Álex Rayón: «Datua lagungarria da egoera korapilatsuetan arrazoitzeko»

Álex Rayón: «Datua lagungarria da egoera korapilatsuetan arrazoitzeko»

6 min.

Álex Rayón: «Datua lagungarria da egoera korapilatsuetan arrazoitzeko»

Big Dataren eta Deustuko Unibertsitateko irakasle gisa duen lanaren zale amorratua dela dio Alex Rayonek. 12 urte baino gehiago daramatza unibertsitate horri lotuta. Gaur egun, Nazioarteko Harremanen eta Eraldaketa Digitalaren errektoreordea da, eta unibertsitate horretako Big Data eta Business Intelligence programaren zuzendaria eta irakaslea ere bai, aldi berean. Gainera, esperientzia handia du teknologiari, hezkuntzari, ekintzailetzari eta berrikuntzari buruzko hizlari gisa ere.  

LK Enpresa: Big Data oso gai interesgarria da, baina, aldi berean, iluna eta ulertzen zaila enpresa askorentzat. Hortaz, lehenbizi galdetu nahi dizugu zer den Big Data.  

Alex Rayón: «Big Datari dagokionez, oso definizio oinarrizkoa erabiltzen dut beti: aro baten suntsipena, lehengai berri bat daukagulako gertatzen den aldaketaren ondorioz. Kasu honetan, lehengai berri hori datu bat da. Ordenagailu batean errealitate baten irudikapena baino ez da, gauzak orain arte ez bezala egiteko aukera ematen duena, eta, horregatik, ekoizpen-, antolaketa- eta banaketa-mekanismoak aldatu egiten dira. Horrenbestez, paradigma berri baten aurrean gaudela esan daiteke: gauzak egiteko modu berri baten aurrean.»

LK Enpresa: Zer urrats egin behar dituzte enpresek datu-teknologia berri hori erabili eta aprobetxatzeko?  

A.R.: «Uste dut utilitarismo handia dagoela galderaren asmoan bertan: zertarako erabili? Eta logikoa da. Hala ere, eskatuko nukeen lehenbiziko gauza da, oso teorikoa badirudi ere, esploratzeko gaitasun pixka batekin hastea. Ezinezkoa da aldez aurretik zehaztea zertarako balioko dioten datuek enpresa bati, proiektu horietan aukera non dagoen detektatzea baita gure xedea.  

Bigarren ideia gisa, hiru proiektu-multzo daudela esango nuke:  

  1. Operational analytics. Prozesuak edo eragiketak hobetzeko aztertzen da datua.
  2. Customer analytics. Bezeroari balio-proposamen hobea egiten erabiltzen da datua.
  3. Organisational analytics. Enpresa gisa nola antolatzen garen eta nola hobetzen dugun jakiteko erabiltzen da datua.

Beraz, esango nuke horiek direla Euskadikoaren antzeko ekonomia baterako hiru aplikazio-eremuak —hau da, batik bat enpresa ertain-txikiak dituen ekonomia baterako—, horretan kokatuta baitago galdera.»  

LK Enpresa: Big Data proiektuetan parte hartu duzu hainbat enpresa eta sektoretan. Zure ustez, zein sektore dira lehiakorrak alderdi horretan?  

A.R.: «Euskadiko ekonomia laburbildu beharko banu, esango nuke zerbitzuen ekonomia bat dela, fabrikazio, produkzio eta esportazio handikoa. Hori dela eta, normala da Big Data oso sakon ez sartu izana, oraindik ere honako hauek kapitalizatua baitaukate: alde batetik, utility handiek (telekomunikazio-enpresek, banku handiek, energia-enpresek eta abar), eta, bestetik, edozein sektoretako enpresa handiek. Hala ere, esan behar da gure lurraldean badirela hori aplikatzen ari diren enpresak. Esate baterako, Eroski oso apustu sendoa egiten ari da bezeroei sortutako balioaren erdigunean jartzeko datua; gero eta gehiago ezagutzen dituzte bezero horiek, fidelizazio-txartelei esker.  

Industriaren arloan, logikoa da gutxiago erabiltzea, bezero-dimentsioa baita datuaren ekonomiaren garapen-bektore handi bat. Enpresa gutxi batzuetara eta modu tradizionalagoan esportatzen duen enpresa batek ez du datu-base handirik. Beste era batean esanda, B2B munduak B2C-k baino askoz ere garapen txikiagoa du; izan ere, proiektu bat egiteko, datua behar da, eta, datua sortzeko, hura sortuko duena behar duzu. Beraz, bezero-zorro handia behar duzu, eta oso interakzio handia izan behar duzu bezeroekin, Eroskik bezala. Bestela, zaila da lortzea.  

Horregatik esango nuke Euskadiri oraindik bide luzea geratzen zaiola datuaren munduak dituen aukera guztiak benetan kapitalizatzeko. Ez da kritika bat, baizik eta etorkizunean gauza asko egiteko aukera emango duen errealitate baten deskribapena.»  

LK Enpresa: Testuinguru horretan sortu zen 2018an Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (DBEO). Zer gertatzen da datu horiekin eta zergatik da beharrezkoa erregelamendu batean arautzea?  

A.R.: «Hiru fenomenoren ondorio logikoa da, eta honela adieraziko nuke laburbilduta: esploratu gabeko lurraldea, kontzientzia kolektiboa eta legegilearen ezagutza.  

