Digitalizazioak egungo egoeran duen funtsezko egitekoa aztertu dute CITA-Emprende ekitaldian
2020-09-17
Digitalizazioak egungo egoeran duen funtsezko egitekoa aztertu dute CITA-Emprende ekitaldian
Digitalizazioa eta ekintzailetza lehiakortasunaren funtsa dira. Enpresek ez dute galdetzen eraldaketa digitala egin behar duten ala ez, noiz egin behar duten baizik. Eta egungo egoeran, COVID-19a bultzada izan da estrategia hori azkartzeko. Enpresa asko, startupetan ohikoak diren trebetasun berritzaileak, malgutasuna eta egokitzeko gaitasuna bereganatzen hasi dira.
LABORAL Kutxan badakigu gaitasun horiek zer nolako egitekoa izan behar duten mundu osoan hedatu den joko-taula berrian. Horregatik hartu dugu parte CITA | Emprende Digitalizazioari buruzko edizio berezia topaketa birtualean. Ekitaldian, hainbat arlotako puntako startupek, digitalizazioan ere nabarmendu direnek, beren arrakastaren gakoak azaldu dituzte, enpresa txiki eta ertainetako zein beste startupetako zuzendarien aurrean. Irailaren 15ean eta 16an saio bete-beteak izan ditugu, digitalizazioak zenbait eremutan izan duen eragina aztertzeko, besteak beste, telelanean, merkataritza elektronikoan, turismoan, adimen artifizialean eta Big Data delakoan. Hona hemen topaketan ateratako ondorioetako batzuk.
Telelana: produktibitatea eta egokitzapena
Telelana produktiboa izateko jarraibideak
Eva Rimbau. Giza Baliabideen irakasle Universitat Oberta de Catalunya unibertsitatean.«Telelana aurrera eramateko ezinbestekoak dira autonomia eta konfiantza»
Egungo osasun-krisialdian telelana oso lagungarria izan da enpresa askorentzat. Telelana produktiboa izan dadin, enpresek saihestu egin behar dute bulegoan egiten den lan guztia etxera eramateko tentazioa. Eva Rimbau Giza Baliabideetan adituak gomendatzen duenez, bilerak aurrez aurre egiten jarraitzea komeni da. Gainera, bulegoak erabiltzeko era aldatu egin denez, garrantzitsua da espazioak berregokitzea.
Bestalde, produktibitatea lortzeko, taldekideei autonomia, konfiantza eta laguntza eskaini behar zaie, eta erakundeko kide izatearen sentimendua sustatu. Emaitzei erreparatzeko unea da, gehiegizko jarraipena eta kontrola saihestu egin behar dira.
Telelana hazteko aukera ere bada: benetako esperientzia bat
Carmelo Gayubo, Blarlo-ko zuzendari nagusia«Talentua lana dagoen lekura eraman behar da, eta ez lana talentua dagoen lekura»
Ehunka herrialdetatik lan egiten duten 4.000 itzultzaile baino gehiago biltzen dituen startup honentzat telelanaren ezarpena aukera bat izan da. Bideo-deiak, posta elektronikoa, Slack, telefonoa eta hodeian lan egitea tresna errazak dira, eta horiek erabili ditu Blarlok langile dituen pertsonen artean familiaren eta lanaren arteko kontziliazioa hobetzeko. Datorren urtetik aurrera, lantokiko lana eta online egiten dena uztartzen dituen modalitate mistoa abian jartzea aurreikusi du.
Teknologia birtualak urrutitik lan egiteko
Pablo Ayala, Innovae Group-eko zuzendari nagusia eta Eywa startupen haztegiaren sustatzailea«Errealitate birtualaren bidez pertsona bat ondo prestatzen da mundu errealera ateratzeko»
Teknologia birtuala prestakuntzaren eta urrutiko lanaren aliatu garrantzitsua bilakatu da. Edonoren esku jartzen du laneko egoera zail bat segurtasun osoz simulatu eta bizitzeko aukera; eskolak urrutitik eman edo jasotzeko prestakuntza-baliabide ugari eskaintzen ditu, eta aukera ematen du showroom birtualak egin eta enpresaren produktu-katalogoa erakusteko. Enpresek egunerokoan gero eta gehiago erabiltzen dituzte horrelako teknologiak, lehiakortasuna eta produktibitatea areagotzeko baliabideak direlakoan.
Digitalizazioa: enpresen egokitzapena eta turismo-sektorearen kasua
Nola egokitzen ari dira gure enpresa eta erakundeak gero eta digitalagoa den ingurunera?
