Erosketa arduratsua eta 0 km-ko produktuak, errezeta jasangarria
2020-09-16
Erosketa arduratsua eta 0 km-ko produktuak, errezeta jasangarria
Marokoko lekak eta piperrak, Peruko zainzuriak, Kaliforniako intxaurrak… Supermerkatura joaten garen bakoitzean, zentimo batzuk aurrezten saiatzen gara, eta mundu osoko produktuekin betetzen dugu erosketa-saskia, hainbat faktore kontuan izan gabe, hala nola produktu horiek nola ekoizten diren, benetan nongoak diren eta tokiko ekoizleekin nola lehiatzen diren.
Hala ere, irizpide hori pixkanaka aldatzen ari da: ingurumenarekiko eta jasangarritasunarekiko kezkaren zein osasun- eta ekonomia-krisiak gure ekoizpen-ehunean izaten ari den eraginaren ondorioz, gure kontsumo-ohiturak aldatzen hasi dira. Joera-aldaketa hori hain sakona izaten ari da, non dagoeneko barneratu baititugu «erosketa arduratsua» eta «0 km-ko kontsumoko materialak eta produktuak» kontzeptuak, «tokiko ekonomia» termino zabalagoaren barruan.
Tokiko ekonomia
Funtsean, hau da tokiko ekonomia, labur-labur: komunitate jakin batek bere eremuko produktuen eta zerbitzuen kontsumoaren bidez garatzeko egiten duen ahalegina. Horrela, hainbat onura ditu:- Tokiko ekoizleen jarduerari eusten laguntzen du, eta aberastasuna ekoizpen-sistemara itzultzen dela bermatzen du.
- Oinarrizko zerbitzu publikoak mantentzen laguntzen du.
- Garapen jasangarria hobetzen du.
0 km-ko produktuak
Kontsumo-puntutik 100 kilometrotik behera ekoiztutako produktuak dira. 0 km-ko produktuek, hurbilen dagoen jarduera ekonomikoa sustatzeaz gain, beste alde on batzuk dituzte, nutrizio- eta ingurumen-arloetan, besteak beste. Hona hemen horietako batzuk:- Tokiko ekoizpena sustatzen du, eta horrek eskaintza eta irisgarritasuna hobetzen ditu kontsumitzaileentzat.
- Hurbileko produktuak direnez, distantzia luzeko garraioari lotutako kostua murriztu, eta produktua merkatzen da.
- Produktu freskoagoak dira, eta hobeto kontserbatzen dituzte beren nutrizio-propietateak.
- Erregai fosilen kontsumoa murrizten du, bai eta garraioaren ondoriozko berotegi-efektuko gasen isuriak ere.
- Bilgarri, plastiko eta baliabide natural gutxiago erabiltzen laguntzen du
- Sasoiko produktuen kontsumoa sustatzen du, eta hori oso alde ona da, produktu merkeagoak eta jasangarriagoak baitira.
- Produktuaren trazabilitatea bermatuta dago, eta denen eskura dago produktuen jatorriari, laborantzari, ekoizpenari, tratamenduari, transformazioari, biltegiratzeari eta abarri buruzko informazio osoa.
- Bidezko produkzio-eredu bat finkatzen du, langileen lan-eskubideak gehiago errespetatzen baititu.
Tokiko ekoizleak
Dena den, alderdi ekonomikoa ere garrantzitsua izan da; izan ere, beren produktuak online saltzen dituzten tokiko ekoizleak ugaritu egin dira, eskaria nabarmen handitu baita. Hona hemen gure inguruan 0 km-ko produktuak online saltzen dituzten tokiko ekoizleen adibide batzuk:- Baserria km 0. 300 baserritar inguruk osatzen duten kooperatiba bat da, eta, osasun-krisiak bultzatuta, haragikiak online dendaren bidez saltzea erabaki du.
- Barrenetxe. 1980an sortutako kooperatiba da, eta Euskadiko barazki tradizionalak ekoizten ditu, trazabilitatea bermatzen duten laborantza-teknika jasangarriak erabiliz.
- Uagalur. Arabako nekazaritza-sektoreak sustatutako ekimena da. Tokiko eta sasoiko produktuak ekoizten ditu, eta bitartekaririk gabe saltzen ditu.
- Baserritik Gernikara. Gernika inguruko ekoizleek sustatutako ekimena da, eta sasoiko tokiko produktuak eskaintzen ditu.
Zein da zure erreakzioa?