Autonomoa naiz eta langile bat kontratatu nahi dut. Nola egingo dut?

Autonomoa naiz eta langile bat kontratatu nahi dut. Nola egingo dut?

3 min.

Autonomoa naiz eta langile bat kontratatu nahi dut. Nola egingo dut?

Jarduerari ekiten dion langile autonomoak aurrean duen ardurarik handienetako bat da norbait kontratatzea. Egoera pozgarria ere bada: berak aurrera egiten du eta aldi berean lanpostuak sortzen ditu. Baina, hori nola egiten da? Autonomoa bazara eta inoiz ez baduzu langilerik kontratatu, lehenik eta behin, Gizarte Segurantzan enpresaburu gisa eman beharko duzu izena (figura ofizial horrek kontratuak egiteko ahalmena emango dizu). Kontuan izan 50 euroko tarifa finkoa kotizatzen ari bazara, autonomo eta enplegu-emaile bihurtzen zarenean aukera hori galdu egingo duzula eta beste oinarri baten arabera kotizatu beharko duzula. Fátima Báñez ministroak etorkizunean hori aldatu egingo zela iragarri zuen 2014ko urrian prentsa-ohar bidez, baina oraindik ez dute neurria argitaratu BOEn.

Enpresaburu gisa alta ematean Enpresaren Kotizazio-kontuaren kodea emango dizute, eta horren bidez, Gizarte Segurantzak zure kontratuak, kotizazioak eta abar identifikatu ahal izango ditu. Kode hori norbait kontratatzen dugun lehen aldian bakarrik eskatu beharko dugu. Ondorengo kontratuetan ere kode bera erabiliko dugu. Dena den, probintzia bakoitzeko kontu-kode bat izan beharko dugu. Gerta liteke hainbat kotizazio-kontu (CCC) izatea kotizazioan hainbat betebehar izateagatik. Besteak beste, prestakuntza-kontratuen kasua da hori.

Beharrezko dokumentazioa 

Gure hiriko Gizarte Segurantzaren egoitzan enpresaburu autonomo gisa izena emateko inprimakia TA.6 eredua da. Kotizazio-kontuaren bigarren kodeetarako TA.7 inprimakia beharko dugu. Biak ala biak Gizarte Segurantzaren web-orrialdetik behera karga daitezke, Enpresariaren izena ematea atalean. Inprimakiaz gain, honako hauek ere aurkeztu beharko ditugu: Ekonomia Jardueren gaineko Zergan egindako izen-ematearen jatorrizko agiria eta kopia, LAABeko (Langile Autonomoen Araubide Bereziko) izen-ematearen kopia (036 edo 037 eredua, izena emateko modua azaltzean aipatu duguna), zure lanbide-epigrafea egiaztatzeko, eta, beti bezala, NAN agiri originala eta kopia. LAABeko izen-ematearen fotokopia ez da beharrezkoa, leihatilan egiaztatzen baitute.

Izapidea osatu ondoren, Sare sisteman izena eman behar da, halabeharrez. Atari horren bitartez, altei, bajei, kotizazioei eta abarri buruzko oharrak bidaliko dizkigu Gizarte Segurantzak. Horretarako, baimendutako sinadura digitala izan behar duzu (Izenpen eska dezakezu, edo Espainiako Diruaren eta Zerga Zigiluaren Fabrikan, adibidez). Afiliazioa eta kontratua aurkeztea 

Kontratatu nahi dugun pertsonari dagokionez, bere lehen lanpostua ote duen jakin behar dugu, eta kasu horretan, Gizarte Segurantzan izena eman beharrean dagoen, edo afiliazio-zenbakirik baduen.

  • Oraindik afiliatu gabe baldin badago, izapideekin jarraitu aurretik bere afiliazio-zenbakia eskatu beharko da. TA.1 ereduaren bidez egiten da hori. Berehalako eskabidea da eta langileari ematen zaion zenbakiak bizitza osorako balio du.
  • Afiliazio-zenbakia badu, lehenago ere lanean aritu delako, langile gisa alta eman behar zaio. Lehenengo Gizarte Segurantzan, jarduera hasi aurretik altaren berri eman behar da, kontratu mota aukeratu, jardunaldia, lanpostua… Eta ondoren, aukeratutako kontratua osatu eta sinatu behar da.
Gure langilea kontratatu dugunean, haren kotizazioa gauzatu beharko dugu Gizarte Segurantzan. Horretarako, nomina bakoitzean atxikiko ditugu, batetik, langileak kotizatu beharreko zenbatekoak, enpresaburuak gizarte-aseguruetan ordain ditzan hilabetea amaitutakoan, eta bestetik, dagokion PFEZ ehunekoa, hiru hilean behin Ogasunean ordaindu beharko duguna. 

Kalkuluen arabera, % 32 inguru ordaindu beharko da guztira (kontingentzia arruntei eta profesionalei dagozkien kotizazioak gehi lan-istripuei eta gaixotasun profesionalei dagokien kotizazio-tasa). Beraz, hileko 1.200 euroko soldataren kasuan 400 euro inguruko kotizazioa ordaindu beharko litzateke.

Senitartekoa kontratatzea

Zuzeneko senitartekoa kontratatzekotan bagara, «autonomo kolaboratzailearen» figura ezagutu beharko dugu. Langile autonomoaren zuzeneko senitartekoa da, harekin bizi da eta harentzat egiten du lan. Kasu horretan ez da beharrezkoa kontratua sinatzea. Gure senitartekoak izena eman dezake Gizarte Segurantzan figura hori dela adierazita (TA.0521/2 eredua), eta ez da beharrezkoa Ogasunean izena ematea; horrenbestez, ez du hiruhilekoko zerga-aitorpenik egin beharko.  Gainera, % 50eko hobaria izango du autonomoen kuotan izena eman eta hurrengo 18 hilabeteetan.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Lan orientazioa Lan kontratuak