Manuel Alonso Pérez, Administrazio Publikoko eta Enpresa Handietako zuzendaria Telefónicaren iparraldeko zonaldean«Sektore askotan digitalizazioa nahitaezkoa zela erakutsi du COVID-19ak»
COVID-19aren zabalpenarekin, gizartea azkar konturatu da digitalizazioa beharrezkoa dela, eta estrategia hori sektore askotan nahitaezkoa dela ikusi da. Pandemiaren hasierako asteetan 2020. urte osorako aurreikusita zegoen trafikoa izan zen webean, eta e-Commerce direlakoen jarduera % 50 hazi zen. Hemendik aurrera, 5G teknologiaren hedapenak eraldaketa digitala bultzatuko du eta nabarmen hobetuko ditu prozesu asko.
Imanol Lasa, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua Gipuzkoako Foru Aldundian
«Erakundeek lagundu egin behar dute krisialditik irteteko»
Telelana erronka teknologiko handia izan da Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat. Gipuzkoako enpresei errealitate berrira egokitzeko beharrezkoak diren baliabideak eskaini nahi izan dizkie, eta haien eraldaketa digitala bultzatu. Nola? Zuntz optikoa lurraldeko «azken baserriraino» eramanez eta prestakuntza digitalerako ikastaroak eskainiz udalerri txikienetan ere.
Egoera honetatik irteteko, erakundeek lagundu egin behar dute eta zenbait prozesu bultzatu, digitalizazioa, adibidez, eta zibersegurtasuna bermatu. Eraldaketa teknologikorako prozesua bizkortu eta orokortze aldera, foru erakundeak lurraldeko ehun ekonomikoa modernizatzeko estrategia zabaldu du, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan.
Oscar Muguerza, LABORAL Kutxako Enpresen Negozio Garapeneko zuzendaria
«Bankuen sektoreak eten digitalari aurre egiteko lanean dihardu»
Eten digitala hor dago, batez ere biztanleriaren gizarte-ohituren eta adinaren eraginez, baina bankuen sektorea ahalegina egiten ari da gai horretan zailtasunak dituzten pertsonei digitalizazioan laguntzeko. Hala, 2020ko apirila eta maiatza bitartean, LABORAL Kutxak gainditu egin ditu 2020. urte osorako zituen kreditu-aurreikuspenak, eta hori guztia online formatuan egin da.
Banku-prozesuak arintzearen aldeko apustuarekin batera, inbertsio garrantzitsua egin da zibersegurtasunaren arloan, finantza-erakunde batek ezin baitu arriskurik onartu segurtasun informatikoari dagokionez. Eta bai eremu horretan eta bai Fintech unibertso osoan, finantza-erakundeen eta startupen arteko lankidetza etorkizunerako formularik interesgarrienetako bat da.
David Montero de la Torre, Bic Araba-ko zuzendaria
«Krisiak, aukera-sortzaile»
Sarritan, aukera berriak sortzen dituzte krisiek; digitalizazioari esker, adibidez, gure artean luzaro iraungo duten teknologia berriak hedatzeko eta dinamika berritzaileak bultzatzeko gaitasuna eskuratu dute enpresa askok. Egungo testuinguru honetan, oso azkar digitalizatu dira hainbat eta hainbat enpresa; erakunde publikoek, berriz, prozesu hori lagundu eta sustatu egin behar dute. Digitalizazio-estrategia horretan, zibersegurtasunak protagonismo berezia eman die Euskal Herriko startup askori, zeinak alor horretako nazioarteko erreferentzia bihurtu baitira dagoeneko.
Digitalizazioa eta turismo-eredu berriak
Talal Benjelloun, Glamping Hub-en sortzaileetakoa«Ekintzaile izateko garaia da: turismoa aldatzen ari da»
Aire zabaleko luxuzko turismoaren alorrean munduko lehena da Glamping Hub plataforma digitala erreserba-kopuruari dagokionez, eta 5.000 ostatutik gora ditu erregistratuta. Mundu digitalaren eta fisikoaren bat-egiteak ekarri dio arrakasta plataforma horri: natura hurbildu egin die bezero sibarita batzuei, erosotasun eta bizipen jakin eta berezi batzuengatik ordaintzeko prest daudenei, alegia.
Plataformaren sortzaileetakoa den Talal Benjellounek dioenez, hainbat eta hainbat alorretan ireki ditu negozio-aukerak digitalizazioak; besteak beste, turismoan. Oso lagungarria da teknologia sektore horrek dituen erronketako batzuei ekiteko; esate baterako, turismo-leku askok Internetera konektatzeko dituzten arazoak konpontzeko, edo egungo bidaia-eskaintzak COVID-19ak sortutako premietara egokitzeko. Aldaketa-unea dugu oraingo hau, ezin aproposagoa ideia eta teknologia berriez baliatuz gauza berriak, berritzaileak, sortzeko.
