Dirua eta teknologia: gogokoen ditugun Gabonetako opariak
2018-01-03
Dirua eta teknologia: gogokoen ditugun Gabonetako opariak
LABORAL Kutxan asko maite dugu Internet. Baliabide erabilgarrienetako bat da gure produktuei eta zerbitzuei buruz hitz egiteko eta nor garen eta zergatik egiten dugun egiten duguna azaltzeko. Baina, horrez gain, talaia bikaina da, gizartearen nondik norakoak ikusteko. Horregatik, aldizka, askotariko gaiei buruz Interneten ematen diren iritziak aztertzen ditugu, adibidez, banku-zerbitzu digitalen , kirol amateurraren , familiaren , etxebizitzaren ,kontsumo-ondasun handien erosketaren edota kulturaren inguruko ohituren gaineko iritziak. Hilabeteon, urte-sasoia kontuan hartuta, 4.300 iritzi baino gehiago aztertu ditugu oso gabonetakoa den gaia aukeratuta: opariak. Zer gustatzen zaigu opari egitea eta jasotzea? Jarraian azalduko dizugu.
Dirua eta teknologia, oparirik estimatuenak
Ez da oparirik originalena edo pertsonalena izango; baina, aztertu ditugun iritziak bota dituzten lagunen % 19k begi onez ikusten du opari gisa eskudirua jasotzea. Diruaren atzetik, teknologia eta esperientziak dira gustukoen ditugun opariak (aztertutako iritzien % 18ren arabera); jarraian datoz koloniak eta kosmetikoak (% 16), arropa eta oinetakoak (% 16) eta janari-edariak (% 13).
Baina opari-kontuetan ez ditugu objektu fisikoak bakarrik maite. Esperientziak oparitzea goraka doan joera da. Interneteko erabiltzaileen % 18k adierazi du aisialdiko ihesaldiak eskaintzen dituzten opari-kutxak erregalatzen dituela. Atsegin ditu nolabaiteko sorpresa-kutsua dutelako eta aukera ugari daudelako: afari erromantikoa (% 25ek nahien duen aukera), asteburuko ihesaldiak (% 24k), spa-saioak eta tratamenduak (% 19k), abenturak (% 17k) eta zaletasunen bat lantzeko ikastaroak (% 15ek nahien duena).
Gehien kezkatzen gaituena: gure seme-alabentzako erregaluekin asmatzea
Zer oparitzen ote dugun jakiteaz gain, opariaren hartzailearen arabera zein jarrera izaten dugun ere aztertu nahi izan dugu. Atera dugun ondorio nagusia da batez ere seme-alaben opariekin asmatu nahi izaten dugula, eta, ondoren, bikotekideari egiten diogunarekin.
Haurren kasuan, ilusioa piztea eta Gabonetako magiari eustea izaten da gure nahia. Hori bai, batzuetan, haurren ametsak bete nahi izateak gehiegikerietara eramaten gaitu, guraso askok aitortzen dutenez. Nerabeekin, oparien kontua aldatu egiten da apur bat; izan ere, haien ahalegina saritzera jotzen dugu (eskolako emaitza onak, esaterako). Kasu horretan, mugikorrak, kontsolak eta, orokorrean, teknologia-produktuak izaten dira erregalurik estimatuenak.
Gure bikotekideari oparia egiteko orduan, berriz, erregalu praktikoagoak egiteko joera dugu, eta ukitu erromantikoa edo ezustekoa ematen saiatzen gara. Hala, arropa, kosmetikoak, oinetakoak edo perfumeak oparitzen dizkiogu. Hurbileko senideei erreparatuta, guraso edo anai-arrebei batez ere opari praktikoak egiten dizkiegu, bestelako faktoreei ez diegu aparteko garrantzirik ematen. Orokorrean, nahiago izaten dugu ez arriskatzea eta opariarekin asmatzea. Hortaz, dirua ohiko oparia izaten da. Gure lagunekin aurkakoa gertatzen da; nahiago izaten ditugu opari dibertigarriak, eta ez nahitaez erabilgarriak direnak.
Opari originalak bilatzen ditugu, baina ez da erraza
Denetarik dugula pentsatu ohi dugu. Horixe da, bederen, gure azterketak erakusten duena; izan ere, opari originalak aurkitzeko zailtasunak dituzten pertsonen iritzi ugari jaso ditugu. Zer egingo dugu, bada, oparia atsegina eta ezustekoa izan dadin? Interneten begiratzea izaten da ohikoena: inspiratuko gaituzten webguneak bisitatu, gomendioak ematen dituzten artikuluak irakurri, foroetan galdetu edo oparitarako gauzak saltzen dituzten gune berezietara jo.
Non erosten ditugu opariak?
Online erostea gero eta gehiago estimatzen den aukera da. Bildu ditugun iritziak eman dituzten lagunen % 64k dio Interneten erosten duela, prezio onak aurkitzen dituelako eta ordaintzeko moduak errazak direlako, betiere aurretiaz erosiz gero. Aukera horrek dituen alde txarren artean aipatu dituzte eskatutakoa iristeko denbora eta itzultzeko eragozpenak.
Jakina, badira opariak erosteko beste aukera batzuk ere. Adibidez, azokak eta hurbileko dendak. Aukera horren aldekoa da iritzi-emaileen % 22. Lagun horientzat garrantzitsua da arreta pertsonalizatua, erosketaren bat-batekotasuna eta produktu guztiak ikusi eta ukitzeko aukera. Alderdi txarren artean, ilarak eta produktu-aukera urria aipatu dituzte.
Opariak erosteko hirugarren aukera bat merkataritza-guneak dira, Interneteko erabiltzaileen % 14k aukeratu duena. Aukera horren abantaila nagusia da saltoki horiek eskura eta aterpean daudela. Alderik txarrena? Jende gehienaren ustez, leku itsusiak eta inpertsonalak dira, eta horietan erostearen esperientzia oso negatiboa izaten da sarritan.
Jende guztiak ez du ondo ikusten horrenbeste opari egitea
Oparitzea jardun atsegina izan arren eta zirrara positiboekin lotuta badago ere, baditu alderdi txarrak. Bildu ditugun iritziak plazaratu dituztenen % 70ek kontsumoaren inertzia gaitzetsi du, eta ziurtatu du nahiago duela opari gutxiago edo bat ere ez jasotzea. Konpromisoak bultzatuta opari egitearen ondorioz beharrezkoak ez diren objektu anitz pilatzen ditugula uste du.
Zer jende mota dago hainbeste opari egiteko tradizioaren aurka? % 34k pertsona arrazionaltzat eta autokritikotzat du bere burua; % 29 kontsumo iraunkorraren, bidezko merkataritzaren eta ekologiaren alde dago; % 25 erlijio-talde kontzientziatu bateko kide da; eta gainerako % 12ak ez du bere burua kategoria horien barruan ikusten.
Baina, nola saihets dezakegu askorentzat publizitatearen diktadura dena, erabili eta botatzeko erostea? Opari-kontsumo horren aurrean, badira beste aukera batzuk; hauek dira ohikoenak: lagun ezkutua, hau da, zozketa egin eta egokitu zaizun pertsona bakar horri egitea oparia (% 28ren hautua); kontsumismoari aurre egin eta ezer ez oparitzea edo kontsumoa asko murriztea (% 18k aukeratu duena); DIY (do it yourself edo zuk zeuk egindako) produktuak erregalatzea eta sobera daudenak edo erabiltzen ez direnak birziklatzea (% 14ren aukera).
Zein da zure erreakzioa?