Aurpegia ezagutzeko sistema eta 3D-Touch: Online Bankaren azken berritasunak iPhone Xrako
2018-02-16
Aurpegia ezagutzeko sistema eta 3D-Touch: Online Bankaren azken berritasunak iPhone Xrako
Applek aurpegia ezagutzeko edo Face ID sistemaz hornituriko iPhone X smartphonea merkaturatu zuenetik, LABORAL Kutxako hainbat bezerok galdetu digute ea noiz hasi ahal izango diren teknologia hori erabiltzen beren gailuarekin. Jada erabil dezaketela da erantzuna.
Otsailaren 12az geroztik, mugikorrera begiratuta besterik gabe aplikazioan sartzeko aukera ematen duen eguneratzea erabilgarri dago Online Bankan. Keinu hori hatz-markarena baino are errazagoa da eta, gainera, segurtasun handiagoa eskaintzen du.
Hatz-marka eta zenbaki bidezko sarbidea baino seguruagoa
Hala da. Hatz-markak segurtasuna nabarmen hobetzen badu, gu ez garen beste norbait gure Online Bankan sartzea estatistikoki ia ezinezkoa izateraino, aurpegia ezagutzeko sistemak beste urrats bat eman du: erabat segurua da eta, teknologiak aurrera egiten duen abiadura kontuan izanda, baliteke merkatuko hurrengo estandarra izatea.Gure lurraldean sistema hori ezarri duen lehen erakundeetako bat izan da LABORAL Kutxa, eta lanean jarraitzen dugu, pixkana-pixkana Android sistema eragilea duten gailuetara ere egokitzeko. IOS sistema eragilearekin baino zailagoa da, ordea, marka eta ekoizle bakoitzak bere gailu bereziak garatzen baititu. Halere, norabide horretan ari gara lanean.
Nola has zaitezke Face ID sistema erabiltzen?
Oso erraz. Lehenik, eguneratzea instalatu eta Online Bankan sartu behar duzu. Sistemak galdetuko dizu ea Face ID erabili nahi duzun, azkar eta erraz gidatuko zaitu prozesuan zehar eta erabiltzailea eta sarbide-gakoa zure aurpegi-profilarekin lotuko ditu.Hortik aurrera, appean sartzen zaren hurrengoan, mugikorraren aurrealdera begiratzeko besterik ez dizu eskatuko gailuak. Zure itxura aldatu baduzu ere, zu ezagutzeko gai da aurpegia ezagutzeko sistema hori, hau da, makilatuta edo makilatu gabe, betaurrekoak jarrita, ilea moztuta edo bizarra utzita, egun argiz zein gauez.
Eta iritziz aldatu eta aurpegia ezagutzeko sistema hori erabili nahi ez baduzu, edo zure mugikorra norbaiti utzi nahi badiozu Online Bankan sartzeko, ez da ezer gertatzen. Face ID utzi eta erabiltzailea eta gakoa erabiltzen has zaitezke berriro. Eta inoiz zenbaki-pasahitza aldatzen baduzu, aurpegia ezagutzeko sistemak ez du jada funtzionatuko, eta lotu egin beharko duzu berriro.
Gogoan izan: zure iPhone X mugikorra erostean aurpegia ezagutzeko aukera konfiguratzen ez baduzu, edonoiz egin dezakezu, smartphonearen ezarpenetan Face ID aukeran sartuta.
Eta erabili 3D-Touch aukera ere sarbidea azkartzeko
Azken eguneratze honetan beste funtzionalitate bat ezarri dugu. 3D-Touch deritzona da, eta iPhone 6S, 6S Plus, 7, 7 Plus, 8, 8 Plus eta X smartphoneetan dago erabilgarri.Funtzio horri esker, presioarekiko sentikorra da pantaila. Horrela, aplikazioaren ikonoen gainean sakatzen badugu, eragiketarik ohikoenak erabiltzeko sarbide azkarrak agertuko zaizkigu.
Proba ezazu eta esaguzu zer iruditzen zaizun!
Zein da zure erreakzioa?