Atzerrian ordaintzeko sistemak

Atzerrian ordaintzeko sistemak

4 min.

Atzerrian ordaintzeko sistemak

Nahikoa da hegazkinez ordu batzuk egitea, billete eta txanpon ezagunetatik urrun egoteko. Atzerrira bidaiatzeak buruko min ugari ekarri ahal dizkigu, eta ez lirateke ordaintzeko moduak egon behar horien artean. Zein da oporretan atzerrira dirua eramateko erarik eroso, seguru eta merkeena? Eskudirua? Bidaia-txekeak? Kreditu-txartelak? Zalantza gehien sortzen duten galderei erantzuten ahaleginduko gara, oporretan joateko zortea baduzu, oporrez gozatzeaz baino ez zaitezen arduratu.

Moneta-batasunaren abantailetako bat hauxe da: hainbat herrialdetara bidaiatzeko ez dago dibisarik erosi beharrik. Goizero ogia erosteko erabiltzen ditugun billete eta txanponekin bidaia dezakegu herrialde horietara ere. Are gehiago, beste moneta bat duen herrialde batera goazenean ere, ez gara arduratu behar gure billeteak onartuko dituen kanbio-etxe bat bilatzen. Pezeta indarrean zegoenean, zenbait herrialdetara joateko, bidaiariak dolarrak erosi behar zituen etxean, gero helmugako herrialdean hango monetaz aldatzeko. Horrela, ezerosoa izateaz gain, gastua bikoiztu egiten zen. Gaur euroak eraman ditzakegu, goazen tokira goazela erosi egingo dizkigute eta. Normalean prozesu hori edozein kanbio-bulegotan egingo digute erosotasun osoz, baina  komeni da aurretik galdetzea kanbio mota eta komisioa zein izango diren, erantzunaren arabera bulego mota aukeratzeko. Oro har, tokia zenbat eta turistikoagoa izan, orduan eta garestiagoa izango da kanbio-eragiketa.

Dena den, diru guztia eskudirutan edo aldean eramatea ez da bat ere gomendagarria. Gutxiegi eraman dezakegu edo, okerrago oraindik, gehiegi eraman eta alferrikako komisioak ordaindu behar. Gainera, lapurreta edo ezusteko baten ondorioz egoera ezerosoan aurki gaitezke. Gastatzea pentsatzen dugunaren zati bat (% 30 inguru) aldean eramatea komeni da.

Txartelak: aukerakoak dira ordaintzeko…

Gasturik gehienak ordaintzeko kreditu eta zor txartelak erabiltzea komeni da. Atzerriko bazkariak, autoaren alokairua, ikuskizunak, hotelak ... hobe txartelez ordaintzen baditugu, beste sistema batzuekin baino merkeago aterako zaizkigu eta (komisioa % 1 ingurukoa izaten da). Beraz, txartela egokia da onartzen dizuten saltoki edo establezimendu guztietan ordaintzeko, batez ere eurogunean, izan ere euroa  erabiltzen duten herrialdeetan txartelarekin ordaintzea  etxe ondoko dendan ordaintzea  da.

1994az geroztik, zor-txartelak ia saltoki guztietan onartzen dituzte, baina, badaezpada ere, komeni da kreditu-txartela ere eramatea. Bestalde, txartelok indargabetzeko telefonoa eskura edukitzea komeni da. Visaren kasuan 915 196 000 da, eta atzerritik deitu beharko dugunez, ez dugu ahaztu behar nazioarteko kodea (mugikor batetik deitzean + ikurra eta beste edozeinetatik deitzean ia beti 00) eta, jarrian, Espainiako kodea (34) markatzea. . Beste aukera bat Visaren tokiko telefonoa erabiltzea da, hizkuntza-zailtasunagatik ezerosoagoa bada ere.

… baina ez dirua ateratzeko

Kutxazainetan dirua ateratzea komisioen menpe dago, eta saltokietan baino komisio askoz handiagoak ordaindu behar izaten dira.  Komisioak gure herrian ordaintzen ditugunak baino handiagoak izaten dira, eta ezberdinak dira finantza-erakunde batetik bestera. Horregatik, gure sareko bankuak zein diren jakitea komeni da, komisioa txikia izan dadin.

Txartelarekin dirua ateratzeak duen batez besteko kostua  % 4 da (% 6 ere izan daiteke), atera dugun zenbatekoaren gainean aplikatuta. Eragiketa bakoitzeko minimoa, berriz, 3 eurokoa da. Horrela, 100 euro ateratzen baditugu, 4 euroko komisioa ordaindu beharko dugu. Hobe da dirua gutxitan ateratzea, minimo hori amortizatzeko. Ohar bat: Hobe da zor-txartelarekin dirua ateratzea kreditu-txartelarekin ateratzea baino, aldea handia ez bada ere (ehuneko batekoa baino txikiagoa)

Bidaia-txekeak

Txartelen erosotasunaren ondorioz ia desagertu egin diren arren, erosoak eta seguruak dira atzerrira dirua eramateko.

Finantza-erakundeetan ematen dituzte,  Caja Laboral-Euskadiko Kutxan esate baterako, eta dirua eskuratzeko edo zuzenean ordaintzeko erabil ditzakegu. Bidaia-txekeen truke dirua lortzeko, banku, bidaia-agentzia, hotel eta zenbait dendetara joan gaitezke. Eta sarritan bidaiatzen dutenentzat pentsatuta daude batez ere.

Bidaia–txekea galdu egiten badugu, ez da ezertxo ere gertatzen, erabiltzeko behar bezala identifikatu beharra dagoelako, eta, beraz, inortxok ere ezin izango duelako erabili. Gainera, ez dira mugaeguneratzen.  Beraz, gastatu ezean, hurrengo bidaiarako gorde dezakegu.

Dirua bidaltzeko sistema

Eta ezustekoren bat izaten badugu eta diru-premia badugu etxetik milaka kilometrotara? Txartel batzuek bidaiako laguntza-asegurua dute, oso erabilgarria dena. Izan ere,  eskudirua lortuko dugu larrialditik irteteko. Txartel horietakoren bat ez badugu, familiari edo lagunei eskatu ahal diegu gauden tokian gaudela dirua bidaltzeko.

Gure “salbatzaileekin” harremanetan jartzeko, komeni da gure telefono-operadorearen zenbakia ezagutzea, deia hartzailearen kontura egiteko. Onena telefono hori buruan eramatea da, badaezpada ere.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Online bankua