Autonomoa naiz eta etxean lan egiten dut. Zein gastu ken ditzaket?

Autonomoa naiz eta etxean lan egiten dut. Zein gastu ken ditzaket?

3 min.

Autonomoa naiz eta etxean lan egiten dut. Zein gastu ken ditzaket?

Gero eta gehiago dira autonomo gisa etxetik lan egiten duten pertsonak, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) aitorpena egiteko momentua iristen denean, honako galdera hau egiten diote beren buruari: “nire bulegoa etxea bada, etxeko zein gastu ken ditzaket laneko gastu gisa?” Ura, argia, berokuntza... gastu horiek guztiak handitu egiten dira egun osoa etxean igarotzen dugunean, baina duela gutxira arte, Ogasunaren zerga-irizpidea horiek kengarri gisa hartzearen aurkakoa zen. Dena den, aurtengo irailean, auzitegi ekonomiko-administratibo nagusiaren ebazpen batek politika horren aurkako epaia eman zuen. Haren erabakia loteslea da, eta autonomia-erkidego guztietan da aplikagarria, baita EAEn eta Nafarroako Foru Erkidegoan ere. Berrikusi ditzagun erabaki horren ondorioak.

Epaiaren aurretik kendu zitezkeen gastuak

Argitu beharreko lehen gauza hau da: gastu kengarriak gure jarduera ekonomikoarekin lotuta daudenak direla. Titulartasunarekin lotutako gastuen kasuan (hipoteka, ondasun higiezinen gaineko zerga, jabekideen erkidegoa...) ez dago arazorik: gure lana egiteko erabiltzen dugun etxeko zatiari dagokion ehunekoaren arabera kentzen dira. Ehuneko hori gure lizentzia fiskalean agertzen dena da (gure jarduera abiaraztean egiten dugun dokumentu horren bitartez, Udalari ekonomia-jardueren gaineko zerga ordaindu behar diogu aldizka).

Hornidura-gastuen kasuan, Ogasunaren irizpidea horiek kengarritzat hartzearen aurkakoa zen, horiek ez baitira lan-jardueraren eraginez bakarrik sortzen. Horrek ez zirudien oso argudio sendoa, gauza bera esan baitaiteke titulartasun-gastuen kasuan. Hori dela-eta, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren 2015eko epai batek gastu guztiak proportzio berean kendu beharko liratekeela baieztatu zuen. Ez zen auzitegi batek Ogasunaren aurkako iritzia ematen zuen lehen aldia. Lehentxoago, Valentziako Erkidegoko Auzitegi Ekonomiko Administratiboak ere gauza bera egin zuen, arrazoia eman baitzion zergadun bati. Ogasunak epaiaren aurkako errekurtsoa jarri zuen eta hura auzitegi ekonomiko-administratibo nagusiaren eskuetan geratu zen, hasieran aipatu dugun epaia sortuz. Erabakiak ez dio bi alderdietako bakar bati arrazoia ematen, baina autonomoei egiten die mesede.

Zergatik izan daiteke erabaki hori autonomoentzat onuragarria?

Auzitegiaren ustez, horniduren kasuan ez litzateke aplikatu beharko etxebizitzaren titulartasunetik eratorritako gastuetarako hainbanaketa bera, oso zaila baita lanari dagokion ehunekoa zehaztea. Lanerako etxebizitzaren % 10 erabiltzen badugu, hipotekaren % 10 ken dezakegu, baina... telefono-gastuetatik zenbat izango lirateke laneko deiak? Auzitegi ekonomiko-administratibo nagusiak irizpide konbinatu bat proposatzen du horretarako, etxebizitzan erabiltzen ditugun lanerako metro karratuak oinarritzat hartuta; hari jarduera garatzeko erabilitako lanegunak eta jarduera gauzatzeko erabilitako orduak gehitu beharko litzaizkioke.

Kalkulu horrek logikoa dirudi paper gainean, baina zailtasunak eragiten ditu bizitza errealean, etxean lan egiten duen autonomo bakoitzari baitagokio gastuen eta jarduera ekonomikoaren arteko korrelazio hori frogatzea. Ez da erraza. Nola frogatu gauean berandura arte edo asteko egun guztietan lan egin dela, adibidez? Berriz ere, subjektibotasunak bakarrik utz ditzake langile horiek.

Zein gastu ken ditzakegu, orduan?

  • Alokairua edo hipoteka. Gure jarduera profesionalak gure ohiko etxebizitzaren zein zatiri eragiten dion islatu behar dugu.
  • Ondasun higiezinen gaineko zerga, zaborren tasa, jabekideen erkidegoa... Aurreko kasuan bezala, jarduera profesionala garatzen dugun etxebizitzako zatiaren ehunekoa hainbanatzen da.
  • Ustiapen-kontsumoak. Hemen sartzen dira, esaterako, bulegoko material-gastuak eta antzekoak. Bertan sartuko lirateke, halaber, gure lana egiteko behar ditugun erremintak, hala nola, fakturazioa egiteko programa informatikoa.
  • Norberaren, ezkontidearen eta 25 urtetik beherako seme-alaben osasun-aseguruak eta medikuak 500 eurora arte kendu ahal izango dira pertsona bakoitzeko. Autonomoaren bizitza-asegurua ere kengarria izango litzateke.
  • Telefonoa eta Interneta. Gure negoziorako bakarrik erabiltzen ditugun linea independenteak ditugunean.
  • Joan-etorriak. Ibilgailu pribatua erabiltzen badugu, haren erabilera gure kenkarietatik kanpo geratuko da. Lan-arrazoiak direla-eta, joan-etorriak egiteko edozein motatako garraioa erabiltzen badugu, txartelen kostua kendu ahal izango dugu. Gure jarduera profesionala garatzen dugun bitartean egin beharreko mantentze- edo ostatu-gastuak ere hemen sartuko lirateke.
  • Profesional independenteek eskainitako zerbitzuen laguntza behar dugunean. Kontulariak, bulego legalak, web-orrien diseinatzaileak...
  • Eta auzitegi ekonomiko-administratibo nagusiaren epaiaren ostean, baita hornidura-gastuak ere. Baina badakizu, kalkulua egiteko orduan, etxean lanerako erabiltzen duzun gainazalaren zati hainbanatua, lanegunak eta egunero lan egiten dituzun orduak batu beharko lirateke.
Kontuz ohiko etxebizitzaren alokairu- edo hipoteka-kenkariekin

Autonomoa ohiko etxebizitza erosteagatik edo etxebizitza alokatzeagatik (ohiko etxebizitza alokatzen denean) maileguaren zati bat kentzen ari bada, kenkari horren zati bat galdu egingo genukeela hartu behar dugu kontuan (etxebizitzan autonomo gisa gure jarduera garatzeko erabiltzen dugun aitortutako zatia).

Gogoratu...

Oso garrantzitsua da kontabilitate-programa egokia eta eguneratua izatea, autonomo gisa lan egiten hasten zaren momentutik bertatik. Gehitu gastu guztiak, ahal izanez gero, astero. Eta gorde zure negozioan eragina duten ordainagiri, faktura edo tiket guztiak. Kontsulta ezazu infografia hau zalantzak izanez gero, eta ez ahaztu LABORAL Kutxan zure zalantza profesionalei erantzungo dieten gestore espezialistak ditugula.


Zein da zure erreakzioa?