Lehen fenomenoa Facebookek eta Googlek osatzen duten publizitate-duopolioari dagokio. Datuaren ekonomia handia garatu dute bien artean. Enpresa horiek esploratu gabeko eta arautu gabeko mundu bat aurkitu zuten, eta pertsonak ezagutzeko izugarrizko makineria bat eraiki zuten, pertsonen pribatutasuna kontuan hartu gabe, intimitatearen eta pribatutasunaren oinarrizko eskubideen alderdi oro baztertuta. 10-15 urte inguru iraun du bi enpresa horien aldeko testuinguru horrek.  

Bigarren elementua kontzientzia da. 15 urte behar izan ditu gizarteak gertatzen ari zenaz jabetzeko, eta, orain, gizarteak gero eta gehiago eskatzen du pertsonen pribatutasuna errespetatzen duen esparru bat, eta, ondorioz, ugaritu egin dira kontsumitzaile koherenteak. Kontsumitzaile horiek diru-kopuru bat ordaindu nahiago dute beren eskubideak eta planetaren eskubideak errespeta daitezen; hortaz, esparru handiagoa behar da, hala nola Garapen Jasangarrirako Helburuen frameworka.  

Eta hirugarren aldaketa-elementuak dio legegileak ulertu duela zer gertatzen ari zen gai horren inguruan, eta hori ez zen erraza. Legeak egitearen eta, aldi berean, zergak ordaintzen dituen ekonomia bat errespetatzearen artean oreka lortzea da erronka.   Hiru elementu horiek uztartzearen ondorioz, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra argitaratu zen 2018ko maiatzean. Erregelamendu horrek babes-maila handia ematen du, baina agian ez nahikoa. Europak ekimen arautzaile oso ona eraman du aurrera, baina oraindik ere alderdi asko daude babestu gabe. Horregatik, hurrengo kate-maila talde agregatuek izan behar dute.   Hiru elementu horien arteko orekan dago lortu behar dugun sweet pointa, baldin eta noizbait eduki nahi badugu kontsumitzaileen/herritarren egiazko konfiantza duen datuen ekonomia bat.»  

LK Enpresa: Arrisku potentzialik ikusten al duzu beren estrategiaren erdigunean Big Data teknologia sartzen ez duten enpresentzat?  

A.R.: «Ikusten dudan arriskua egiturazkoa da, ez koiunturazkoa. Nik hiru pentsamendu-mota bereizten ditut beti: emozionala, arrazionala eta albokoa. Lehenengo bietan mugitu da beti gizakia.  

Hirugarrena pentsamendu berriagoa da, eta, horretan, esploratu beharra dago, mundu konplexu eta aldakor honetan. Arazo konplikatu baten soluzioa zein den badakigu, baina soluzio hori zaila da inplementatzen; arazo konplexu baten kasua, ez dakigu zein den soluzioa. Eta hor funtsezkoa da datua erabiltzea, egoera konplexu batean arrazoitzen lagunduko didalako. Beraz, datua barne hartzen ez duen enpresa orok arazo hau izango du: datua eskatuko dion mundu batean mugitu beharko du.   Proiektu bat hasi bezain laster enpresei eskatzen diedan datu bat zorroko bezeroen batez besteko adina da, errealitate horren aurrean jartzeko aukera ematen didalako. Enpresa bateko bezeroen batez besteko adina 45 urtekoa bada, herrialde honetan adin-banaketa oso handia dela jakinda, pentsa dezakegu enpresak egiturazko arrisku bat izango duela, datua balio-proposamenerako metodo gisa ez aztertzeagatik.  

Adibidez, Glovoren aplikazioan, zortzi lauki daude, eta janaria da haietako bat, fakturazioaren % 93 ematen diona, alegia. Eta zergatik ez diote protagonismo handiagoa ematen lauki horri? Argi dutelako gainerako % 7 hori merkatu izugarri handia dela. Horrenbestez, neure buruari galdetzen diot: eragile berri horiek zenbat sektoretan daude lanean dagoeneko, edo egun batetik bestera azalduko dira, lehiakide tradizionalak ohartu ere egin gabe, ez direlako datuak aztertzen ari?»    

LK Enpresa: Eta arrisku horien eskutik, zure iritziz, zein erronkari egin beharko diote aurre enpresek datuaren ekonomiaren inguruan?  

A.R.: «Handiena aniztasunarekiko beldurra da. Gaur egun, enpresa askotan, enpresa horiek zuzentzen dituzten pertsonak ez dira aro digitalean hazi, eta ez dago askotariko profilik erabakiak hartzeko prozesuetan. Enpresa horiek beste arrisku bat dute: aldaketari heltzean berrikuntzara ez jotzeko arriskua.  

Aldatzeko gaitasuna duten enpresen adibide bikaina da Deustuko Unibertsitatea. Ni, informatikari xumea izanda, errektoreorde izatea, eta, beraz, 100 milioi euroko enpresa tradizional bateko zuzendaritza-taldean egotea eta erabakiak hartzen parte hartzea aniztasuna aintzat hartzearen adibide garbia da, inolaz ere.  

Hori guztia esaldi batean laburbildu behar badut, oraintxe bertan ez aldatzea da arriskurik handiena, nire ustez. Nahiago nuke norabidea zein den jakingo banu.

Norabide hori aurkitzeko, bidea esploratu behar da, alboko pentsamenduari helduta.» Gustatu al zaizu elkarrizketa hau? Entzun atala eta harpidetu zaitez Laboral Irratia Enpresa podcastean.


Zein da zure erreakzioa?