Elkarrizketa Judith Ruizi (Rem-Iru): “Berrikuntzan, prestakuntzan eta talentu-erakarpenean inbertitzeko unea da”
2022-09-09
Elkarrizketa Judith Ruizi (Rem-Iru): “Berrikuntzan, prestakuntzan eta talentu-erakarpenean inbertitzeko unea da”
Normalean orain arte industrian gizonen presentzia nagusi izan bada ere, asko dira sektorean leku bat egiten hasi diren emakumeak. Rem-Iru enpresa dugu horren adibide bat. Emakumeek osatzen dute Rem-Iruren zuzendaritza-taldearen zati handi bat, eta Judith Ruizek ia 20 urte daramatza bere aitak 2000. urtean sortutako enpresa zuzentzen. Gaur, metalaren sektoreko ETE familiar baten buruan eguneroko jarduna nolakoa den kontatuko digu.
LK Enpresa: Zer zerbitzu ematen ditu Rem-Iruk sektore metalurgikoaren barruan?
Judith Ruiz: Barne produkzio-prozesuen bidezko altzairuzko eta aluminiozko xaflen eraldaketan gara espezialistak Rem-Irun: laser-mozketa, puntzonaketa, tolestaketa, panelaketa, soldadura eta muntaketak, kanpo-prozesuen kudeaketa, pintura, azaleren tratamenduak eta beste eragiketa osagarri batzuk.
Jarduera-sektore zabaletako bezeroei (industria-azpikontratazioa) zuzentzen gatzaizkie, haiei soluzioak eskainiz, eta haien diseinu eta zehaztapen tekniko eta logistikoetara egokituz. Gure bisioa aliatu leial bat izatea da, teknologikoki aurreratua eta bezeroekin konprometitua, goi-kalitateko soluzioak eskainiz prezio- eta epe-baldintza onenetan. Erreferentziazko hornitzaileak izan nahi dugu hainbat jarduera-sektoretan (igogailuak, trenak, armairu elektrikoak, energia eolikoa, bide-seinaleak, etxetresna elektrikoak, hiri-altzariak, galdarak, eguzki-energia eta abar).
LK Enpresa: Zure eguneroko jarduna bizpahiru esalditan azaldu beharko bazenu, nola egingo zenuke?
J. R.: ETE familiar bateko gerente baten egunerako jarduera “diziplina anitzekoa” da literalki. Kostuak direla-eta, ETE batek ezin du askotan produkzioari edo ingeniaritzari zuzenean lotuta ez dauden lanpostuen egitura zabal bat izan, enpresa handi batek izan dezakeena bezalakoa, eta, hori horrela, arlo bat baino gehiago eraman behar dira aldi berean: Zuzendaritza, Giza Baliabideak, finantza-arloa edo Berrikuntza. Sarritan koordinatzea eta ikuskatzea da kontua, baina, batez ere, departamentu guztiak ildo nagusi berean eta bisio estrategiko bakar batekin lotzea, pieza guztiak puntuan jarriz eta lerrokatuz, puzzle bat balitz bezala.
LK Enpresa: Judith, metalaren sektoreko enpresa bateko gerentea zara. Azterlan baten arabera, estatuan sektore horretan lan egiten duten emakumeen % 30ek erdi-mailako lanpostuak edo zuzendaritza-lanpostuak dituzte, baina, aitzitik, oraindik ere oso emakume gutxi zarete guztira. Nola bizi duzue errealitate hori Rem-Irun?
J. R.: Normalean orain arte batez ere gizonak izan dira nagusi metalaren sektorean, zuzendaritzan zein produkzioan. Uste dut prestakuntza-zentroen lan handia, gizartean oro har izaten ari den mentalitate-aldaketa eta, ziur asko, metal-enpresen zuzendaritzan gertatzen ari den belaunaldi-aldaketa izango direla balantza orekaraziko duten faktoreak. Baina egia da foro jakin batzuetan minoria izaten jarraitzen dugula.
Rem-Irun –eta ezin zitekeen bestela izan– ez dugu sexuen arteko bereizketarik egiten edozein lanpostutan dela ere, eta urteak dira emakumeek zuzendaritza-lanpostu gehienak bereganatu dituztela (Finantza-arloa, Kalitatea, Produkzioa, Erosketak, Sistemak…). Jarrera- eta kualifikazio-kontu bat da, eta ez genero-kontu bat. Produkzioan zaila da emakumeak aurkitzea, une honetan % 30 dira, baina emakumeak sektore maskulinizatuetan laneratzeko Lanbideren programa batean kolaboratu dugu eta ustekabe pozgarria eragin digu izan duen harrerak, eta, horrenbestez, kopuru hori apurka-apurka gehitzea espero dugu.
LK Enpresa: Zalantzarik gabe, aurtengoa erronken urtea izaten ari da sektoreko enpresentzat. Nola islatzen da hori zuen eguneroko jardunean?
J. R.: Hiruzpalau urte oso gogor daramatzagu ETEek. Materialen kostu handiagoak eta eskasiak, zalantzek edo pandemiaren aldiak, funtsezko ustiapen-gastuen igoerak ETE industrial batentzat (argia, gasa..) eta langile kualifikatuak aurkitzeko zailtasunak ia 0ra murriztu dituzte ezinbestean marjinak, edozein desbideratze mota saihesteko proiektu bakoitza zehaztasunez aztertu behar delako nahitaez.
Krisi honi iskin egiteko bi modu besterik ez daude: gehiago saltzea edo hobeto saltzea. Egungo Rem-Iruren funtsezko helburuetako bat datozen urteei begira prozesuen automatizazioarena da eta, horrenbestez, enpresaren digitalizazioarena. Efizienteagoak izatea, produkzioari lotutako gastuak murriztea eta gure bezeroei zerbitzu hobea eskaintzea ahalbidetuko digu prozesuen automatizazioak. Berrikuntzan eta prestakuntzan inbertitzeko unea da, eta, batez ere, talentu-erakarpenean.
Zein da zure erreakzioa?