldaketa azkarrei helduz.
Hain zuzen ere, prestakuntza areagotzea da Esparru horren lehentasunetako bat, egungo eta etorkizuneko osasun-krisiei erantzun ahal izateko.
Estatu kideak beren segurtasun- eta osasun-estrategia nazionalak egokitzen ari dira orain, Europako Esparru berriarekin lerrokatzeko eta osasunerako ager daitezkeen erronken aurrean ere prestatzeko. Euskadin, Osalanek joan den urtarrilean aurkeztu zuen 2021-2026 Euskal Estrategia, pandemiak, telelanaren gorakadak, digitalizazioak eta robotizazio eta inteligentzia artifizialak eragindako arrisku psikosozialeko faktoreen esposizio handiagoak adibidez, planteatzen dituen erronkei aurre egiteko.
Informazio eta ikerketarako erakundea den heinean, EU-OSHA agentziak sakoneko ikerketak, informazio-fitxak etab. ematen ditu. Zertan ari da agentzia azkenaldi honetan?
Hurrengo urteetan, gure Agentziak berebiziko zeregina izango du Europako Esparru estrategikoaren aplikazioan, nagusiki gure azterlan prospektiboen eta ikerketen bitartez, laneko segurtasun eta osasunerako arriskuei aurrea hartzeko eta lehentasunak detektatzeko, digitalizazioan, enplegu berdeetan, estresean eta arrisku psikosozialetan eta antzeko eremuetan.
Kartzinogenoei buruzko ibilbide-orria eta lan-jatorriko minbiziaren prebentzioa Esparru estrategikoaren barneko beste lehentasunetako bat da, eta Agentzia ari da lanean horretan ere. Bete-betean murgilduta gaude, halaber, Europako langileen minbizi-arriskuko faktoreen esposizioari buruzko inkesta bat prestatzeko lanetan, horri buruzko landa-lana oraintxe bertan hasita.
2000.urteaz geroztik, gure “Lan osasungarriak” kanpainek erakutsi dute Agentziak Europa osoan prebentzioaren kultura bat sustatzeko hartutako konpromisoa, EBren laneko segurtasun eta osasunaren alorreko politikaren ardatza den heinean.
Zehazki, gure oraingo 2020-2022 kanpainak,“Lan osasungarriak: lasaitu ditzagun kargak” izenarekin nahasmendu muskulueskeletikoen prebentzioa jomugan duenak, telelanarekin lotutako prebentzio-baliabide ugari hartzen ditu barne, eta urte-amaieran, nahasmendu muskulueskeletikoen eta arrisku psikosozialen arteko erlazioari buruzko baliabide berriak argitaratuko ditugu.
2023-2025 hurrengo kanpainak digitalizazio-lanaren segurtasun eta osasunerako erronketan jarriko du arreta, robotika aurreratuarekin edo inteligentzia artifizialarekin hasi eta plataforma digitaletako laneraino.
Zein da zure erreakzioa?