Argiak eta ilunak kontsumitzaileen eta euskal enpresen konfiantzan
2016-03-15
Argiak eta ilunak kontsumitzaileen eta euskal enpresen konfiantzan
2016ko bigarren hiruhilekoan, euskal etxeek bilakaera sozio-ekonomikoaren inguruan duten konfiantzak “hobekuntza moteltzen du”, LABORAL Kutxako Azterketa Departamentuaren arabera. Konfiantza-indizea -7koa da, lehen hiruhileko maila baino hiru puntu baxuagoa. Konfiantza-eza hori Europar Batasunean ere antzekoa da (-5 puntu), eta bereziki Alemanian (-6) eta Frantzian (-14). EAEko enpresek, ordea, tasari eutsi diote, konfiantza-maila ia murriztu ere egin gabe; hots, 55,4 puntutik 55,3 puntura. “Geldialdia” izan arren, bi taldeak optimista agertzen dira enplegu-aukeren inguruan.
Familiei urte bateko epean egoera ekonomikoaren bilakaera nolakoa izango den galdetu zaie, eta nahiko positibo agertu dira bereziki enpleguaren eta prezioen bilakaerari dagokionean; hala ere, familia gehienek uste dute ez dela une egokia erosketa garrantzitsuak egiteko (-11 puntu). Gainera, profila baxua da etxebizitza (etxeen ia %2ak aukera hori baloratzen du) edo ibilgailua (%3 ziur eta %1 aukera bezala) erosteko asmoari dagokionez, eta nahiago dute diruari eusteko politikarekin jarraitzea.
Bestalde, EAEko 400 enpresa industriali egindako azken inkestan lortutako emaitzak erabat bestelakoak dira; izan ere, aukera onak erakusten dituzte ekonomiaren aldetik. Fakturazioaren aldeko itxaropenak dituzte (%37,4ak hobetuko dela uste du), haien ustez jarduerak gora egingo baitu (%21,8ak hobetzea espero du). Gainera, aipatu berri ditugun adierazleei jarraiki, eskaera-kopurua hobetzea espero dute enpresek (36,7ak hobetuko dela uste du eta %13,1ak baxuagoa izango dela). Dena den, prezioei dagokienean, egonkortasuna da nagusi, galdetutakoen %76,5ak bigarren hiruhilekoan bere horretan mantenduko direla uste baitu.
Azkenik, datu positibo gisa, enpresen %72,2aren ustez, enplegua ere bere horretan mantenduko da; gainera, ia %20ak ekoizteko ahalmena gehitzeko asmoa du, langile-kopurua gehitzearekin batera.
Konfiantza berreskuratzeko aukera geldotzen bada ere, gogoratu behar dugu familiek urte bateko bilakaera ekonomikoaren inguruan duten iritzia “urruntzen doala 2014ko ezkortasunetik", konfiantza-indizea -17koa baitzen orduan. Geroztik hobekuntza nabaria izan da, eta modu horretan jarraitzea espero dugu.
Txostenak osorik ikusi nahi badituzu, sakatu bakoitzaren gainean:
Zein da zure erreakzioa?