Autonomoa naiz, zer gertatzen da nire pentsioarekin?

Autonomoa naiz, zer gertatzen da nire pentsioarekin?

3 min.

Autonomoa naiz, zer gertatzen da nire pentsioarekin?

Erretiroak atseden hartzeko eta gozatzeko garaia izan behar luke, lanean eta gure inguruneko ongizate ekonomikoari laguntzen hainbeste urte eman ondoren.

Baina, egia esan, langile askori, batez ere autonomoei, erretiroan pentsatzeak zalantza ugari sorrarazten dizkie, hala nola zenbat kobratuko duten eta pentsioarekin gastuak ordaindu ahal izango dituzten. Jarraian, zalantzarik garrantzitsuenak argitzen saiatuko gara.

Pentsiorik izango dut?

Bai. Legeak erretiroa hartzeko ezarritako adinera heltzen garenean, 90 eguneko epea dugu pentsio-eskubidea tramitatzeko, Gizarte Segurantzako edozein arreta- eta informazio-bulegotan. Tramite horiek egindakoan, hilero prestazio bat jasotzen hasiko gara, gehi aparteko bi ordainketa, bata urtearen erdialdean eta bestea urtearen amaieran.

Zenbat kobratuko dut eta zerk baldintzatzen du jasoko dudan pentsioa?

Azken pentsio-erreforma 2013an indarrean jarri eta gero, norberaren kontura lan egiten duten pertsonek gainerako langileen baldintza generiko berdinak dituzte erretiroari begira.

Hona hemen jasoko duzun diru-kopurua zuzenean baldintzatzen duten aldagaiak:

  • Erretiro-adina. Erreformak kontzeptu berri bat erantsi zuen: lan-karrera osoa, hau da, Gizarte Segurantzaren ustez, edozein langilek bere lan-jarduera bukatzeko eta pentsio osoa jasotzeko kotizatu beharreko denbora. Denbora hori 38 urte eta 6 hilabetekoa da. Eta, jardunean diren langileak kotizazio-muga horretara iristeko, Gizarte Segurantza erretiroa hartzeko adina luzatzen ari da pixkanaka. Hala, 2013ko erreforma indarrean jarri aurretik, jendea 65 urterekin has zitekeen pentsioa kobratzen. Urte horretatik aurrera, ordea, adina luzatuz joan da. Helburua 67 urtera iristea da, 2027an. Horretarako, urte bakoitzean hilabete bat luzatuz joan da erretiro-adina 2018ra arte, eta, horrela, 65 urte eta 6 hilabetekoa da aurten. Datorren urtetik aurrera, berriz, urte bakoitzean 2 hilabete luzatuko da erretiro-adina; beraz, 2019an 65 urte eta 8 hilabetekoa izango da, 2020an 65 urte eta 10 hilabetekoa, eta horrela 2027an 67 urteko adinera heldu arte. Halere, 65 urte badituzu eta dagoeneko 38 urte eta 6 hilabete kotizatuta badituzu, adin horrekin hartu ahal izango duzu erretiroa.
  • Kotizazio-aldia. Erretiro-adinarekin gertatzen den bezala, pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen den kotizazio-aldia (pentsioa jasotzeko eskubidea ematen duen gutxieneko denbora) ere luzatzen ari da urterik urte. Hala, 2013tik aurrera, urte bakoitzean 12 hilabete luzatuko da. Ondorioz, 2018an, azken 21 urteetako (252 hiletako) oinarriak hartuko dira kontuan pentsioa kobratzerakoan. Luzapen horren muga 2022. urtea da. Urte horretatik aurrera, azken 25 urteetako (300 hiletako) kotizazio-oinarria hartuko da kontuan.
  • Oinarri arautzailea. Erretiroa hartzen dugunean kobratuko dugun diru-kopurua bi aldagaik zehaztuko dute: oinarri arautzaileak eta, kotizatutako urte-kopuruaren arabera, oinarri horri aplikatzen zaion ehunekoak. Zenbat eta urte gehiago kotizatu lan-bizitzan, orduan eta handiagoa izango da pentsioa. Beste era batera esanda: gutxieneko kotizazio-oinarria ordaindu baduzu beti, gutxieneko pentsioa jasoko duzu. Horri buruzko argibide gehiago ikus ditzakezu beste artikulu honetan.
Azpimarratu beharreko beste kontu bat: egungo erreforma indarrean jarri arte, norberaren kontura ziharduten langile gehienek nabarmen handitzen zuten Gizarte Segurantzako kotizazioa 48 urte betetzen zutenetik aurrera, kotizatutako azken urteetako batez bestekoa handitu eta, horrela, pentsiorik handiena kobratu ahal izateko. Erreformaren ondoren, ordea, 42 urtetik aurrera handitu beharko da kotizazioa helburu hori lortzeko. Gainera, 30 urteko adienetik etengabe kotizatu behar da pentsiorik handiena kobratzeko.
  • Eta zenbat kobratuko dut? Esan dugun bezala, Gizarte Segurantzan kotizatu duzun urte-kopuruaren eta zenbatekoaren araberakoa izango da pentsioa. Interneten tresna bat dago zenbat kobratuko duzun kalkulatzeko. Hori erabiltzeko, langile gisa izan dituzun alta-aldietako datuak eta kotizazio-oinarriak sartu behar dituzu. Informazio hori telefonoz edo Internet bidez lortu dezakezu. Edo, bestela, hitzordu bat eska dezakezu Gizarte Segurantzan bertan, eta hango pertsonalak zure lan-bizitzaren araberako pentsioa kalkulatuko du.

Erretiro aurreratua

Norberaren kontura ari diren langileek erretiro aurreratua har dezakete, nahi badute. Lehen, norberaren konturako langileentzako gutxieneko adina 63 urtekoa zen; orain, erretiro arruntarekin gertatzen den bezala, adina luzatuz doa pixkanaka, eta 2027an 65 urtekoa izango da.

Kontuan hartu behar duzu, erretiro aurreratua hartzen baduzu, gutxienez 35 urte kotizatuta izan behar dituzula pentsioa kobratzeko, eta, gainera, 38 urte eta 6 hilabeteko kotizazioa bete ez baduzu, pentsioaren ehuneko bat galduko duzu, erretiro aurreratua hartzen baduzu.

Pentsio-plan pribatuak

Susperraldi ekonomikoa gorabehera, oro har, pentsioa osatzeko aurrezki pribatuko aukeraren bat kontratatzea gomendatzen zaie Espainiako Estatuan langileei. Besteak beste, Espainiako Bankuak gomendatzen du hori. Jakina, LABORAL Kutxan pentsio-planei buruzko aholkularitza eman diezazukegu, eta zuretzako komenigarriena aukeratzen lagundu. Zatoz gu ikustera eta informazioa emango dizugu.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Inbertsio estrategiak