Elkarrekiko Berme Baltzuak baliabide interesgarriak dira autonomoak eta enpresa txiki eta ertainak finantzatzeko

Elkarrekiko Berme Baltzuak baliabide interesgarriak dira autonomoak eta enpresa txiki eta ertainak finantzatzeko

2 min.

Elkarrekiko Berme Baltzuak baliabide interesgarriak dira autonomoak eta enpresa txiki eta ertainak finantzatzeko

Elkarrekiko Berme Baltzuak (EBBak) finantza-erakundeak dira. Horien eginkizuna ETE-ei eta autonomoei, abalen bitartez, kredituak eskuratzen laguntzea da. Bazkideek (autonomoek eta enpresek) eraturiko finantza-erakunde abal-emaileak dira. Hau da, bazkideak berak dira beren kuotekin abalerako fondoak jartzen dituztenak.

EBBaren abalari esker, kreditu-erakundeek errazago ematen dute finantzazioa, izan ere, arriskua bazkide guztien artean banatzen da eta EBBak eragiketen bideragarritasuna aztertzen eta  bazkideak aholkatzen ditu.  Gainera, inplikazio handiagoa dago, abala jasotzeko bazkideak eragiketaren portzentaje bat EBBaren fondoetara bideratu behar baitu.

Kreditu-erakundeek erabiltzen dituzten baliabideak eta hartzen duten arriskua txikiagoak direnez, horiek begi onez ikusten dute EBBaren abalarekin finantzatzea. Hori dela eta, hitzarmenak izan ohi dituzte EBBekin, eta, horri esker, merkatukoak baino finantzazio-kostu txikiagoak eskaintzen dituzte.

Hau da, EBBen funtzio nagusia abalak ematea da, enpresek banku-finantziazioa lor dezaten. ETE-ek (edo autonomoek) kreditu bat lortu nahi dutenean, EBBek abal-emaile jarduten dute finantza-erakundeen aurrean. Horrela, mailegua ematen duen finantza-erakundeak arrisku txikiagoa hartzen duenez, enpresak maileguan baldintza hobeak lortzen ditu, interes-tasari eta amortizazio-epeari dagokionez.

Zer kasutan ematen da finantzazioa EBBaren abalarekin

  • Eragiketa bideragarria izanik (hau da, hasiera batean eragiketako dirua itzultzeko gaitasuna dagoenean), finantza-erakundetik aparteko berme bat eskatzen denean (eragiketaren zenbatekoa handia delako, beste mailegu batzuk dituelako, bideragarritasuna erabat argi ez dagoelako…).
  • Enpresa batek EBBek hitzarturiko finantzazio-lerroen baldintza berezien onuradun izatea nahi duenean.

Zer eta nola finantzatu ohi da?

  • Normalean finantzatu ohi diren inbertsioak: higiezinak, makinak, egokitzapenak, ekipamenduak, ibilgailuak, hardwarea… eta baita ohiko ordainketetarako zirkulatzailea ere.
  • Finantzazio-figura ohikoena mailegua da. Orokorrean gehienezko epemuga luzea izaten du. Halere, bada kreditu-kontuaren figura ere, eta, kasu batzuetan, merkataritza-deskontuen lerroak ere izaten dira eskuragarri.

Zer egin EBBen zerbitzuen onuradun izateko

Edozein ETE eta autonomo izan daitezke EBB baten zerbitzuen onuradun. Horretarako, beharrezkoa da erakunde horretako bazkide izatea, sozietate-partaidetza bat erosiz. Horren kostua ez da oso handia izaten (Oinarri SGR-ren kasuan, esaterako, 120 eurotik aurrera bazkide partaide izan zaitezke) eta diru hori berreskuratu egin daiteke, enpresak EBBaren bazkide partaide izateari utziz gero.

Abal bat eskatzeko eta formalizatzeko, harpidetza bat sortu eta kapital gehigarri bat jarri behar da (eragiketaren zenbatekoaren % 4 inguru; hori kitatzean itzultzen da).

EBB batek zer abantaila eskaintzen die enpresei

Gure ingurune ekonomikoan kreditua geldirik dagoen aldi honetan, EBBak baliabide garrantzitsuak dira, zure negozioko inbertsioak eta altxortegiko beharrak finantzatzeko. Honako hauek dira abantaila azpimarragarrienak:
  • Merkatuko interes-tasa onuragarrienak eskaintzen dituen finantzaketa eskura izatea.
  • Epe luzeagoko finantzaketa eskuratzeko aukera izatea.
  • Kreditu-erakundeen aurrean bermeak hobetu, sendotu eta osatzea eta, horrela, enpresak lehen eskuraezinak zitzaizkion finantzaketa-lerroak lortzea.
  • Berme gisa beste ondasun batzuk (etxea, autoa…) ematea saihestea eta, beraz, horrek enpresaren etorkizuneko hedapenean izan ditzakeen ondorio txarrak saihestea.
ETE-entzako eta autonomoentzako EBBei eta beste gai interesgarri batzuei buruzko informazio gehiago aurki dezakezu Consulting PROn.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Kreditu lerroak