Bost urrats zure enpresak jasangarritasuna lortzeko
2023-07-17
Bost urrats zure enpresak jasangarritasuna lortzeko
Iritsi da uda eta oporrak baino ez ditugu gogoan. Alabaina, denboraldi honek badu alde negatiboa ere, eta ez diogu behar adinako arreta eskaintzen: bero-boladak, lehortea, suteak... Kantauri itsasoko zenbait gunetan 4ºC igo da tenperatura aurreko urtearekin alderatuta, eta zientzialariek ohartarazi dute Artikoak ez duela izotzik izango 2030eko udan. Berandu samar gabiltza dagoeneko, baina oraindik garaiz gaude egoera hori moteltzeko, ekologiari eta jasangarritasunari esker. Horregatik bultzatu behar ditugu 2030 Agenda eta Garapen Jasangarrirako Helburuak(GJH) bezalako ekimenak, Nazio Batuen plana planetaren egoera globala hobetzen saiatzeko 17 neurriren bidez, gosearen, pobreziaren eta desparekotasunaren aurka, eta osasunaren, hezkuntzaren eta klimaren aldeko ekintzaren alde, besteak beste.
NBEren Mundu Itunak urrats bat harago daramatza proiektu horiek. Erakunde horrek enpresei dei egin die 10 printzipio unibertsal sar ditzaten giza eskubideekin, lan-araudiarekin, ingurumenarekin eta ustelkeriaren aurkako borrokarekin lotuta. Izan ere, gizarte osoaren kontua da jasangarritasuna, oro har, enpresa-eremua ere barne. Industria osoak, industria-sektore guztiek, aktiboki parte hartu behar dute misio horretan. LABORAL Kutxan ez gara atzean gelditu, eta GJHak eta Banku-jarduera Arduratsuaren printzipioak ere bultzatzen ditugu, jasangarritasunari buruzko urteko gure memorian erakutsi dugun bezala.
Nola lor dezakezu zure enpresak kausa horrekin bat egitea?
Jasangarritasunaren aldeko neurriak ezartzeko, edozein enpresa handik edo ETEk bete behar dituen bost etapak azalduko dizkizugu ondoren. Kontuan izan behar da fase bakoitzak bere erronkak eta aukerak dituela, eta, beraz, merkatura eta negozio bakoitzaren berezitasunetara egokitu behar dela prozesua sendotzeko.
1- Enpresaren azterketa
Lehenik eta behin, beharrezkoa da enpresek azterketa bat egitea, bai barne-mailan (langileak), bai kanpo-mailan (enpresa hornitzaileak, bezeroak...), enpresaren premiei buruzko ondorioak ateratzeko eta zenbait helburu zehaztu ahal izateko. Adibidez: sortutako karbono-aztarna murriztea, langileen artean bizikletaren erabilera sustatzea, kontsumo elektrikoa murriztea...
2- Legeria betetzen den berrikustea
Bigarrenik, jasangarritasunaren arloan dauden ziurtagiriak eta arauak berrikusi behar ditu enpresak, haietara atxiki ahal izateko, eta kontuan izan behar du indarrean dagoen araudia desberdina dela herrialde bakoitzean eta aldatu egin daitekeela zenbait erkidegotan eta probintziatan. Komeni da ingurumen-estandarren bati atxikitzea, dagokion ziurtagiria eskuratzeko, nahiz eta batzuk estuak eta zorrotzak iruditu. Horrek funtsezko hobekuntza dakar enpresan eta bezero izan daitezkeenekiko harremanean.
Abangoardia teknologikoan eta borroka klimatikoan egiaz inplikatuta egotean, enpresa horiek nolabaiteko ospea irabazten dute ekoizpen-kostuak murrizten dituzten bitartean, eta negozio-aukera berriak ere sor daitezke. Hona hemen ziurtagiri ezagunenetako batzuk:
- ISO 14001: Jarduera garatzean enpresa barruan sor daitezkeen ingurumen-arriskuak kudeatzen eta identifikatzen laguntzea du helburu.
- EMAS: Ingurumena kudeatzeko tresna da, eta Ingurumena Kudeatzeko Sistema (IKS) ezarri eta etengabeko hobekuntzarako konpromisoa hartu duten enpresak eta erakundeak aintzatesten ditu, auditoria bidez egiaztatuta.
- ISO 26000: Borondatezko araua da, eta enpresen gardentasunari buruzko gomendioak, aholkuak eta orientabideak ematen ditu, besteak beste.
- EthSI ziurtagiria: Aseguru-produktuak merkaturatzen dituzten konpainien gardentasun-maila eta jardunbide egokiak baloratzen dituen bereizgarria da. Lagun Aro Aseguruetan badugu dagoeneko.
3- Egikaritze-plana egitea
Azterketa eta berrikuspena egin ondoren, enpresak egikaritze-plana prestatu behar du jasangarritasunaren bidean aurrera egiteko beharrezkoak diren prozesu (balio-kateko lana, produktu jasangarriagoak diseinatzea, negozio-eredu berriak garatzea...) eta komunikazio guztiekin. Horretarako, adostutako programaren berri eman behar die dagokien pertsonei, eta eginkizunak banatu behar ditu, helburu bakoitzari dagozkion erantzukizunak definitzeko, bai banakakoak, bai kolektiboak. Gainera, beharrezkoak diren baliabideak esleitu behar dira plana aurrera eramateko eta helburu horiek betetzeko beharra sartu arduradunen jarduna ebaluatzeko programan, enpresa-estrategia berrian parte har dezaten.
4- Jarraipen etengabea
Prozesua lehen aldaketetan gelditu ez dadin, enpresak jarraipena egin behar du, ezarritako helburuen lortze-maila berrikusteko. Jasangarritasuna ez da helburu puntuala, leitmotiva baizik, eta betiko mantendu behar da enpresaren eta bertako langile guztien ekosisteman. Horrela bakarrik balioko du zerbaitetarako, eta lagundu ahal izango dio kausari.
Komeni da jasangarritasun-txostena eta aginte-koadro integrala (Balanced Scorecard edo BSC) definitzea, adierazle bakoitzaren jarraipena egiteko eta aurrerapena ikusteko. Txosten hori bat etor daiteke lehen aipatutako ziurtagirietakoren batekin, eta, beraz, enpresak aukeratu behar du zein den egokiena bere premiei, helburuei eta bezero-motari begira.
5- Kudeatzeko softwarea erabiltzea
Ezinbestekoa da kudeaketa-tresna bat erabiltzea, enpresan estrategiaren ezarpenaren jarraipen zehatza eta sakona egin ahal izateko. Jasangarritasuna kudeatzeko sistema on batek izugarri erraztuko du lan hori.
Ez da gastu handirik egin behar horrelako tresnak eskuratzeko. Ikuspegi orokorra izateko, nahikoa da Excel bat prestatzea eta hartan jasotzea aurreikusitako jasangarritasun-plana ebaluatzeko behar diren adierazle guztiak, eta hari lotutako dokumentazioa estekatzea. Horrela, datuak ondo ordenatuta, ikusiko da prozesuaren hiruhilekoko edo urteko bilakaera, bai eta ezarritako helburuak bete ote diren ere.
Urrats horiek jarraituz, edozein enpresak ezarri ahal izango ditu jasangarritasunaren aldeko neurriak epe ertainerako. Beharrezko erabakia, dudarik gabe, planetarako eta gure ondorengoen etorkizunerako.
Zein da zure erreakzioa?