Merkataritza elektronikoa: nola lortu arrakasta, nola ez egin porrot
Onlineko merkataritza eta aurrez aurrekoa elkartzearen indarra
Eloi Gómez, Jeff-eko zuzendari nagusia«Aldatzen ari dira negozio-ereduak, eta funtsezkoa da onlineko eta offlineko zerbitzuen bizikidetza»
Startup arrakastatsua dugu Jeff: 40 herrialdetako merkatuetan dihardu, aurrez aurreko negozioa eta onlinekoa konbinatuz. Zenbait negozio tradizional digitalizatzen ari da Jeff; besteak beste, arropa-garbitegiak, edertasun-aretoak, fitnessa eta relaxa. Eloi Gómez zuzendari nagusiak dio bezeroekin egunero harremana duten markek hobetu egiten dutela haiekiko lotura, eta denbora gehiago irauten dutela.
Honenbestez, bezeroei topagune malguak eta moldakorrak eskaintzea da Jeffen helburua, hau da, zaintzari eta higieneari lehentasuna ematen zaien guneak. Izan ere, egungo osasun-arloko alerta-egoera dela eta zerbitzu berriak eskaini behar dira, eta ohiko negozio-ereduak malgutu, jendea gutxiago irteten baita etxetik ile-apaindegira edo gimnasiora joateko, adibidez.
Egoera ikusirik, funtsezkoa da onlineko eta offlineko zerbitzuen bizikidetza, eta komeni da erabiltzaileen erosketak eta nabigazioa hobetzeko tresnak eskuragarri edukitzea.
Merkataritza elektronikorako prozesuen digitalizazioa
Borja Cembrero, NaizFit-eko zuzendari nagusia«Digitalizazioari esker, aurrez aurreko negozioari eta onlinekoari eragingo dioten erabakiak har daitezke»Moda online saltzen duten dendei erosleak hobeto ezagutzen laguntzeko sortu zen NaizFit, eta sektore horren kezka nagusietako bati aurre egiteko: neurrien arazoari, alegia. Egun, online erosten diren hamar janzkitik hiru itzuli egiten dira, eta hamar itzulketatik bi neurrien arazoak eragiten ditu. Digitalizazioaren eta datu-analisirako tresnen bidez, arazo horiek konpontzeko aukera dute dendek, zerbitzu hobea eta eraginkorragoa eman dezakete, eta bezeroen beste premia batzuk ere ezagut ditzakete; adibidez, neurri gehiagoren beharra. Funtsezko elementu bihurtu dira datu horiek, kostuak gutxitzeko eta errentagarritasuna areagotzekoko ez ezik negozio-eredu berriak aurkitzeko, bezeroei gomendio zehatzak emateko eta merkataritza elektronikoaren errendimendua hobetzeko.
Adimen artifiziala + Big Data
Adimen artifiziala: ETE-etarako ikuspegi bat
Alberto Conde, Xabet-eko zuzendari nagusia«Adimen Artifizialari esker zeregin batzuetan aurrezten dugun denbora enpresako beste alor batzuetan inberti dezakegu»
Datuak dira eraginkortasunaren lehengaia, eta adimen artifizialeko eta Machine Learningeko tresnak behar dituzte, findu, prozesatu eta, azkenik, negozioen emaitzak hobetzeko. Datuak egokiro kudeatzea eta prozesuak zehatz-mehatz ezagutzea lagungarri da gure lana errazten duten algoritmoak sortzeko, eta lan jakin batzuetan denbora aurrezteko aukera ematen digute, balio erantsi handiagoko beste batzuetan inberti dezagun.
Aukera-eremu berrietarantz, Adimen Artifizialari eta COVID-19ari esker
Eider Sánchez, Naru Intelligence-ko zuzendari nagusia«Osasun-zentroek hobeto kudea ditzakete COVID-19a duten pazienteen zalantzak»
Adimen Artifiziala oinarri duten sistemak lagungarriak dira minbiziaren eta beste gaixotasun larri batzuen tratamenduen emaitzak hobetzeko, izapideak azkarrago egiteko eta pazienteen jarraipena errazteko. Labur adierazita, hau egiten du teknologia horrek: pazienteei buruzko datuak jaso, interpretatu eta onuraren bat dakarren ekintzaren bat sortzen saiatu.
Oso garrantzitsua da hodeia aplikazio horiekin jarduteko, elkarrekin konektatuta edukitzen baititu alderdi guztiak. Onkologiarako garatu zuen Naruk teknologia hori, baina COVID-19ko pazienteei ere ari zaie zerbitzua ematen pandemia hasi zenetik. Osasun-zentroei eskariak eta zalantzak hobeto kudeatzeko aukera ematen die teknologia horrek, betiere bereziki erreparatuz datuen babesari. Teknologia horren esperientziak atea zabalik utzi die beste aukera-eremu batzuei, eta aplikazio mediko berriak aztertzeko bidea ireki du, osasun-sistemari lagundu eta emaitza medikoen sorkuntza azelera dezaten.
Garbi erakusten digu horrek guztiak zein garrantzitsuak diren digitalizazioa eta ekintzailetza egungo testuinguru honetan, eta zer aukera sor ditzaketen enpresen lehiakortasuna hobetzeko.
Zein da zure erreakzioa?