Adimen artifiziala, hazkundearen eta berrikuntzaren eragile

Adimen artifiziala, hazkundearen eta berrikuntzaren eragile

3 min.

Adimen artifiziala, hazkundearen eta berrikuntzaren eragile

Datua «XXI. mendeko lehengaitzat» jotzen bada, adimen artifiziala, dudarik gabe, industria-iraultza berriaren protagonista da.  Urte gutxi batzuetan, teknologia hori enpresaren, marketinaren edo industriaren mundua baldintzatzen hasi da, eta gure eguneroko bizitzan erabiltzen da hainbat tresnaren bidez, hala nola Netflix-en bidez, etxeko ahots-laguntzaileetan eta baita tratamendu medikoetan ere.

Zer da adimen artifiziala?

Baina, zer da adimen artifiziala eta nola bultza ditzake hazkunde ekonomikoa eta berrikuntza? Laburbilduta, adimen artifiziala teknologia bat da, modu adimentsuan eta, jakina, modu autonomoan jardun ahal izateko «ikasten» irakatsi dioguna. Ikasteko metodoa nahiko sinplea da: teknologia digital berriei esker, sistemak prozesu bereko datu ugari biltzen ditu, bereziki entrenatutako algoritmo batek informazio hori «orraztu» eta iragazi ahal izateko, eta hartara, helburu jakin baterako benetan interesatzen zaizkigun datuak ateratzeko. Algoritmo horren konplexutasunari eta entrenamendu-mailari esker, emaitza espezifikoagoa eta «finagoa» lortuko dugu gure helbururako.

Netflix, online saltokiak, sare sozialak

Adibidez, Internet bidezko bideo-plataforma askotan, erabiltzaile baten lehentasunak ikasten saiatzeko prestatutako algoritmoak erabiltzen dira. Oinarrizko adimen artifizialeko sistema horiek pertsona batek denboraldi jakin batean ikusi dituen filmen ezaugarriak aztertzen dituztenean, gai dira pertsona horri antzeko gaiak, protagonistak eta abar dituzten tituluen iradokizunak eskaintzeko. Gauza bera gertatzen da marketinaren munduan online denda bat bisitatzen dugun bakoitzean edo sare sozial bateko publizitate-banda batean sartzen garen bakoitzean: gure marka-, genero-, neurri- eta estilo-lehentasunak aztertzen ditu sistemak, gure gustuen araberako publizitatea eskaintzeko. Baina teknologia horren baliagarritasunak askoz ere zabalagoak dira. Adimen artifizialaren mota batzuk daude enpresetan eta, besteak beste, hauek ahalbidetzen dituzte:

  • Prozesuak automatizatzea. Teknologia horri esker, eginkizun errepikakorrak mekanizatzen dira, eta prozesu edo pieza akastunak ere identifikatzen dira, horiek detektatutakoan jarduera eteteko. Automatizazio hori funtsezko tresna da laneko ezbeharren aurrean, eta aukera ematen du produktibitatea handitzeko eta eskulan espezializatua balio handiagoa ematen duten beste lan batzuetara bideratzeko.
  • Datuen analisia egitea. Digitalizazioak aukera ematen du datu-kopuru izugarriak biltzeko. Kudeaketa egoki batekin, datu horiek oso interesgarriak izan daitezke hainbat prozesu optimizatzeko, hala nola produktu bat merkatu jakin batean sartzea edo enpresa batentzat erabaki estrategikoak hartzea.
  • Bezeroaren arretan parte hartzea. Chatbot-ak bezeroaren arretarako zerbitzu primarioetan sartzea oso baliagarria da baliabideen aprobetxamendua optimizatzeko. Tresna horiek gako-hitz batzuk ikasten dituzte erantzun egokiak emateko, eta erabiltzailea eraginkortasunez eta autonomiaz artatzeko edo sail jakin batera bideratzeko.
  • Laguntza profesionaleko lanak egitea. Adimen artifiziala laguntza-tresna garrantzitsua bihurtu da hainbat lan egiteko, esaterako, bilaketa bat egiteko, edo ERP edo enpresa-baliabideak kudeatzeko sistema baten funtzionalitateak hobetzeko.
  • Erroreak kudeatzea. Tresna horien ikasteko gaitasunari esker, erlazio logiko bat ezar daiteke zenbait inguruabarren artean, adibidez, akats bat aurreikusteko eta saihesteko. Eta algoritmo bati akats bat identifikatzen irakasten diogunean, ez da berriz gertatuko.

Adimen artifizialaren onurak

Funtzionalitate horiek guztiek onura ukaezinak dituzte, bai enpresentzat, bai gainerako erakunde publiko eta pribatuentzat, eta, jakina, baita herritarrentzat ere. Europako Parlamentuaren txosten baten arabera, adimen artifizialaren inpaktuak % 11 eta % 37 bitartean handitu lezake lan-produktibitatea. Honako hauek dira teknologia horrek hazkunde- eta berrikuntza-arloan sortzen dituen onuretako batzuk:

  • Tratamendu medikoak hobetzea. Tratamendu mediko jakin bati buruzko datuen analisi masiboak hura arazten lagun dezake, terapia eraginkorragoa eta pertsonalizatuagoa lortzeko. Adimen artifiziala dagoeneko erabiltzen ari da minbizi-mota batzuen aurkako terapiak egiteko, bai eta COVID-19aren aurkako tratamendu eraginkorrak diseinatzeko ere.
  • Industria-mantentze prediktiboa. Industria 4.0ren gorakadak adimen artifizialeko tresnak inplementatzea ekarri du zenbait makineria-motatan, mantentze-lan prediktiboak egiteko, programatu gabeko ekoizpen-geldialdiak saihesteko eta eraginkortasuna handitzeko. Sentsore- eta kamera-sareen bidez, sistemek funtzionamendu txarreko seinaleak identifika ditzakete matxura larriak gertatu aurretik.
  • Hiri jasangarri eta «adimendunetarako» bidean. Datuen analisiak eta adimen artifizialak ahalbidetzen duen prozesu-optimizazioak berekin dakarte eraginkortasun energetikoa, garraio publikoa eta baliabideen kudeaketa hobetzea, eta, azken batean, hiri jasangarriagoak egitea, elkarrekin konektatutako smart cities (hiri adimendunak) kontzeptuarekin bat etorriz.

Onura nabarmenak dituen arren, adimen artifiziala gizakiari laguntzeko tresnatzat hartu behar da, eta ez ordezko gisa. Horregatik, langile espezializatuek gainbegiratu behar dute, bere onura guztiak lortu ahal izateko.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Segurtasun informatikoa