Erabili sinadura elektronikoa zure banku-gestioetan segurtasuna gehitzeko
2022-11-11
Erabili sinadura elektronikoa zure banku-gestioetan segurtasuna gehitzeko
Internet bidezko iruzurrak gehitzen ari dira azken urtean, pertsona partikularrei zuzendutakoak zein enpresei zuzendutakoak. Ziberdelinkuentzia aspalditxotik ari da hazten, bereziki pandemiaren ondoren, telelana gehitu zenean, baina Ukrainako gerrak are gehiago hazarazi du azken hilabeteetan. Identitatea ordeztea, datu-lapurreta eta phishinga dira ziberdelitu ohikoenetako batzuk. Horregatik inoiz baino kontu handiagoa izan behar dugu mehatxu horiek saihesteko eta gure datuak pertsona ezezagunei lagatzeko tranpan ez erortzeko, bereziki banku-datuak badira.
Ahal dugunean betiere antibirus eraginkor eta eguneratu bat erabiltzeaz gain, bada gure gailuen segurtasuna gehitzeko egin dezakegun beste gauza bat, batez ere zenbait eragiketa eta administrazio-lan egitean, hala nola fakturak ordaintzean: sinadura elektronikoa erabiltzea.
Zer da sinadura elektronikoa?
Dokumentu elektroniko batekin batera doazen edo hari lotuta dauden datu elektronikoen multzoa da sinadura elektronikoa, honako oinarrizko funtzio hauekin:
- Sinatzailea argi eta garbi identifikatzea
- Sinatutako dokumentuaren osotasuna ziurtatzea. Sinatutako dokumentua jatorrizkoaren berbera dela ziurtatzen du, eta ez duela alteraziorik edo manipulaziorik jasan.
- Sinatutako dokumentua ezin dela arbuiatu ziurtatzen du. Sinatzaileak sinatzeko erabiltzen dituen datuak bakarrak eta esklusiboak dira eta, horrenbestez, ondoren, ezin du esan dokumentua ez duela sinatu.
Zertarako balio du sinadura elektronikoak?
Nagusiki, hiru ezaugarri eskaintzen ditu erreminta honek Internet bidezko komunikazioan: sinatzailearen identifikazioa, datuen osotasuna eta ezin arbuiatua izatea.
Gainera, ugariak eta askotarikoak dira sinadurak dituen aplikazio praktikoak. Eguneroko bizitzan baliozkotuak izateko sinadura bat behar duten eragiketak Internet bidez egitera bideratuta daude oro har. Honako eragiketa hauek egitea ahalbidetzen du, besteak beste:
- Errenta-aitorpena Internet bidez egitea.
- Eskaerak administrazio-erregistro elektronikoetan.
- Lan-bizitzaren eskaera.
- Jakinarazpen elektronikoen harrera.
- Mezu elektronikoen sinadura.
- Faktura elektronikoen sinadura.
Nola lortu daiteke?
Dokumentu bat elektronikoki sinatzeko hemen lortu daitekeen ziurtagiri digital bat eduki behar da, edo NAN elektroniko bat. Agiri horiek sinatzeko beharrezkoak diren gako kriptografiko batzuk dauzkate. Ziurtagiri elektronikoek edukitzailea argi eta garbi identifikatzeko helburua dute eta ziurtapen-zerbitzuen hornitzaileek ematen dituzte.
Nola erabiltzen da?
Bitarteko elektroniko bidez erabili behar da nahitaez sinadura elektronikoa, bi modutan. Bi kasutan ziurtagiri elektroniko bat eduki behar dugu eta hemen ikusi dezakezu nola instalatu dezakezun.
- Zure ordenagailuan aplikazio bat deskargatuz: Kasu honetan zure ordenagailuan instalatzen duzun aplikazioa erabiltzen duzu sinatzeko, eta ez duzu Internetera konektatuta egon beharrik. Erabili beharreko aplikazioa AutoFirma da, Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioarena.
- Zuzenean Interneten sinatzea: Formularioak edo eskaerak sinatzen dituzunean erabiltzen da batez ere aukera hau, adibidez Administrazio publikoarekiko harremanetan. Baina zure dokumentu propioak ere sinatu ditzakezu VALIDe zerbitzuak eskainitako zerbitzuaren bidez.
Neurri horiek, zure online administrazio-prozesuen segurtasuna gehitzeaz gain, telefono mugikor bidez edozein tokitatik dokumentuak sinatzeko erosotasuna ere ematen dizute. LABORAL Kutxa zure segurtasunaz eta erosotasunaz ere arduratzen da zure banku-gestioak erabateko segurtasunez egin ditzazun.
LABORAL Kutxak inoiz ez dizu mezu elektroniko bakar bat ere bidaliko zure kreditu- edo zordunketa-txartelen informazioa eskatuz, ezta zure sarbide-gakoak edo banku-datuak eskatuz ere.
Horretarako gure sinadura-sistema propioak dauzkagu partikularrentzat, autonomoentzat eta enpresentzat. Eta gogoratu ezazu: Ez inoiz jakinarazi zure segurtasun-gakoa, eta aldatu itzazu aldian behin arruntak edo erraz deduzitzeko modukoak direnak.
Zein da zure erreakzioa?