Enpresa guztiak al daude etorkizunerako prest? Ezagutu digitalizazioaren garrantzia
2021-02-26
Enpresa guztiak al daude etorkizunerako prest? Ezagutu digitalizazioaren garrantzia
Blockchain, biki digitalak, banatutako datu-baseak, big data, cloud, Adimen Artifiziala... Enpresen mundura bideratutako teknologia asko daude, eta ia egunero entzuten dugu horien inguruan hitz egiten, ia gainean dugun etorkizuneko joera bat baita. Baina, egia esan, oraindik ere egiteko asko dago digitalizazioa modu orokorrean ezartzeko, eta gure enpresa- eta ekoizpen-ehunari etorkizunerako prestatzen laguntzeko.
Paradoxikoa badirudi ere, pandemiak hauspoa eman dio azken urteetan geureganatzen hasita geunden eraldaketa digitalaren prozesuari, baina, salbuespenak salbuespen, bultzada hori telelanaren garapenera murriztu da.
Biztanleriaren herena, telelanean
CISek 2020. urtearen amaieran egindako inkesta baten arabera, inkesta egin dutenen herenak baino zertxobait gehiagok (% 36,6k) telelanaren aldeko hautua egin du osasun-krisialdiaren ondorioz. Ehuneko hori urtebete lehenago (2019an) zeuden telelangileena (% 4,9) baino askoz handiagoa da. Hala ere, igoera horren aurrean, enpresen errealitatea oso bestelakoa izan da. Accenture nazioarteko aholkularitza-enpresak egindako azterlan baten arabera, digitalizaziotik eratorritako prozesu adimendunek abantaila handiak dakartzate, baina oraindik ere ez da guztiz abiarazi. Azterlan horretan, aholkularitza-enpresak lau mailatan banatu du garapen teknologikoa: Egonkorra, Eraginkorra, Prediktiboa eta Future Ready. Eta azken maila horretara iristeak enpresen errentagarritasuna ia % 6 eta eraginkortasuna % 18 areagotu badezake ere, inkesta bete duten 100 enpresetatik 7k bakarrik erabiltzen dituzte egunero adimen artifiziala, cloud teknologia eta blockchain gisako tresnak, eta horiek bakarrik ezarri dute digitalizazioa prozesu guztietan. Hori horrela, azterlanaren arabera, “etorkizunerako prestaturiko” erakunde bihurtzeko –digitalizazioari dagokionez–, honako hiru bide hauek ditugu:
- Eskala handian automatizatzea, adimen artifizialaren erabilera egokituz.
- Pertsonen talentua teknologiarekin optimizatzea eta enpresen lana modu eraginkorragoan banatzea.
- Datuen zientzian oinarritzea, datu hobeekin eta anitzagoekin erabakiak hartzeko.
Digitalizazioak enpresei ekartzen dizkien abantailak Alderdi positiboa da enpresa-erakunde gehienek argi eta garbi identifikatzen dituztela digitalizazioaren abantailak; era berean, kapitulu horretan inbertitzeko asmoa agertu zuten, pandemia hasi aurretik behintzat. Europako bost herrialdetako 2.500 enpresa txiki eta ertainetan ETE-ei buruz egindako 2019ko Europako inkestaren arabera, ETE-en % 54k uste zuten haien lehiakortasuna teknologia berriak txertatzearekin lotuta zegoela; gainerako % 76ek eraldaketa hori lehentasunezkotzat jo zuten beren etorkizuneko jarduerarako.
Zergatik ez diote digitalizazioari ekiten?
Orduan, zergatik ez dituzte prozesu horiek ezarri nahi? Askotan, ezaguerarik eza izaten da arrazoi nagusia, bereziki negozio tradizionalen kasuan; dena den, hor dago mesfidantzaren faktorea ere, enpresa askok ez baitute hirugarrenen esku utzi nahi beren prozesuei edo bezeroei buruzko informazio garrantzitsua. Hala ere, enpresek arrazoi ekonomikoen ondorioz atzeratzen dituzte batik bat inbertsio horiek. Eraldaketa digitaleko prozesu bat abiarazteko, baliabide ekonomikoak jarri eta prestakuntzan inbertitu behar da, eta horrek nolabaiteko bertigoa sortzen du enpresen artean.
Enpresen konfiantza txikia
Horren erakusgarri dugu LABORAL Kutxak Euskadiko Enpresen Konfiantza Indizeari buruz egiten duen inkesta. 2021eko lehen hiruhilekoari dagokion azken txostenaren arabera, erakunde gehienek beren inbertsio-planak atzeratu edo aldaketarik gabe mantendu nahi dituzte ziurgabetasun ekonomikoa argitu arte, eta inkesta bete dutenen % 7,7k bakarrik uste dute plan horiek areagotu egin daitezkeela. Hala ere, digitalizazioa atzeraezina da ia edozein enpresa-erakunderentzat, hainbat arrazoi direla eta.
- Inbertsioaren itzulera azkarra bermatzen du. Gaur egungo egoera ekonomikoa larria izan arren, teknologian inbertitzeak, material-kostuak aurrezteak eta enpresako langileak gaitasun digitalen inguruan prestatzeak inbertsioaren itzulera bermatzen du epe labur eta ertainera.
- Lan-denbora optimizatu eta hobetzen du. Tresna digitalak eraginkortasunaren sinonimo dira, haiei esker, automatikoki egin baitaitezke bestela pertsona edo sail bati esleitu beharko litzazkiokeen eginkizunak. Gainera, hainbat arlotako pertsonen arteko lankidetza errazten dute, baita urrutiko lana ere, eta horrek erraztu egiten du hedapena.
- Prozesuak automatizatzeko aukera ematen du. Enpresen nahiz industriaren sektoreetan, tresna digitalek prozesuak automatizatzea eta langileak libratzea ahalbidetzen dute, horiek balio erantsi handiagoa ematen duten zereginak egiteko.
- Langileak estimulatzen ditu. Prestakuntza eta gaitasun digitalei buruzko ikaskuntza pizgarri handia da langileentzat, eta talentuari eusteko modu bat da, produktibitatea sustatzen laguntzen duelako.
- Enpresaren izen ona areagotzen du. Digitalizazioak berrikuntza, modernitatea, jasangarritasuna eta eraginkortasuna eskaintzen dizkio edozein enpresari, eta horrek izen ona areagotzen du bezeroen eta hornitzaileen artean.
Arrazoi horiek eta beste asko direla eta, enpresen eraldaketa digitalak aukera hutsal bat izateari utzi dio, eta aurre egin beharreko betebehar bat bihurtu da etorkizunean lehiakortasuna bermatzeko.
Zein da zure erreakzioa?