Bete zure erosketa-saskia arduraz
2019-09-17
Bete zure erosketa-saskia arduraz
Zer produktu eramaten dituzu mahaira? Non erosten dituzu? Erreparatzen al diozu produktuen jatorriari? Irakurtzen al duzu etiketa prezioa baino zerbait gehiago jakin nahi duzulako? Baietz erantzun baduzu, zorionak. Izan ere, erostean hartzen dituzun erabakiek ondorio sozialak eta ingurumenari lotutakoak dituzte.
Denok egin dezakegu egoera hobetzeko ekarpenaKezkatzen al zaituzte datu horiek?
Egin nahi al diozu zure ekarpena Nazio Batuen agendari, LABORAL Kutxan Garapen Iraunkorrerako Helburuekin egiten dugun bezala? Lan-baldintzek, elikagaien kalitateak, osasunak, animalien ongizateak, landa-garapenak eta ingurumenak kezkatzen bazaituzte, zure erosketak egiteko garaian ondorengo aholkuei jarraitzera gonbidatu nahi zaitugu.Hasi aurretik, berrikusi zerrenda: behar al dut? Egin zure buruari galdera hori produktu bakoitzarekin, eta aukeratu kalitatea kantitatearen gainetik. Arduraz kontsumitzeak beharrezkoa dena baino ez erostea eta gure bizitza eta gure ingurunekoa hobetzeko aukerarik onenak kontuan hartzea esan nahi du. Jaten dugun kantitateari buruzko gogoeta egin nahi baduzu, begiratu ondorengo argazkiei. Munduko hainbat lekutan aste batean jaten dena eta planetan dagoen desberdintasun handia islatzen dute.Saihestu elikagai prozesatuak: saiatu zure janaria, etxean zein kanpoan, produktu fresko, hurbil eta sasoikoekin prestatua izan dadin. Gehixeago ordaintzerik baduzu, aukeratu jatorri-deiturako eta nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoko produktuak (sintesiko pestizida, herbizida, fungizida eta ongarri kimikorik, antibiotikorik eta hormonarik gabekoak). Produkzio horiek ingurune naturalaren kontserbazioa eta animalien ongizatea errespetatzen duten kudeaketa-ereduen emaitzak dira, eta enplegua sortzen eta herriak finkatzen laguntzen dute, Agenda 2030eko Garapen Iraunkorrerako Helburuei jarraikiz. Zure osasunak ere eskertuko dizu.
Bidezko merkataritzaren alde: aukeratu sozialki arduratsuak diren, langileei eta hornitzaileei soldata duinak eskaintzen dizkieten eta planetaren iraunkortasuna bultzatzen duten markak.
Planifikatzen baduzu, janari gutxi botako duzu: Europako Batzordearen arabera, urtero elikagaien munduko produkzioaren herena alferrik galtzen da. Prestatu aste osorako menua, eta erosi kontsumo erreal horren arabera. Ez ahaztu: aprobetxatu sobera geratutako janaria; erabili irudimena eta, beharrezkoa izanez gero, gorde hondarrak izozkailuan.
Murriztu zaborra: pentsatu ingurumen-inpaktuan. Saihestu beharrezkoak ez diren ontziak, erosi ahal duzuna soltean, eraman poltsa berrerabilgarriak eta baztertu plastiko edo poliestireno hedatu (porexpan) gehiegi duten enbalajeak. Hondakinik onena sortzen ez dena da. Birziklatu eta berrerabili.
Egin bat ‘0 kilometroarekin’: elikagai askok eta askok ehunka kilometroko ibilbidea egiten dute (itsasokoek, adibidez). ‘0 kilometroko’ ekimenek aztarna ekologikoa murrizten dute, eta, era horretan, atmosferara isuritako berotegi-gasak murrizten eta klima-aldaketa geldiarazten laguntzen dute. Elikagai bat 0 km-ko edo hurbileko produktutzat hartzeko, beharrezkoa da:
- Gehienez 100 km-ko erradio batean produzitu eta kontsumitzea.
- Sasoiko produktua izatea.
- Produzitzeko eta garraiatzeko prozesua araudiei jarraikiz eta ingurumena errespetatuz egitea.
Ba al dakizu elikadura-ekimen jasangarri asko daudela?
Merkaturatze-kanal laburrak: gero eta produktu ekologiko eta hurbileko edo 0 km-ko produktu gehiago saltzen dira. Kontsumo-taldeek, azoka agroekologikoek, puntu berdeek, etxez etxekoek eta denda espezializatuek merkaturatze-kanal laburren bitartez saltzen dute. «Elikadura-burujabetza» kontzeptupean, elikagaiak produzitzen dituztenek Garapen Iraunkorrerako Helburuei jarraikiz beren estrategia eta nekazaritza-politika propioak zehazteko duten eskubidea errespetatzen dute. Arau horren barruan, jakina, elikagaiak produzitzeko modu eta kultura guztien, giza eskubide, eskubide zibil eta lan-eskubideen eta eskubide-berdintasunaren eta genero-berdintasunaren printzipioen errespetua sartzen da.Kontsumo-taldeak: kontsumo-taldeak etengabe ari dira hazten. Salmenta-puntuak sortzen dituzte, kideak hornitu ahal izateko. Nekazaritzako elikagaien tokiko produkzioa bultzatzen duten kate laburrak erabiltzearen bidez, sasoiko produktuen kontsumoari eta ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzenagoari lotutako «hurbiltasun» kontzeptua sendotzen dute. Neurri txikiagoan bidaiatzearen eta kontserbatzeko eta garraiatzeko ontziratze-baldintza berezirik behar ez izatearen ondorioz, CO2 gasaren emisioak eta biodegradagarriak ez diren hondakinak murriztu egiten dira.
Kontsumo-taldeak ohiko kontsumo-sistemaren alternatiba gisa sortzen dira, balio ekologikoei eta ingurumena errespetatzeko balioei ematen diete lehentasuna, eta tokiko ekonomia, nekazaritza, abeltzaintza eta gastronomia bultzatzen dituzte. Gainera, gizarte-eraldaketako ekintzak egiten ari dira. Nolanahi ere, konpromiso eta berreziketa handia behar da talde horietan sartzeko.
Taldeen funtzionamendua kideen eta ekoizleen artean ezarritako akordioen araberakoa da. Oro har, batzarren eta lan-taldeen bidez antolatzen dira. Entrega bat egin ohi da astean, saski batzuetan, eta hainbat elikagaiz betetzen dira, premien eta dauden produktuen arabera. Talde batzuek saski irekiak eskaintzen dituzte; kasu horretan, asteko zerrenda egiten da dauden produktuekin, kideek eskaera egin dezaten. Beste talde batzuen saskiak itxiak dira, eta, batez ere, urtarora egokitu beharra izaten da.
Ahalmen handiko tresna eraldatzailea
Gogoan izan elikagaien kontsumo kontzientea eta arduratsua ahalmen handiko eraldaketa-tresna dela eta onuragarria izango dela zuretzat eta zure familiarentzat (hobeto elikatuko zaretelako), ingurumenerako (neurri txikiagoan kutsatuko duzuelako eta ingurumena babesten lagunduko duzuelako) eta tokiko nekazaritzan eta abeltzaintzan diharduten pertsonentzat (lan-baldintza hobeak izango dituztelako).Zein da zure erreakzioa?